11 urte eta 3 hilabete

Ondoko testutxo hau duela 2 hilabete idatzita dago. Idatzi eta berehala ez publikatzea erabaki nuen, mundu guziari nire kaleratzearekin matraka ematen nenbilela iruditu zitzaidalako; orain, baina, ilusioz gainezka nagoen egoera berri  honetatik testua irakurrita, pena edo, eman dit izkutuan uztea, beraz hemen duzue.

11 urte eta 3 hilabete. Hori da bi argazki hauen artean pasa den denbora; hori da Argazkipresseko argazkilari izan naizen tartea.

Donostia. 2002-01-02 Gari Garaialde

 

***

Ordizia. 2013-03-24 Gari Garaialde

Lehenengo argazkia 2002ko Urtarrilaren 2ean dago aterata, Donostiako Bretxa merkatuan; Euroa funtzionatzen hasi eta jendeak txanpon berria eskuetan egindako lehen erosketak argazkitan hartzeko burututako lanean. Hau izan zen Argazkipresseko langile izanik KLIK egin nuen lehenengo aldia. Bigarrena aldiz, 2013ko Martxoaren 24ean ateratakoa da, Ordizian, bertako errugbi taldeak Cajasolen aurka jokatutako partidan egindakoa, Argazkipresseko langile izanik egindako azken KLIKa.

Esan bezala, bi argazki horien artean 11 urte eta 3 hilabete pasa dira eta 200.000 bider baino gehiagotan egin dut KLIK agentziak eskatzen zizkidan lanak argazkitara ekartzeko. 11 urte eta 3 hilabete, hamaika lagun ezagutzeko parada eman didatenak; hamaika buruhauste, hamaika hasarretze, hamaika liskar eta ehunka, milaka poz eta momentu gogoangarri. Hamaika kazetarirekin egin dut topo, batzuekin beti konpondu izan naiz ongi, beste batzuekin gora-beherak izan ditut eta, ustez, gutxi batzuekin ez dut sekula konektatzea lortu. Hamaika lagun elkarrizketatu dut, horietako batzuk argazkia argitaratuta ikustean pozik gelditu direla ere esaten da hor barrena, baina beste batzuek, nola ez, argazkia ikusi eta ‘argazkilari alua’ pentsatuko zuten. Hamaika aldiz jo naute kolore ezberdinetako poliziek, hamaika aldiz meatxatu naute argazkitan atera nahi ez zutenek eta hamaika aldiz geratu naiz argazkirik egin ezinik. Hamaika esatera nindoan baina hamaikamila prentsaurreko kubritu ditut, hamaika aldiz esan diot norbaiti ‘begiratu txoriari’ eta hamaika aldiz egin dut ‘txori horri ez!, kamerari’ esateko bromatxoa. Hamaika aldiz esan diot lankideren bati ‘kekabron, ederra fotoa!!’ eta hamaika bider esan dit beraietakoren batek ‘kekabron, ederra fotoa!’. 11 urte eta 3 hilabete.

Amaitu egin diren 11 urte eta 3 hilabete izan dira, amaitu egin dizkidatenak. Hemen ez da ezer ere bukatzen ordea; aldaketarako garaia da, gauza batzuk sekula ez dira berdin izango, ez dira gehiago izango, baina beste batzuk izango dira. Argazki baten azpian, nere izenaren ondoan Argazkipress jartzen zuen garaia amaitutzat eman dezakezue, baina ez dudarik izan argazkien azpian nere izena ikusten jarraituko duzuela, egiten dudana asko maite dudalako, besterik egiten ez dakidalako eta oraindik zulotxotik begiratzeak jarri egiten nauelako; jarri, ipini, paratu, nahi duzuen bezala deitu.

Orain libre naiz. Libre lanak nik lortzeko; libre, interesgarria deritzodanari argazkiak egiteko; libre, munduari herri hau erakusteko, libre lana egiteko, libre lanik ez egiteko, libre gosez hiltzeko…

Zuen baimenarekin, hemen bukatuko dut testutxo hau, eta Gari (bestea, kantaria) jarriko dut kantari altabozetan:

… ematen du joan direla hamar urte, ematen du joan direla beatzi hilabete, atzo izan zela ematen du…

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.