“Zer gertatzen da ezer gertatzen ez denean?”

Gogo handiz irakurri dut gaur Berrian, Jon Benitok Slavoj Zizeki egindako elkarrizketa. Interesgarriak dira pentsalari esloveniarrak planteatzen dituen ideiak, ados egon ala ez. Azken galderan biolentziaz egiten zuen irakurketak neuronak esnatu dizkit kasik Amaloiko kafeak baino gehiago.

Honakoa zen Benitoren azken galdera: “Garai hauetan biolentziak sistemak legitimatzeko berme izaten jarraitzen du. Baina erresistentziarako tresna ere izan daiteke oraindik?” Naturala den eran, Euskal Herriko gatazkarekin lotu dut segituan planteamendua.
ETAren jardun armatuaren eta euskal independentismoaren kale erresistentziaren erabilpena nabarmena izan da eta da Espainiar Estatuaren partetik, mugimendu politiko oso bat deslegitimatu eta bide errepresibo administratiboak legitimatzeko. Ankerkeria bihurtu dute normaltasun, toxikatu gaituzte herritarren erreakzioak neurri handi batean neutralizatuaz.

Zizekek Londreseko ikasleen protestak jartzen ditu adibide bezala. Azaltzen du ikasleek leiho batzuk hautsi zituztela eta gaiak oihartzuna izan zuela hedabideetan. “Erraza da gaitzestea”, dio, “baina leiho pare hori hautsi gabe ez ziren albistegietako berri nagusia izango” Beraz biolentzia zilegi da? Hala uste du filosofoak.
Berriz nator Euskal Herrira. Haria galdu gabe, planteatu dezagun honako auzia: Non legoke euskal gatazka, independentismoa, ETAren, zein mugimendu independentistaren biolentziarik gabe? Noren agendan egongo litzateke, zein hedabidetako portadan?

Espainiar Estatuak eta unionistek planteatzen duten sinplismo interesatuaren aurkako tesia botatzen du amaitzeko pentsalari esloveniarrak: “Biolentzia ez da bakarrik palestinarrek bonba bat jartzen dutenean. Biolentzia egunero Zisjordanian gertatzen dena da, biolentzia administratiboa”.
Argazkia bere osotasunean ikusteko dei egiten du ondoren, “ez dezagun fokoa bonbetan bakarrik jarri”.
Hemen ere euskaldunok ariketa hori egin beharko genuke eta eztabaidaren zentroan bestelako auziak jarri. Gatazkaren funtsaz eztabaidatu. Orain planteatu beharreko galdera bestelakoa da: “Zer gertatzen da ezer gertatzen ez denean?” (Slavoj Zizek)

*Elkarrizketa osoa hemen.

Ekaitza bainuontzi batean