Ziurtasun osoz diotsut: ez dakit

Ziurtasun osoz diotsut: ez dakit –

Orain dela aste batzuk ordenagailua zerbitzu tekniko batera eraman nuen eta beharrezko frogak egin ostean, ordenagailua osasuntsu zebilela ebatzi zuten. “Zergatik kontsumitzen du orduan horrenbeste memoria?” galderari sorbaldak altxatuz erantzun zidan informatikoak. Ez zekien. Posible da tipo hark niri azalpenak emateko denbora, gogo edo soldata nahikoa ez izatea. Baina harritu egin ninduen erantzuten ez jakiteak, ez dakitela onartzen duen profesionalak urriak baitira.

Normalean batere argigarriak ez diren erantzun lausoak ematen dituzte (ditugu, ejem). Parean tokatu zaizkidanak gogoratzen ibili naiz: itoginak nondik zetozen jakin ez arren “azalpen” erdi-logiko bat eman zidan iturgina, hileroko kopa zer zen jakin ez eta kontrako bere iritzia eman zidan ginekologoa, saio bakoitzean diagnostikoz aldatzen zihoan osteopata, egindako galderari erantzuten ez dion azalpena ematen duten irakasleak… Jabetzen ote dira hauek denak erantzuna asmatzen dabiltzala?

Egiaz… denok al gabiltza bizitzan jakitun plantak egiten? Heldutasuna hori ote da, erantzunak badakizkizula sinistaraztea? Fake it until you make it (itzulpen librea: itxurak egin, itxura hartu arte) etengabe bat da homo sapiens garaikidea?

Ziurtasun osoz diotsut: ez dakitEgia esan ez da harritzekoa, eskolan urteak ematen baititugu badakigula frogatzen ikasten. Hezkuntza sistema horretan oinarrituta dago: erantzunak badakizkizula frogatzean. Eta bidean zerbait ulertzen baduzu, zorionak eta bejondeizula. Erantzuten jakitea eta ulertzea ez baita gauza bera. Dotrina honen ondorioz, denoi geratu zaigu barruan eskua altxatuta eta “nik badakit! nik badakit!” dioen haur urduri hura, irakaslearen oniritzia jasotzeko larri. Imajinatu eskolako urte guztietan, lan eta azterketetan, dakiguna frogatu ordez, ulertu ez dugun guztia azaltzeko aukera eman izan baligute.

Erantzuten jakitea hain da inportantea da gure kulturan, horretara propio dedikatutako adituen klase sozial oso bat asmatu dugula. Ez dakigu zehazki (sorpresa) zerk bihurtzen duen norbait aditu tituluak ere auzitan dauden garaiotan, baina ziurtasunez eta logikaren antza duen arrazoibide batekin emandako haien azalpenak behar ditugu. Ziurtasun-gose gara eta erantzunak nahi ditugu orain. Erantzunoimanoak gara, barrutik “WTF?” etengabe batean bizi bagara ere.

Ziurgabetasun konpartituaren dosiak behar ditut nik ba, zer nahi duzue esatea, gizakixeago sentitzeko-edo. Behar ditut ‘ez dakit’ gehiago nire bizitzan, entzun nahi dut ‘ez dut piperrik ulertzen’ sarriago, aldarrikatu nahi dut noizbehinka ‘ze hostia esan nahi du denak, zer da bizitza’. Oihukatu nahi dut: EZ DUT BITCOIN-A ULERTZEN. Mundua desagertu da? Ez, ezta?

Chimamanda Ngozi-k hitzaldi batean dioen bezala: «Izan ausartak “ez dakit” esateko. Onartzen den ezjakintasuna aukera bat da; ukatzen den ezjakintasuna ate itxi bat. Ausardia behar da ez dakizun hori onartzeko.»

Ziurtasun osoz diotsut: ez dakit