Zirt edo zart

Ez dakit ezagutzen ote duzuen nire ume maiteenetako bat, sukaldean.com deitzen da.

header.jpg

Ez zarete hainbeste ere erabiltzaileak, baina komentzituta nago sekulako erreminta dela: milatik gora errezeta bikain euskaraz, errazki aurkitzeko moduan emanak. Nik dakidala, ez da beste halakorik inon.

Nire asmoa zen, euskarazko errezeten biltegi erreferentziazkoa bihurtzea sukaldean.com Interneten. Denborarekin, errezeta gehiago argitaratzen joatea eta argazki ahalik eta ederrenez hornitzea. Erabiltzaileek eurek ere egin zezatela ekarria, eta dena bertan txukun-txukun pilatzen joatea, nahiz eta gero masajistak kendu beharko didan teklatuan harrapatutako beso-sorbaldetako tendinitisa, airean jarri nuenean gertatu bezala. Baina diodan bezala, galduta nabil.

Zirt edo zart egin beharrean nago. Lagunarteko kalapita baten ondorioz, bakarrik geratu naiz kontu honetan, eta ez daukat oso argi zer egin. Aukera daukat katxarroa neuk gorde eta aurrera segitzeko, neuk erositakoa baita domeinua, baina, egia, zalantzak ditut.

Kontatzeko tresnek diotena ulertu ere ez dut egiten, erabiltzaile batzuk ibili bazabiltzate, hala ere. Hementxe jartzen dizkizuet datuak agerian. Egin klik, hala nahi izatera.

screen-capture.png

Kopurua ez da aski publizitateren bat kontratatzen hasteko, eta lana eta lana baizik ez da geratzen niretzat. Eta gastu apur bat ere bai, dena esan behar bada. Feedback gutxi jasotzen dut, gainera, inortxok ez baitu aipatzen edo eskertzen ahalegin hau.

Zer egingo zenuke zeuk nire lekuan?

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

20 pentsamendu “Zirt edo zart”-ri buruz

  • weissmuller 2009-01-14 15:26

    banaketak beti dira garratz eta desatsegin, animo!

    zure/zuen errezetak beti izan zaizkit lagungarri. paperean hasieran eta interneten ondoren. jarrai ezazu “glotonio” antzeko blogarekin, gustoko nuen arikuloak irakurri lerde daiola amaitzeko…

    zorionak sukaldarien pelikulengatik. mugaritzena zoragarria iruditu zitzaidan. portzierto, ikusi al duzu “el pollo, el pez y el cangrejo real”? okso ona benetan.

  • Bai, ikusi nuen. Ez zitzaidan hainbesterakoa iruditu. Askoz hobeak dira HARATAGO saioan, ETB3n, astelehenetako gaueko 22etan bota ditugunak, Bras, Gagnere, Guérard… eta horiei buruzkoak.

  • Nik jarraitzeko eskatuko nizuke. Nik sukalden ez dut askorik egiten (eta egiten duten gauzek ez dute errezetarik behar; entsaladek eta arrautza bariatuek) baina zerbait egitera ausartu naizenetan zuretik hartu ditut aholkuak eta zinez ondo atera zaizkit lanak.
    Eta klaro, ez dut eskerrik asko esateko ere idatzi, ez zoriontzeko ere.
    Eta klaro, ni ez nago ezer aportatzeko sukalde gaitan.
    Orain, uste dut dagoenari eutsi beharko litzaiokeela, eta berrikuntzak gutxiagotan izanagatik egiten jarraitu beharko litzatekeela. Eta gastuak kitatzeko Amurizak edo wikipediak egin duen bezala kontu korronte bat zergatik ez jarri? Eta nahi duenak egin dezala bere aportazioa. WIkipediari funtzionatu dio eta Amurizari ere baietz ematen du…

  • Eskerrik asko, baina ez dut uste hori egingo dudanik. Zer eskatu beharko genuke: errezeta bat darabilzun bakoitzean ingresatu 10 xentimo halako kontutan, mesedez eta faborez, Jainkoaren izenean? Nire irudikotz, katxarroak aski potentzia behar luke berez finantziatzeko, interesgarria behar luke izan erakunde batek babesteko edo enpresaren batek “bere” egiteko: Baqué, Eroski, Sunsunkorda… Erabiltzaileak doan behar du, bihotzeko minik eragiteke. Bestenaz, akabo. Ez dakit, egia esan.

  • Ni ere gutxi ibiltzen naiz sukaldean, eta beraz ez dut sukaldean.com-en behar handirik izan. Ezagutu nuenetik iruditu zitzaidan ideia ona, eta publiko dexente zabal batera iristeko potentziala zuela. Ez dakit zer egingo duzun azkenean, baina nik behintzat estimatzen dut egindako lana. Mila esker eta animo!

  • Aupa,

    Ni ere ez naiz sukaldaria, baina soziedadean sartu nintzenetik, sarri sarri ari zait egokitzen lan hau. Beti amari galdetu izan diot, baina telefonoko solasaldiei, hasi berri honek behar izaten duen zehaztasuna falta zaie. Niretzat oso oso lagungarria izan da sukaldean.com, eta egundoko zuloa igarriko nuke itzaliko balitz.

  • Hitzegin Berriakoekin, ea zer dioten, agian akordio batetara iritsi zaitezkete. Bestela, zuk esan bezala, hitzegin enpresaren batekin. Zuk esandakoez gain, badago mordoa: Ezeiza, angulas aginaga, koipe, Alkorta ardoak… (hauek oraintxe okurritzen zaizkidanak…)

    Edo eusko labelekoekin, agian, zortea dago…

    Mila irtenbide daude, baina Hasier, mesesdez, ez akatu sukaldean.com.

  • Sukaldean hutsaren hurrengoa naiz, baina zerbait zaila (zaila niretzat, patata tortilla ad.) egin nahi izan dudanean sukaldean.com gunera joan naiz.

    Izan untsa!

  • Hasier, nik ez daukat hauetako hozkailurik (http://img.xataka.com/frigo_internet.jpg) eta, beraz, gurean erosoago (eta oso maiz) erabiltzen dugu zuen liburua (bikaina, por tzierto). Sukaldean.com ezagutu nuenean ere hor ibili nintzen batari eta besteari erakusten, ideia berria eta produktu bikaina iruditzen zait eta. Hala ere, ez dut asko erabili (halako batean goiko hozkailuaren gisako bat erosiko dut…), webgunea liburua baino lehen argitaratu izan balitz… Kk-zk jartzen baduzu egingo dut nire ekarpentxoa eta aurrerantzean, lotsa alboratu eta saiatuko naiz errezetaren bati aldaera xumeren bat edo proposatzen…

  • Aupa Hasier,
    nik nahikotan erabiltzen dut sukaldean.com, etxean zerbait prestatzea tokatzen zaidan gehienetan behintzat (eta funtzionatzen du, aizu, sukaldean ni naizen paketearekin!).
    Alde horretatik, beraz, zalantzarik gabe eskatzen dizut bere horretan mantendu dezazula.
    Baina bestetik, ez dut kontrolatzen horrelako webgune batek zenbateko gastuak eta mimoak eskatzen dituen, edo zuri zenbat lo-ordu kenduko dizkizun webgunea martxan izateak. Ezjakintasun horretatik, bat egiten dut lehenago Izaskunek bota duen aukerarekin; Berria benetan aukera ona iruditzen zait.
    Animo!

  • Hasier: nik ere askotan erabili dut sukaldean.com, txerrikumearen azalak kirrisk-korrosk nola utzi edo, besterik gabe, lupia prestatzeko dudaren bat izan dudanean. Jarraitzeko eskatuko nizuke, duda barik.

  • Jon Abril

    Aupa Hasier,

    ba nik maiz erabiltzen dut sukaldean.com. Nire laster-marken barran ere badago! Ez da urtebete emantzipatu nintzela. Sukaldean ibiltzea betidanik gustatu izan zait aunitz, eta aitortuko dut, nahiko ongi moldatzen naizela. Baina lan kontuengatik, nagusiki, nahi baino gutiago aritzen naiz. Hortaz, zalantzak ditudanean, zerbait berritzailea nahi dudanean… ama eta sukaldean.com dira nire kontsultarako lekuak.

    Egia da, bidenabar, horrelako proiektu pertsonalek ahalegin handia eskatzen dutela. Seguraski, ekonomikoa izanen da gainditzen errazena (ez diot erraza izanen denik, baina tira). Ulertzen dut zure animoa (edo animo falta!), baina horrelako altxorra galtzea lastima litzateke! Horrelakoak gure hizkuntza gutxituan bakarrik gertatzen dira.

    Ondarea desagertu aitzinetik inoren esku uztea litzateke egokiena. Edonola ere, deigarria da, bere burua hain tripazaletzat duen herri honetan inor ez egotea laguntzeko prest. Jaurlaritzak ere sekulako dirutza paratu du sukaldariek euren ikerkuntza egin dezaten, izena oroitzen ez dudan sukaldaritza zentro teknologiko moduko batean.

    Errezetarik ez (horiek sukaldean.com-en!), baina egiten duzuna egiten duzula, ulertuko dut, eta eskertuta orain arteko lana. Ia irtenbideren bat agertzen den. Eta zergatik ez eitb.com-eko On Egin atala ordezkatu?

  • Walter Oskoz 2009-01-16 12:47

    Aspaldiko!
    Nik ere hartu izan ditut zeuenetik errezeta bat edo beste (gure ama oraindik ari da galdezka behi zaharraren txuletak prestatzen baizik ez zekien honek nola demontre asmatu zuen halako arkume goxoa labean egiteko).
    Zer diren kasualitateak, herenegun irentsi nuen “Porca memoria” (bikain cum laude), atzo sartu nintzen Glotonian (eta Daviden agurra ikasi) eta bihar berriro daukat ama etxean (semearen urtebetetzea da eta neronek etxeko tribu osoa bazkatzen dut -16- ) eta gaur arratsean horixe egin behar nuen: sukaldean.com-en zerbait bilatu eta iazko arkumearekin izandako arrakasta errepikatzen saiatu.
    beste noizbait eta beste alter egoarekin aipatu izan dizudanez, egia da ez dakigula jasotako “mesedea”, gozamena edota dena delakoa esaten, adierazten edo eskertzen garaiz. Gero denbora pasatzen da eta jada ez gara ausartzen edo ez dugu asmatzen esan behar genuen hori esateko.
    Pena da izan dezakezuen etsipen puntua. Nik ez dakit zenbatzaileak badabiltzan ongi edo zer kristo. Baina bai, beste alde honetan bada norbait.
    Kontua da euskaldunok garela eta lotsati xamarrak ere bai (alkoholaren parametro estandarrak gainditzen ditugun arte).
    Portzierto (beste kointzidentzia bat), teklatua utzi eta banoa korrika masajistarengana aspaldi izorratutako “golfari ukalondo” honek igurtzi batzuk har ditzan.

  • Julen Aseginolaza 2009-01-16 15:53

    Izango da, bai, prentsaurreko baten truke arazoa konpontzeko prest dagoenik. Batez ere martxoa baino lehen.

  • Mesedez, arren eta otoi, jarraipena emaiok… idazten poliki moldatzen haiz… Ez haiz ba idazle izango, ezta?
    Gauza batek ematen dit amorru.
    Sukaldaritzak gure herrian duen tradizioa izanda, munduan duen izena edukita, eta hamaika sukaldari euskaldun goi-mailako daudelarik, hirea izatea sukaldaritzaren inguruko produkturik txukunena lastimagarria da, ez hiregatik, ez horixe (eskerrak hiri!) gure sukaldari euskaldunen eta gure instituzioen aldetik baizik.
    Emaiok egurra, plis.

  • Uste dut hemen egin den lana goraipatzekoa dela. Horrelako proiektuak eta gehiago behar ditugu euskaraz, eta pena litzateke orri hau desagertzea.

    Baina ez nator bat Hasierrek esaten duenarekin, edo agian esaten duen moduarekin.
    Hau ez da errezetak eskaintzen dituen orri bakarra, badaude gehiago.

    Batzuk xumeagoak:
    http://www.pnte.cfnavarra.es/kzeta/errezetak/errezetak.htm
    http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Gastronomia
    http://www.aikor.com/txokoa/errezetak/72-Gabonetako-Postrea.html

    Beste batzuk landuagoak:
    http://olaiaren-sukaldea.blogspot.com/
    http://www.blogari.net/errezetak
    http://www.karlosnet.com/Kaixo/sarrerak.php
    http://www.gastronomiavasca.net/recipes/index

    Orri hau, bestalde, ez da euskara hutsez sortutakoa, alboan “recetania” erdarazkoa baitu, nahiz eta horrek ez dion inongo ezta inondik ere DUEN BALIOA kentzen.

    Azkenik, lehen ere izan dira beste proiektu batzuk aurrera egin ezinik gelditu direnak, hala nola euskara SukaldeON.org izena zuena, euskara hutsez sortu zena eta errezetak biltzeaz gain euskaraz etiketatutako produktuak, jatetxeetan euskarazko zerbitzua … eta abar sustatu nahi zituena.

    Dena den, batak ez du bestea kentzen, eta hasieran esan bezala, uste dut orri honek eta bere sortzaileak merezi dutela aurrera egitea, eta hazitzea, eta hobetzea, eta bere inguruan gehiago sortzea, … Nola?

    “Euskal” sukaldarien benetako apustu baten bidez! “Lomejordelagastronomia” eta antzeko proiektuetan ‘euskal’ sukaldariek egiten duten inbertsioaren laurdena hau bezalako proiektu batean ere egingo balute …. Egina legoke!!!
    Agian bada ordua beraiei ere zerbait eskatzekoa!! Gastronomiaren inguruan zale asko gaude (Hasierren modukoak), sukaldeko profesionalak izan gabe EUSKAL gastronomia bultzatzeko ahaleginetan, geure txikitasunean eta ‘militantzian’ (hitza demodé baldin badago ere).
    Has bitez, bada, profesionalak ere!
    Agian erronka serio bat bota behar zaie, agian bota dakieke. Agian Hasier bera, duen izenagatik, edota Hasier eta beste batzuk bota dakieke !!!
    Agur bero bat.

  • Iñaki, nola esaten da “animadversión” euskaraz?

  • Aupa! Nik ere ez dut egunero sukaldean.com bixitatzen, baina bai bazkari edo afari berexi bat prestatu nahi dudanean. Gustoko dut zuen webgunea. Atsegina eta ulergarria da.
    Erraza da jarraitzeko eskatzea, baina badakit zaila dena. Gainera askoz zailagoa lagunarteko banaketa batetik abiatuta. Baina jakin zazu erabiltzen dugula eta maite dugula.
    Animo!!!

  • Konatxe,
    Elhuyarren hiztegian “animadversión” hitzaren esnahaia: ezinikusi, gorroto, herra, aiher, gaitzerizko.

    Galderarekin adierazi nahi duzuna baldin bada nik ezinikusia edo gorrotoa diodala norbaiti, Hasierri edo euskal sukaldariei edo … Oker zaude.

    Hasier pertsona biziki interesgarria iruditzen zait, ekiten duena eta arriskatzen duena. Web-orri hau ere biziki interesgarria eta baliagarria iruditzen zait (baina ez da bakarra), eta galera litzateke desagertzea.

    Euskal sukaldariak egiten ari direna, zer esanik ez, berritzailea eta garrantzitsua da erabat (baina zenbatek daukate karta eta zerbitzua euskaraz?).

    Beraz, nola egin orri hau bezalako proiektuek aurrera egin dezaten?

    Nire ustez, sukaldarien ENPRESEN (puntako jatetxe gehienen atzean bestelako lanak egiten dituzten egitura enpresarialak daude) inplikazioa beharko litzateke. Sukaldari horiek jabetu behar dute bere MARKAren barruan balio bereizgarri eta erantsia dela euskaraz agertzea, eta horretarako gastronomia espazioak euskaraz garatu behar direla. Eta hori guztia, gainera, kalitatea eta zerbitzua ere badela.

    Eta iruditzen zait Hasier bezalako pertsona batek, duen izen eta ibilbidearengatik, eta ziur aski lagunduta beste batzuekin batera, zentzu horretan urratsen bat eman zezakeela.

    Eta hau guztia, berak egindako galderari erantzun nahian egindako ekarpen xume bat da, besterik ez. Ongi izan.

  • lantalanlapikotan 2009-01-20 00:00

    Sukaldean.com-en erabiltzaile xume gisa SUTSUKI eskatuko nizuke Hasier, berau bertan behera ez uzteko. Eskerrikasko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude