Youtuberrak

Youtuberrak –

Youtuberrak
Arg: Aleph

Joan den aste honetan gai batek paratu ditu dantzan Espainiako telebistetako kazetari eta tertuliakideen mingainak: youtuberrak Andorrara doaz. Telebista kate guzietan zergak ordaintzea zeinen garrantzitsua den gogorarazi digute aurkezle, politikari eta mota guzietako iritzi-emaileek. Gauzak argi uzte aldera: penagarriak iduritu zaizkit youtuberren ahotik aditu ditudan Andorrarako ihesa justifikatzeko argudio gehienak. Baina, kontuan hartuta ez direla zerga gutiago ordaintzeko saihesbide bat bilatu duten bakarrak, harrigarria egin zait hedabideetan aferari eman zaion oihartzuna.

Gazteen erreferente direlako izan ote da? Ni bederen hala nago. Ohitura –ohitura txarra– bilakatu da gure gizartean, gazteei eskatzea gu ez garen gauza guziak –hala nola toleranteak, feministak, bakezaleak– izan daitezela eta guk egiten ez dugun guzia egin dezatela. Gazteek youtuberrei ez gure erreferentei begiratuko balie –dirutza kobratzen duten futbolariei, politikari ustelei, txertoa inork baino lehenago jarri duten apezpiku eta militarrei– eredu hobeak aurkitzekoak balira bezala. Azken batean, youtuber gazteek Espainiako youtuber ospetsuenari segitu bertzerik ez dute egin. Youtuber alfer hori –alferra, urtean bideo bakarra grabatzen duelako– aspaldi du ihesi joan dela. Ez, bistan da, Andorrara, Abu Dabira baizik. Andorrara joandakoen jarrera berekoiak hain arduratuak dituen kazetari gehienak, berriz, Abu Dabikoaren ihesaldiak ez ditu batere kezkatzen. Are gehiago, anitzek oraindik erraten dute eskerrak eman behar genizkiokeela. Noizbait bideo bat grabatu beharko nuke horrekin. Youtuben, jakina. Andorrara ihes egin baino lehen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 8koa]

Youtuberrak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Zer duzu buruan “Youtuberrak”-ri buruz

  • Erakunde mafioso eta kriminal baten estortsioari men egin baino, nahiago izan dute Andorrara ihes egin, bejondeiela. Afera zera da: youtuber horien eragin-gaitasuna oso handia dela gazte eta nerabeen artean, eta hori horrela izanik estatu kriminalak propaganda aparatu guztia jarri du martxan youtuberrak satanizatu eta kriminalizatzeko.
    Begi zorrotza duenari ez zaio oharkabean pasa gertaturikoa ordea, disimulurik gabe erakutsi baitigute non datzan euren benetako ahulezia. Alegia, askoz ere beldur handiagoa dio erakunde mafiosoak intsumisio fiskal masibo bati 20milioi erreferendum, ponentzia, hauteskunde, koalizio, topagune eta manifestaziori baino. Horra hor herri boterea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude