Video killed the radio star

01979. The Buggles talde britainiarrak MTV kateak emitituko zuen lehen bideoklipa sortu zuen: ‘Video killed the radio star’. Nork ez du abesti mitiko hori ezagutzen? Jakingo duzuenez, porrotara kondenatuta dagoen irrati izar baten istorioa kontatzen da, bideoaren eta telebistaren agerraldia dela eta.

Baina irratiaren etorkizuna ez da izan espero zen bezain tragikoa, oraindik bizirik dirau, oso bizirik.

Izan ere, Rafael Roncagliolo kazetari peruarrak behin esan zuenez, “komunikabideak ez dira haien artean ordezkatzen, moldatu egiten dira”, atzera begiratzea besterik ez dago. Irratia agertu zenean, prentsa idatzia ikaratu zen. Irratiak eskaintzen zuen gaurkotasunarekin ezin baitzuen lehiatu, beraz, irratiak ematen zituen berri horietan sakontzen hasi ziren egunkariak. Telebista etxeetara heldu eta familian ikusteko gailua bilakatu zen, rol hori irratiari kendu zion. Irratia banakako konpainia egitera pasa zen horrela, gaur arte.

Eusko Jaurlaritzak otsailean ‘Hedabideak’ ikerketa soziologikoa argitaratu zuen, eta emaitzek erakusten dutenez, Euskadiko biztanerliaren %71 entzuten du irratia noiz edo noiz, egunean ordubete inguru eskaitzen diogularik, albisteak eta musika saioak omen dira gustokoenak, eta entretenitzeko, informatuta egoteko, eta konpainia izateko omen dugu gustoko euskal herritarrok irratia.

Laburbilduz, egun irratia osasuntsu dago. Azkenean bideoak ez zuen irrati izarra hil. Baina telebista ere ikusten jarraitzen da, eta prentsa idatziari dagokionez, paperaren etorkizunari buruzko kezka eta eztabaida amaigabea dagoen arren, irakurtzen ere jarraitzen dugu. Garrantzitsuena da  horietatik momentuz ez dela komunikatzeko era bakar bat desagertu. Komunikabide guztiak elkarrekin batera bizirik dirautela, baina aurretik erronka handi batekin: internetera nola moldatu asmatzea,

Moldatzea, moldatzea, eta moldatzea, hori baita iragana eta etorkizuna, Rafael Roncagliolo-ren hitzak berriro ere gogoan izanez.

Leire Regadas

Kazetaria. Mugimendu sozialak eta gatazkak.