Urte berriko asmoak

Urte berriko asmoak –

Jende andanak egiten duen lez, neuk ere gogoeta egin dut urte hasieraren harira. Asmo handiko eta intentzio oneko aldaketei ekiteko sasoia izaten da, nork bere bizimodua irmoki hobetzeko une ezin egokiagoa. Gaiaz lagunartean hitz egiten da, batzuek egunerokoan idatzi ere egiten dute, eta bada sare sozialetan publikoki jakinarazten duenik ere.

Neuk ere egin dut hausnarketa, sakona, jakina, baita erabakiak hartu ere. Ni ezin naiz 2020 hasierarekin batera kiroldegira joaten hasi, gaztetatik baitut bizio hori. Ezin diot erretzeari utzi, aspaldiko kontuak baitira horiek. Ezin eleberriak irakurtzen berriro hasi, saihetsezineko ohitura dut eta. Horrela ba, beste nonbait bilatu behar izan dut.

Nor bere temak bizi du, eta ni klima larrialdiak ernegarazten nauenez, neure ohituren artean zer hobetu aztertu dut. Noski, aurrean hobetzeko dudan bidea luzea da, zaila eta ez oztoporik gabea. Lehen neurri gisa, igogailuak hartzeko ohitura alboratzea ebatzi dut. Salbatu beharreko tartea hiru solairutik gorakoa ez bada, eskailerak erabiliko ditut aurrerantzean. Lotsatu ere egin naiz zera irakurri dudanean, urtean hego euskal herritarron artean 295.975 Tm CO2e isurtzen ditugula urtean igogailua erabiltzearen ondorioz. Nik neuk, behintzat, sarritan behar izan barik erabiltzen dut igogailua. Hemendik aurrera, ez dut hartuko amarenera joateko baliatu izan dudan egoitzako igogailua, 63 eskailera igo edo jaisteko ez baitut inolako arazorik. Ez dut hartuko herriko Makua auzotik erdigunera jaisteko dagoen igogailu publikoa, 43 eskailera igo edo jaisteak mesede eta guzti egingo dit eta.

Bigarrenik, berogailua piztu behar dudanean, gradutxo bat gutxiago berotuko dut etxea. Bi gradu jaisten ere egingo dut proba, ea zer moduz nagoen, horrela isurketak %10 jaistea lortuko nuke eta. Egia esan, ez zait batere deserosoa egingo arropa gehixeago janztea etxean egoteko. Azken boladan jantzi ez dudan txabusina gris maitea armairutik berreskuratu eta bizi berria emango diot. Arropa kuttunak ez du ezer egiten tiraderan, ahaztu eta alboraturik.

Urte berriko asmoakAzkenik, nola ez, garraiobideekin lotutako deliberamendua. Alabaren saskibaloi norgehiagokak ikustera joateko ez dut berriro helikopteroa erabiliko. Ez dut berriro hegan egingo Arrigorriagatik Durangora Maristen aurka jokatzeko, ez naiz zerura hurbilduko Gernikaraino joateko San Fidel-Padura partidarik ikustera. Horrelako bidaia bakoitzean, 630 kg CO2 isuri izan ditut, kotxez 2 kg izango direnak aurrerantzean. Gurasoen artean autoa partekatzeak, Ama Lurrari mesede egin ezezik, giza harremanak estutzen ere lagunduko digu.

Gai izango ahal naiz agindutakoak betetzeko!

Urte berriko asmoak

Irakaslea