Zaindu

Zaindu –

Zaindu elkartearen aurkezpenean egon nintzen Altsasun. Gure familiaren esperientzia pertsonala tokatu zaigu Pandemia honen garaian eta Pandemia aurreko garaietan ere. Bizitutako eta entzundakoaren arabera gogoetatxo batzuk idatzi ditut.

Zaindu

Zaindu hitza, aditz euskalduna, eta gazteleraz esaten zaio bi modutara: “cuidar” (esaten da: “una politica de cuidados”) eta “guardar” (esaten da: “guarderia-sitio para guardar/cuidar a los niños”).

Zaindu: hitz asko daude euskaraz zaindu hitzarekin ikusteko dutenak: aurtzaindegia, basozaina, artzaina, haurrak zaindu, eritzaina, amona zaintzea tokatu zait, itzaina, eta abesten da “zaindu maite duzun hori”, edota ohiukatzen da “Zaindu Ama Lurra”. Baratza baduzu, zaindu ezazu. Zaindu ezazu zure kuadrila edota zure bikotea… Zaindu Herria… Zaindu (bizitza) entzuten da askotan despedida modura. Zaindu-k kasu guzti hauetan konnotazio positiboa du. Estimatzen den zerbait kontuz zaintzea.

Bada, ordea, salbuespen bat: ertzaintza. Ezin da herriaren zaintza denik esan, akats gramatikal bat dela medio agerian jarri delako bere esanahia. Hitzari “H“ falta zaio, eta gainera “ri“ bat kendu zaio Herri hitzari. Horrela er-zaintza gelditzen da. Hau da Er!—”ordeno y mandoren”—zaintza. Izan ere hauxe bait da bere benetako funtzioa.

Zaintzarekin amaitzeko, azken urteetan zaintza bihurtu da Lur Planetan bizi dugun gizarteen funtsezko arazoen erantzuna, austerizidioari aurka egiteko eta feminismoaren eta ekologismoaren eskutik. Bizitza duina (austerizidio garaian, patriarkadoaren garaian eta krisi klimatiko-ekologikoaren garaian) erdigunean jartzeak, zaintza lana goratzea eskatzen du. Eta zaintza lanean lehentasuna duena zaurgarrien den jendea da. Horregatik, Zaindu elkartea bezelako dinamikak etorkizunerako ate nagusiaren garrantzia azpimarra bat gehiago jartzen diote: ZAINTZAren ateari.

Gazteleraz, “cuidado” esaten zaio zaintzari. Baina hitz horrek zentzu bikoitza du gazteleraz. Alde batetik “cuidar“ zaintzaren baliokidea da. (“Atender con empatia, con cariño a gente vulnerable, desde cuidar a leprosos hasta cuidar los bosques”), norberaren gorputza eta sentimenduak eta ideiak zaintzea ez daitezen eragile hiltzaileek edota publizítate kriminalak gure burmuinetan infiltratuak izan eta orduan ere esaten da “cuidate”. Baina badu bigarren zentzu arriskutsu bat: “Atención, Cuidado, Peligro”. Eta kontuz begiratu behar da nork esaten duen eta zer bilatzen duen. Adibidez: “Cuidado, peligro, hay virus“. Baina benetako “peligroa“ da aurreko eta oraingo birus kaltegarria gizakiara hurbilduarazi egin duena, hau da ekosistemak eta bizitza aniztasuna suntsitzen ari dena. Eta hori, jaunak, ez dira birusak, baizik eta gaurko sistema sozioekonomiko ekozida eta genozida. Hor dago “peligroa” eta horrekin bai kontuz! (Eta COVID19 ari dagokionez, zaindu dezagun gure burua). Ez onartu Colgateren lelokeriak: Duela gutxi iragarki batean, telebistan esaten zuen:  “Tienes la boca llena de bacterias?. No te preocupes. Colgate las elimina a todas!” Iragarki hau kriminala da, zeren bakterioak eta birusak gure organismoaren parte bait dira, eta horiek gabe hilak geundekeen. COVID 19-tik babestu behar gara, dudarik ez. Baina birusak ez du ezeren kulpa. Hodeiak ez duen bezala uholde baten errua. Errua (eta arriskua) beste nonbaiten dago: ekosistemen suntsipenean. Hor bai esan daitekeela: Kontuz! “Cuidado”! “Peligro”!

Gazteleraz zaintzaren zentzua erabiltzen da ere “guardar” hitza. Guarderia da ageriko kasua (Guarderia: haurrak gordetzeko lekua). Eta horrekin lotuta daude 36ko gerraren memoria gordetzea eta zaintzea, eta tesoro bat gordetzea etabar… Baina kasu honetan ere badago deribazio oso kurioso bat. Guardar hitza da honako bi hitz hauen erro berdinekoa:

Guardia: eta horrekin lotuta “me toca guardia de noche”, eta baita ere “Guardia Civil”, “Guardia Mora del Caudillo“, “Guarda Jurado de un supermercado”. Eta amaitzeko joku hau, azken deribazio bitxia. Guardiatik dator Guardián. Eta fraileek bazuten Hermano Guardian titulua bezala, badaude ere honako tituluak ere: “Guardian de una cárcel”, “Guardian de un Campo de  Concentración”, edota “Guardian de la bomba atómica que esplotó sobre Hiroshina y Nagasaki”.

Ez dira hor amaitzen guardar hitzaren meandroak. Mendebaldeko erabilera errepresibo horien beste muturrean, Abya Yalako herri indioek (sioux, maia, kitxua, guarani, maputxe, shuar, txatxi, arahuako etabar etabar…) bere burua eta izaera izendatzeko erabiltzen duten hitza da GUARDIAN. Beraiek dira “los guardianes de los ríos” (Berta Cáceres-en herriaren borroka errekak defenditzea da), “guardianes de los montes, de la selva”, Mama Patxaren zaintzaileak, Ama Lurrarenak. Horiekin bihotzez nago.

Zaindu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude