145.200 langabe Euskal Herrian

145.200 langabe Euskal Herrian –

145.200 langabe Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 15.000 gehiago (INE)

145.200 langabe Euskal Herrian2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %9,88koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino handiagoa (+0,56). EUSTATen arabera, ordea, langabezia tasa apaldu egin da (-0,84) eta %9,64an kokatzen da. Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, bi iturriak bat datoz langabezia tasaren igoerari dagokionez.

Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu lurraldearen arabera. INEren datuei jarraiki, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia tasak gora egin Gipuzkoan (+1,95) eta Bizkaian (+1,01) nabarmenki, eta, modu apalagoan Araban (+0,23). Aldiz, Nafarroa Garaian langabezia tasaren jaitsiera txiki bat izan du (-0,14), eta langabeziaren jaitsiera handiagoa izan da Ipar Euskal Herrian, udako sasoiari loturiko enpleguari Hego Euskal Herrian baino hobeto eutsi izana tarteko.

EUSTATek berriki kaleratutako datuen arabera, ordea, 2020ko bigarren hiruhilekoaren konparazioan langabezia tasa apaldu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2020ko negu amaieratik osasun krisiak ondorio nabarmenak ditu Euskal Herriko lan merkatuan eta iturriak ez datoz bat zenbait joeratan. Berrogeialdiak ezohiko egoera eragin zuen lanik gabeko pertsonak eta pertsona aktiboak zenbatzerako orduan: 2020ko bigarren hiruhilekoan EUSTATek Euskal A.En INEk baino 20.000 langabetu gehiago zenbatu zituen. Aintzat hartu behar da Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko langileak landun gisa zenbatzen direla. Horrek langabezia egoeratik kanpo uzten ditu milaka landun.

Azken hiruhilekoan, ordea, EUSTATek biztanleria langabearen eta aktiboaren jaitsiera gertatu dela adierazi du, INEk langabetu zein aktiboen igoera nabarmena irudikatu duen bitartean. Hala, INEren arabera aurreko hiruhilekoan baino 44.700 pertsona aktibo gehiago daude Euskal Herrian, baina EUSTATen datuetan igoera hori 2.400 pertsonara mugatzen da. Bestalde, Ipar Euskal Herrian aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabetuen jaitsiera nabarmena izan da, baina uda garaian lana bilatzen aritu direnen kopurua beste urte batzuetan bezalatsu mantendu da. Edonola ere, aurrerago modu xeheagoan berrikusi beharreko datua da.

Osasun larrialdiaren testuinguruan Europan langabezia tasaren igoera nagusitzen ari da. Igoera garrantzitsua izaten ari da Italian eta Portugalen, eta baita Danimarkan, Alemanian, Kroazian eta Espainian ere. Azken datuen arabera Europako herrialdeen artean Espainiak du langabezia tasarik handiena (%16,3). Ikusteke dago datozen hilabeteotan zein izango den osasun larrialdiaren bilakaera eta horrek enpleguan izango duen eragina. Halere, gaur gaurkoz, Euskal Herriko langabezia tasa EB-27an baino 2,6 (INE) eta 2,3 (EUSTAT) puntu handiagoa da. Europan Espainiak (%16,3), Greziak (%16,0) eta Kataluniak (%13,2) dute Euskal Herrikoa baino langabezia maila handiagoa.

145.200 langabe Euskal Herrian

 

145.200 langabe Euskal Herrian