Zeinek jarriko ote dio kaskabela?

Zeinek jarriko ote dio kaskabela? –

Egunero zabaltzen diguten mezu horrek, albo-kalte galantak eragiteaz gain, angustia eta estresa dakarkio jendeari, alferrekoa bezain inmuno-kaltegarria baita. Berba batez, angustia antzua.

Zeinek jarriko ote dio kaskabela?
Arg: @ondasderuido

Oraindik ez dut ulertzen zergatik egiten diguten hitz eta pitz koroabirusaren miseriez, baina aho mentatu ere ez haren kausa. Beno, ulertu-ulertu bai, gero esango dudanez, baina konprenitu…, arean ere ez.

Gero eta gaixo gehiago dagoela. Gero eta neurri zorrotzagoak hartu beharra dagoela… eta, halere, ez garela izango gai Kotxoa gainditzeko… Labur esanda, angustia eta estresa erein eta erein egunero, bai hedabide salduenen eta tertulianoen aldetik, baita, batez ere, gure agintarien aldetik. Tira, orain “eskerrak txertoari” diote; baina txertoez ere angustia nagusi… “Ea den-denek txertatzen diren”…

 Baina noan harira. Neurri gogorragoak behar omen dira. Eta horretarako beti-beti jotzen da errazenera bezain kaltegarrienera: lagunartea murriztu. Kaltegarriena diñot, zeren lagunartea baita herritarrok daukagun defentsa bakarra hainbat gezur eta mezu toxikoren aurrean. Batzarra bai beraz, gauza guztien gainetik!

Izan ere, ezaguna baita plutokraten asmoa, Estatu Sakonaren lehen helburua: gutariko bakoitza bere baitan isolatuta bizitzea (edo bejetatzea). Hala, bazka horri panikoaren perrexila gehituz, banako bezatuen saltsa gozoa leukakete euren platerean, euren maneiuetarako.

Beraz, egunero zabaltzen diguten mezu horrek, albo-kalte galantak eragiteaz gain, angustia eta estresa dakarkio jendeari, alferrekoa bezain inmuno-kaltegarria. Berba batez, angustia antzua.

Bien bitartean, Covid delakoaren kausari buruz, tutik ere ez. Ez neurri zorrotzik ez epelik. Baina nork daki zein den kausa? Beti gertatzen da: ziur ez dakidanez zer den, ez naiz sartuko horretan. Ba… zergatian dagoenez gakoa, zergatiaz hitz egin behar da: bada mediku, ekonomista, soziologo, psikologo… jator asko. Zergatik ez ekarri horiek tertulietara, kausez hitz egitera, hildako eta kutsatutako kopuru soilak kantatzeaz gain, futbol emaitzak bailiren?

Hemen oinezko baten iritzia, lehenago ere aipatua: entzun al duzue Kapitalismo Basatia deritzan zerbaitez? Bada, sistema kapitalista hori krisi larrian ei dago –Nekane Juradori aditzen diot-, eta ekonomia reseteatu nahi omen du, zimenduetatik bertatik. Jakina, jende umilaren eta enpresa txikien lepotik, beti bezala. Eta langile-jendea munstro multinazionalen esklabo bihurtuz. Baina hori ere ez nahiko eta, jendea oro har ugarituz doanez eta planetako baliabideak murriztuz, jendea bera mehaztu beharra dakusa kapitalismoaren inteligentsiak. Sinesten? Horiei primeran datorkie pandemia.

Izan ere, beraiek izan dira biosfera, gure bizigunea, gaixoarazi dutenak eta horretan jarraitzen dutenak. Patroien Industria Iraultzek ekarriko zuten ondasunik (ez halere gehiengo pobrearentzat), baina baita pozoi ugari ere. Pozoi kimiko, transgeniko eta, oraingoan, zabor elektromagnetiko ugari. Oilar nagusien arteko gerra zibernetiko deklaratu gabeak, milaka antenaz eta ehunka satelitez bete du, lurrazala ezeze, planetaren gaineko espazioa. Bada, hortxe dago gakoa. “Kotxoa” ez da etorri Martetik.

Orain galdera nagusia: nork jarriko ote dio kaskabela katuari? Ez baita katutxo xume bat, baizik ilea laztuta daukan katar gaiztoa. Mundua maneiatzen duten katarrak dira: Biden, Putin, Xi… eta beste guztiak. Inork espero dezake horiek hiper-desarroilismo suntsitzailea utziko dutenik? Zorionez, gero eta jende gehiago joango gara itzartuz klima-aldaketaren eta pozoitze orokorraren aurrean. Hor dira gazteak (Extinction-Rebellion, etabar). Baina… Europako ezker antolatua ausartuko ote da kapitalismoari aurrez aurre ozartzen, ez soilik berbaz, baizik eta ekintzaz? Ausardia handia behar da. Izan ere, kapitalismoa hain neurritan sartuta daukagu bizitzan eta buruan, ezen inpopularra baita horri aurre egitea. Horregatik nioen, “ulertzen dudala”. Baina zeinek erantzungo dio arazoari, ezker antolatuak ez badu egiten?

Orain Pandemiaren kontrako diru-funtsa europarra omen dator, baina diru-truke pentsioen beherapena, funtsa horiek enpresa erraldoietara bideratzea, lan “erreforma” mantentzea… eta horri guztiari “kapitalismo berdea” deitu, gainera latsabakook! Horren aurrean, non kokatzen da gure ezker antolatua?

Zeinek jarriko kaskabela kapitalismoaren katar gaizto horri?, zeinek josiko paperez kaleak eta megafonoz bazterrak gangarkeria salatzeko. Eta horrek ez du kentzen behar-beharrezo ditugun ogi-apurrei uko egitea, ez baikara masokak.

Garai larria bizi dugu bai, batzuek pentsa baino larriagoa. Eta nik uste, egoera horren eragileek hura apropos ezkutatzen ari direla jendeari, beste alde batzuetara erakarri nahian arreta (bitxoa, txertoak…) Eta batek susmoa baino gehixeago dauka apropos ezkutatzen digutela egia; izan ere, hedabideek sasi-biruz arantzaduna jartzen digute etengabe begien aurrean, baina inoiz ez digute esaten planeta bera dela arantza-koroa duena gerri-bueltan; eta gure gidari itsuek (zenbaitetan kriminalek) ez dutela aipatzen inoiz ere egoera horretatik (eta beraien plangintza-mandoetatik) datorkigun katastrofea.

Haatik, ez dezagun bultzatu angustia antzu alferrikakorik. Angustia sortzailea da behar duguna, non gauden eta nora goazen argi daukatenen angustia aktiboa, aktibista.

Gurera jaitsita, nork espero dezake ezertxo gure EAEko katutxo harroengandik? Berriz diot, geuk aukeratu al ditugu? «Un gobierno fuerte» dio gure gidari itsuak, botere egarri aseezina, bera. Baina herritarrok (gehienok behintzat) askoz nahiago dugu «gobernu inteligentea», egoeraz jabetu eta behar bezalako neurriak hartzeko gai dena, ezen ez “gobernu fuertea”.

Zeinek jarriko ote dio kaskabela?
Zeinek jarriko ote dio kaskabela?

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako