Urtarrilak 7

Urtarrilak 7 –

Egun batean 2011an zaude eta mundua aldatzeko idazten duzu. Edozein letrak matxinada piz lezake eta agian neskaren bat edo beste liluratu, bohemio, ziniko eta malenkoniatsu-plantak egitea, A.K.A. astun izatea, erakargarria ei delako. Halako batean, 2020 heldu da eta adinak ematen dizun talaiatik lasai demonio begira bizi zara. Asmo handirik gabe idazten duzu. Zure ateraldiei barre egin eta grazia egiten dieten lagunei pasatzen dizkiezu, kontua baita ondo pasatzea, ez mundua aldatzea.

Hamarkada berriak hastea gauza zoragarria da, 30, 40 edota 50 urte betetzea bezain polita. Dena da barre eta algara, iji eta aja, guztia da posible, bizitza iraul daiteke, gazte berriz sentitu etab… 31, 41 edota 51 gauza serioa da, ordea. Jaia amaitu da, ajea bi egunekoa da eta hamarkada berria norberarengan sartu da bete-betean. Halako batean, urtarrilaren 7a da zure bizitzan. Ostean 8, 9, 10 etab errenkadan datoz. Aldapan behera goaz: denborak ez du atzera bueltarik, nork bere mundua aldatzea uste baino zailagoa da, ez didate Pullitzer saria emango, Argia Saria ere ez, eta martxa honetan aita ez ezik, bikotekidegai ere ez naiz izango.

Atzo, errege-opilak gogorarazi zigun arbola kendu behar genuela, arbolak gaur lana dugula eta lanak laster asteburua dela. Horrela egituratzen da urte berrian langile xumearen bizimodua, aurtengo asmoak noiz betetzen hasiko eta inauteriak noiz helduko zain. Urtarrileko aldapa berton da eta errealitateak beste behin ere bete-betean harrapatu gaitu: bulegoan betiko bizioak errepikatu eta mozorroa azken unean erosiko dugu. Amaitu dira 30ak eta 31ak heldu dira. Jauzi handiaren zain, oraindik. Ondo pasatzearekin konformatu beharko. Ez da gutxi!

Urtarrilak 7

Argazkia: “Sha Tin Racecourse” by ctarda CC BY-NC-SA 2.0  lizentziapean

Urtarrilak 7

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude