Zenbait arrazoiri kirik eta kritik

Zenbait arrazoiri kirik eta kritik – 

Kale gorrian geratu nintzen arrasti hartan azaldu zitzaidan lagun ezezaguna burusi eta lastairatxo biribilkagarri bat eskainiz. Betirako eskertuko nion, bai, deus barik utzi baininduen ‘Azezora’ funts inkoherentistak bizilekutik ostikoz kolpatu ninduenean. Gauetan bere kabuz korearra ikasten ari zen epaile elezahar-kontalariak zioen -ipurmasailak gori eta begiak ezin itxi- euren neurrigabeko arrazoia zatia baliotsuagoa zela neurea baino. Haien edozein ferratzaileren angula-jan batek nire zor guztiak kitatuko zituen arren. Juezaren haserre gorenak zur-mailuarekin buruan emandakoarekin dardarka utzi ninduen, horrek ez baitzuen arrastorik uzten, eta beraz, ez zelako behar bezala egiaztatua izanen. Halandabe, meteosatetik ikusiko ziren maparen aztarna nabariak utzita ere «ez dago zantzu nahikorik» edo «ez da frogatu basakeriaren eta eragileen arteko kausazko lotura» esaldi misteriotsuaz desenkusatuko zen, epistemologiaren merkatu beltzean erositako auzitegi forentsea.

Denbora neraman diamantezale gupidatsuen feriarentzat lanik egin gabe, pattal, kezketatik estutasunetara. Egunero nekatuta eta arnasestuka jaikitzen nintzen, nonbaitetik zetozkidan amets gaiztoekin borrokan. Bederen, ene hilemorfismoak pneuma apur bat beharrezkoa zuela errepikatzen zidan errealitatearekin erabat ados nengoen. Llumes, s.a.i. (sociedad anónima iluminante) energia hornitzaile korporazio nagusiaren filial ekoizle batean aritu nintzen morroi urteak eta urteak, ‘VYPTM1’ ereduko makina zarpail bateko kopilotu. Bertan, fabrikako elektronvoltio gehienak ziztu bizian abiatzen genituen Asturieseko hiriburura, Andromedako estralurtarrek hiri ilustratuaren argiztatze gaitasuna ikus zezaten, galazko festa sideral bateko gonbidatu-edo. Uviéuko alkatearen lehengusu txikia, bertako zuzendari espezista, -kokots-uhal ñirñirkari ederrak Somorrostrotik ikusten zitzaizkion, alienigenek are hobeto ikusiko zutena- lantzean behin 20ko hamarkadako Rolls Royce Kabriolet ‘marrajo’ ezkoztatu batean azaltzen zen bere urregorrizko Rollex dirdiratsuak hamaikak eta erdi ematen zituenean, angloxasoikerietan. Hobe marratxo karbonatatu eferbeszenteak -eee Albertooo…- eta biribilkatzeko formalidadeak zein hausnartzeko materia keztagarriak ekarri izan balizkigu noizean behineko erakustaldi karstikoetan. Ez zen batere ‘enrollatua’, ez.

Tartean, bi egunetik behin-edo buruko minak erasotzen ninduen, baina etxeko medikuaren ordezkoaren ordezkoak zioen metalezko eroale bati lotuta pasako zitzaidala, deskarga kontuak zirela, osasun publikoaren arrazoi eraginkor jasangarriak hala zioela. Eredu horren xedezko arrazoia udarako egun eguzkitsu, bero sapa eta itsaskor batean etorri zitzaidan gainera. Lurrera ziplo bota, konortea nonbait galduta -nehoiz izan banuen ere-, goiko bi letaginak kamustu eta harritxintxar galipotatuaren zaporeak lehen aldiz dastatu nituen. Osasun zerbitzu publikoak murriztu eta berau esku pribatuetan uzteko ahaleginak egiten zituztenen leinu, enda eta askaziez gogoratu nintzen zuzen zuzenean, olako estatuko sindikatuen ordezkaririk ez nuelako bertan aurkitu. Pare bat hilabetez egon nintzen etxean zein geratzen zitzaizkigun inguruko paraje ederretan osatzen, soldata ziztrinaren ehuneko hirurogeitahamarrarekin bizirauten.

Urtean hiru bat aldiz-edo izaten nituen horrelako erorketa transbertsalak. Hargatik, inguruan zegoen Kantauriko entitate utilitarista obsesibo-konpultsibo pelayiko batera joan nintzen kreditu baten eske, goi erdi aroko burdin jantzi bat erosteko, alegia. Zeren horrez gain, Toledoko alde zaharrera joan beharko nuen neurriak zehazteko. Bulegoaren erakusleihoa ikaragarri erakargarria: harri-kartoizko emakume praka-estu, botinak oinetan eta dena-nabaridun batek ongi etorria ematen zidan txantxarrik gabeko hortzeri zuritu berria erakutsiz -alboan ‘Petxup Haginlari horizontal eta bertikalak’-en logoa eta telefonoa- elastomerozko bular-puxiken bi hemisferioak jausten zitzaizkiola. Saihetsean, joko-makina batera zangartetik konektatua zegoen legionario heroiko bati -TYC markako whisky botila eskuan- diz-diz egiten zion mega fardelak eta euskal oasiaren paisaia gibelean. Nola ez naiz ba sartuko gizakiaren objektualizazio honetan hain instituzio, entitate eta inguru-minguru subjektiboekin …? Beirate blindatu poloniar horietako bat ere zeharkatuko nuke. Interesak altuak izanagatik, eskerrak ni akabatzeko baina apur bat altuagoak zirela. Nagusiaren begipeko enkargatu hiru-adarduna, Melitron ezizenez, trebea zen gure arteko bekaizkeriak, amorruak eta borrokak sortzen. Banakoak finituak garelako eta makina bat finitu otzanek ortzi-mugako infinitu etzana biribildu genezakeelako, jakina. Goizero bertara joan eta albait azkarren ihes egiten nuen mendira, arnas garbiaren bila, kolore-aberastasunak berrikustea, bizirik zirauten errekastoen xuxurlak eta txoriñoen belaunaldi berrien kantuak entzutera -noizean behineko konbustio motor erraldoien imitazio egokituak barne, luxuzko etxebizitza turistikoen urbanizazio obrengatik ziurrenik- ilunabarrak, itzultzeko ordua zela adierazten zidan arte.

Iritsi zen eguna idazkari erlatibistari esateko -betaurreko ezberdinak janzten baitzituen prakaren botoiaren kolorearen arabera- maukatik ateratako hitzarmen zaharkituari zegokion soldata berriz ere jasotzeko prest nengoela. Telefonoaren erantzungailutik zerion androide borboiurkulluar ahots gupidatsuak zioen beste langile gazte eta osasuntsuago bati emana ziotela lanpostua, atzeranzko ile orrazkera lirdingatsu eta  dirdizaria ere meritua zela -nonbait buru-babesak aurreztu nahian edo-, eta ezin zutela ekoizpena mantsotu horrelako hainbestetan, ni zahartzen eta ahultzen nengoelako. Akabo, pentsatu nuen, bada izain argiztatzaile honek metenpsikosian lekua izango zuen, bai, oraino ez baitzitzaion ergelkeriaren genea jausi. Erretiro-pentsioak ez zidan behar haina likidezia emango, beraz, gutxieneko beharretara mugatu nintzen handik aurrera.

Eskularru zuriko okupen etxeko barrualdea hirurogei metro koadro inguru izango zituen. Sarrerako atondoak ez zion espazio gehiegi kentzen salari, soilki beharrezko ornamentuz jantzita nuelako. Luzea bainoago zabala, zertxobait nasaiagoa zen jardin garden batera bideratzen ninduen, zuhaitzez, lorez eta barazkitxoz hornituta. Inguruko sentsazioak barneratzeko, erantzunak hausnartzeko eta txorimaloarena egiteko ere abagune maitatua nuen. Maneatzeko eta gainontzeko gelak berotzeko su-egurrak, abarrak eta ezpalak jasotzen nituen arratsaldetako mendi bueltetan, eta kea sukalde meharraren tximiniatik itzultzen nion ortziari, baita errautsak lurrari ere. Lilitegira eramaten ninduen ataritik ere sumatzen nuen goialdearen erantzun lasaia eta berezia, berea ere bazena berreskuratzen zuenean. Sukalde ondoko gelan egiten nuen lo eta hormak harrizkoak baziren ere, ez nire sabel inguruko hibernatzeko gantz-eraztunak bezainbatekoak. Beste gelan, edozer matxura konpontzeko eta berehala behar nituen ordezkoak sortzeko tresneria nuen. Alboko espazioari forma berriak eskaintzen bainizkion, denboraren aurrekoak oparitutako istant horren truke. Bihotzaren taupadek txinparta sortu, nire geometria kurbatu eta grabitateak elkartzen zituen uneko gune zahar eta berri.

Ez zait ahaztuko egun zurbil eta larri hartan nola etekin irrazionalen iruzurtiek ostu zidaten ia dena. Lehenengo kale gaua herri gaineko kalostrapean igaro nuen, emandako mantatxo goxo eta garbiaren azpian. Abailduta nengoen erosahalmen eta botere inkisitiboaren gainkargaz, baina ametsak oraindik bizirik. Egunsentiarekin jaiki eta herriko ‘Basora’ taberna irakiar berrian -Asurmenditarren familiako arbasoen ondorengoena- kafetxoa opil zati batekin dastatu, ziztor zizterrez betetako ogitarteko parea eramateko ordaindu eta mendira abiatuko nintzen tinko. Gustuko lokala nuen zeren urdaiazpiko-gazta sandwich mistoak bezain striptis pluralista zein pleuralista zirraragarriak antolatzen zituzten hilabetean behin, biriken mintza erraz zabaltzeko bezain onak, hirugarren adinekoen beheraldiak suspertzearren eta ahaideen arnasterako ere. Asur hiriko asiriar trebeekin ikasitako eta eskuz egindako suntsipen masiboko arku tenkatua zein gezi teleskopikoak bizkar-zorroan, bueltarik gabeko erabakia hartuta nuen bizitzaren mamia inplementatzeko prest. Ez nekien nik segadunari gonazpikoa ikusiko ote nion berriz ere, baina hirugarren aldian azalduta ez nion kasurik egingo, jai zeukan nirekin. Hobe nuen pasioan galtzea grinarik gabeko kontsumo dirdaitsuaren eskuetan auto kontsumitzea baino. Zeanuriko Sofoklesen liburuxka bat motxilan sartu baino lehen, ausaz irekitako orrialdean Antigonak Kreonteri hala zioen: «…eta goizegi zendu egiten banaiz hobaritzat hartuko dut, nolatan ez dio ba heriotzari probetxurik aterako ezbeharreko korapilo honetan murgilduta dagoen niak? Hala, ez dit inongo minik sortarazten halabehar honetara heltzea. Beste erokeria bat egin izana uste baldin baduzu, akaso ero bat naiz zeinen aurrean erokeria gabezian jausi naizen…».

Milesker Olatz!

Zenbait arrazoiri kirik eta kritik