“Itotze ekonomikoaren bitartez euskararen aldeko mugimendua desagerrarazi nahi du Nafarroako gobernuak”

Paul-InakiNafarroako gobernuak 2012rako aurkeztutako aurrekontu proposamena aztertu du Kontseiluak. Ondorio nagusi bat atera du azterketa egin ondoren, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez: “aurrekontu proposamenak berez murritzak ziren 2011ko aurrekontuak gehiago murriztera datoz”.

Hizkuntza gutxiagotu bat normalizatzeko baldintza egokiak behar direla azaldu du Bilbaok;  baldintza sozialak, politikoak, juridikoak eta nola ez ekonomikoak ere. “Gaur egun, alor juridikoan euskararen normalizazioa egituratzen duten legeak (Vascuencearen legea) eta dekretuek euskararen sustapena baino haren normalizazioaren eragozpena dakarte. 25 urte beteko ditu aurten lege horrek eta euskararen garapenari egin dion kaltea kalkulaezina da”.

Gaurkoan, baldintza ekonomikoei buruz hitz egin du Kontseiluak, izan ere, 2012ko aurrekontuei begira Nafar Gobernuak prestatutako aurrekontu proposamena aztertu du. “Aurrekontu proposamenak berez murritzak ziren 2011ko aurrekontuak gehiago murriztera datoz”, aipatu du Bilbaok ondorio nagusi moduan. “Euskarari eskaintzen zaizkion baliabideak hutsaren hurrengoa dira eta horien bitartez euskararen aldeko mugimenduaren itotze ekonomikoa bilatzen dute,  horrela desagerraraziko dutelakoan”.

Politika hau UPNren garaian areagotu den politika izan dela aipatu du Bilbaok, “baina, aitortu behar dugu Nafarroako Euskalgintzak ez duela inoiz baldintza ekonomiko egokirik izan bere lana duintasunez burutu ahal izateko. Baldintza ekonomiko latzetan lan egiten dute euskaltzaleek azken 25 urteotan”.

Iñaki Lasak, ildo politiko instituzionaleko arduradunak esan duenez, “Euskarabidea euskararen sustapenerako erakundea baino gehiago, euskararentzako dirua xahutzeko makina bihurtu da. Izan ere, 2011an aurrekontuaren % 66,63 eramaten zuen pertsonal eta ohiko gastuetan eta 2012an % 72,44, hau da 4 eurotik 3 Euskarabideak berak gastatzen du. Euskara sustatzen ari direla gezur handi bat da, 37 langilek eta beren gastuek eramaten dute Euskarabidearen diru osoaren hiru laurden. Kontseiluaren ustez lotsagarria da egoera hau. 2.318.934 € banatzeko nahikoa da idazkari bat kontratatzea eta horrela nabarmen hobetuko lirateke euskararen alde benetan lan egiten duten euskaltzaleen baldintzak”.

“Aurrekontu proposamena bere osoan txikiagoa dela egia bada ere, era berean, egia da krisiaren aitzakian euskararen partidei aplikatzen zaien murrizketak aisa gainditzen duela krisiaren logika” esan du Lasak. Eta datu batzuk ere aipatu ditu 2011koekin alderaketa eginez; euskaltegiei dagokien partida, adibidez, %29 murriztu dute, hizkuntzaren aldeko kanpainek %21,4ko murrizketa izan dute eta hedabideen partida desagertu egin da (ikus 1. taula).

“Edozein kasutan, urte batetik besterako kalkuluek egoeraren larria ezkutatzen dutela uste dugu. Izan ere, perspektiba handitzen dugunean konturatuko gara zein izan den partida horien bilakaera”, esan du Lasak eta datu batzuk gehitu ditu; “euskaltegien partida 2008an 510.00 €koa zen;  Hizkuntzaren aldeko kanpainak 2008an 110.000 €koa zen eta hedabideena ordea, 2008an ere, 310.000 €koa zen.  Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu sektore honekin gertatzen dena eta ez bakarrik partida desagertu delako baizik eta, 2011ko bigarren epealdiari dagokion exekuzioa % 35ean murriztu dutelako. Euskal prentsa deseroso zaie nonbait”.

Lau urteko epean erdira edo zerora jaitsi dira partida garrantzitsuak. “Dudarik ez dugu, horrek ez duela zerikusirik bizitzen ari garen krisi egoerarekin. Krisi egoera baliatzen ari da UPN eta PSNren Gobernua euskararen aldeko mugimendua ekonomikoki itotzeko”, esan du Iñaki Lasak.

Eta beste adibide bat ere jarri du; “esaten dugunaren beste adibide bat 421 programan aurki dezakegu. Programa hizkuntzen irakaskuntzaz ari da besteak beste. Bertan, 3 diru sail aurki daitezke, honako hauek alegia: Euskara (182.968 €), Ingelesa eta atzerriko hizkuntzak (901.400 €) eta Gaztelania (30.570 €). (ikus 2. taula) “Oso agerikoa da gure ustez, hizkuntzen arteko desoreka eta oso nabarmen gelditzen da gobernu honen politika zein den. Kontseiluari guztiz onartezina iruditzen zaio egoera hori, are gehiago ikusten dugunean TIL eredua, lehenago British ereduarekin gertatu bezala, porrotera doan eredua dela”, azaldu du Lasak.

Egoera honen aurrean Kontseiluak bere itxaropena baldintza sozialetan jarrita dituela esan du Paul Bilbaok, “jakin badakigu, orain arte herri ekimenez sorturiko proiektuek ekarri dutela aurrerabidea eta erabat konbentzituta gaude etorkizunean ere horrela izango dela. Euskaraz bizi nahi duen jendeak bere eguneroko jardunarekin egoera tamalgarri hau alda dezakeela uste dugu eta mezu horixe transmititu nahiko genuke”.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.