Unibertsitatea eta ni

Unibertsitatea eta ni

Ez duk sekula zorterik izan Unibertsitatearekin. Baina gaizki diot, zortea izan dut, oso txarra, ordea.

Gu ume ginela ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik, eta poliziaren lehenengo astindua, birjintasuna lapurtu zigun hura, Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik eman zidaten Donostiako Avenidan, apenas hamalau urtetxo nituenean. Oker ez banaiz, Estepan Aldimezetxebarria ere ez zebilen urruti. Santo Tomas Lizeoko umetxo jator askoak ginen gu orduan, Euskadi askatua eraiki nahian, jakina, baina eskola hartatik ere bota egin ninduten hilabete batzuetara hango gidari zintzo bezain kristauek.

Unibertsitatea eta ni

Bai, oso zorte txarra eduki izan dut beti Unibertsitatearekin eta Akademiarekin, oro har.

Hala joan nintzen Gaztela aldera, neure lanbidean sekula erabiliko ez nituen ikasketa txoro batzuk egitera. Esan daiteke aldrebeseko bideak hautatzen izan naizela ni artista. Eskerrak txikitatik idatzi izan dudala, bestenaz ez dakit zein lanbide izango nukeen nik orain.

Kontua da, hizkuntza eta letren inguruan moldatu izan naizela beti, eta aritzearen aritzeaz, zerbait ikasi dudala pentsatzen duenik ere badela munduan, dei egiten baitidate gure Unibertsitate publiko eta pribatuetatik: elkarrizketa bat nola egin behar den erakustera, hedabide elektronikoek nolakoak behar duten kontatzera, telebista nola egin behar den aztertzera, literatura eta politikaren harremanak azaltzera, gastronomiaren erronkak aipatzera… Sinetsi egiazki neuk ez dakizkidan gauzak erakusteko deitzen didatela ia beti, batez ere, Leioako Unibertsitatetik. Azkena atzo.

Birtualki baino ezagutzen ez nuen norbaiten deia jaso nuen duela denbora bat, gaia jarriz: kazetarigai berriei, dokumentatu beharraren garrantziaz mintzatuko nintzaien, ordubeteko ikasgai bat. Baina zer dakit nik horretaz, ez badut horri buruzko ikasgai bakar jaso, ez badut sekula horretaz ezer entzun edo irakurri? Eta pentsatzen dut oso gaizki behar duela gure Unibertsate publikoak nire tamainako ezjakinari deika aritzeko.

Kontua da, buruan darabilkizula gaia egunetan, zer kontatuko dut eta nola? Gas txar batek bezala, uzten diozun leku guztia hartzen dizu garunetan, disziplina apur bat behar duzu halako enkargua balea bihurtu eta irents ez zaitzan. Bake pixkat izateko, idatzi egingo duzu, beraz. Halaxe joan zitzaidan igandea osorik, goizeko zortziretatik arratsaldeko seiak aldera arte, idazten. Ia ez nuen besterik egin ahal izan. Sinetsi, ona ez baina azkarra naizela idazteko orduan. Hamar foliotako hitzaldia, azkenean, eta aparte hiru dvd eta esteka bat hautaturik, emanaldia ikusentzunezkoez hornitzeko.

Eta iritsi da eguna. Joanetorrian, trafikoarentzat ordu gogorrenean, 220ren kilometro Hendaiatik. Euria ari du eta autopista bustita dago. Egia esan, beti egiten du euria ni Leioako Unibertsitatera joaten naizenetan. Despistatua naiz errepideetan eta adi ez banaiz ibiltzen, gai naiz Santanderren agertzeko. Irrist egiten du estratak eta irratian istripua ugari dabilela dio Esther Murelagak.

Heldu naiz, hogei minutu ditut hamarretarako. Beti bezala Leioako fakultateek Kosovo dirudite, dena hondeamakina, dena lokatz, dena eraikin eta bukatu gabeko berreraikin. Ez dago aparkatzerik. Pentsatzen jartzen zara nola demonio egiten duten munduko beste unibertsitate guztiek halako campus dotoreak erakusteko filmetan, belardi eta zuhaizti ederrak edukitzeko. Hemen ez da arbola bakar bat ere ageri, dena da alanbrezkoa, porlanezkoa, burdin ugerrezkoa… Guztia ageri da zatar eta ilun. Kea dariei langileek eskuak berotzeko egin dituzten petrolio bidoi zaharrei, dena da zipriztin autoen karrozerietan, dena da lohi eta zikin… Nola demontre aterako dira hemendik gure biharko buruargiak, zein urbanitate eta sentsibilitate estetikorekin? jartzen zara pentsatzen, baina erabakitzen duzu, beti zabiltzala berdin, eta ez diozula eman behar hainbeste buelta buruari.

Buruari ez, baina Unibertsitateari eman diozu jira bat eta beste bat, inon ez lekurik aparkatzeko. Nola ez dute lekurik gordetzen kanpotik gatozen gonbidatuentzat? jartzen zara pentsatzen, eta imajinatzen duzu atzerritik datorren irakasle batek nola behar lukeen hemen ibili eta zer ez ote lukeen pentsatuko Fukushima honen erdian. Konturatuta zaude gainera, Unibertsitateko erabiltzaileak txertoa hartuta dutela horren aurka, ez direla jada harritzen halako desastrearekin, normala iruditzen zaiela munstrokeria hau…

Ibili eta ibili, inguruetako taberna batean aparkatu behar izan duzu, aparcamiento para clientes dioen arren. Hesitura erori batetik pasatzen zara, lokatza artean, euripean, ez duzu ekarri aterkirik, belardi zikin bat gurutzatzen duzu laprast ez egiteko kontu handiz baina pozez, pentsatuz belar bustiak lehenago lokatzatan zikindu dizkizun zapatak garbituko dizkizula, baina, bai zera, lokatza zabaltzea baizik ez dute lortzen. Gero pentsatzen duzu, begietara begiratzen dutela Unibertsitatean eta ez oinetara, Jaungoikoari eskerrak.

Bazaude. Lagun bat aurkitu duzu eta eskatzen diozu laguntzeko hitzaldian beharko duzun teknologiarekin, ikusi baituzu ezer ez dabilela han behar bezain ongi, bi teknikari badabiltza, baina kable bat falta da edo beste zerbait… Kontua da arrotz zaizula guztia. Hori bai, parean hirurogeiren bat ikasle dituzu zain eta hiruzpalau irakasle, entzuteko prest.

Urduri zaude, baina ekin egiten diozu. Eta berotu egiten zara eta jabetzen zara ikasleak adi daudela, egiten baitute farre zure txisteekin, Ingalaterrako Isabel Erreginaren antzera, hitzaldiari txertatu dizkiozun horiekin…

Denboran aurreraegi zoaz, ez duzu astirik prestatu duzun guztia esateko. Txalo zaparrada batek ematen dio amaiera zure hitzaldiari eta pentsatzen duzu tranpati itzela zarela, bandido bat, antzerki pieza polita jokatuko duzula denen aitzinean baina ezer gutxi erakutsi diezula ikasleei dokumentazioaren gaiaz. Nola erakutsiko diezu ezer zeuk ez badakizu horretaz deusik?
Menu bat bazkaltzera gonbidatu zaituzte irakasle adeitsuek, baina ez duzu astirik. Aski denbora iragan duzu ikasgai prestatzen eta ematen. Denei agur esan eta etorritako bidetik zoaz, berriro gurutzatzen duzu belardia, berriro lokaztia, eta hesituraren zulotik pasatzen zara tabernaren aparkalekura. Hantxe duzu auto goitik-behera zipriztindua, eta bazoaz itzuleran trafiko sekulakoaren erditik, bideseinale bat ere galdu nahi gaberik. Pozik zoaz, ikasleek ondo hartu zaituzte, irakasleak jatorrak ziren eta aspaldi euskara irakatsi zenion idazkari bat ere etorri zaizu saludatzera. Gainera, IRPFa kendurik, 120 euro sartuko dizkizute kontuan, ez dago gaizki, nahiz eta Pariseko zure lagun bati gutxi iruditzen zaizkion astean behin irratian egiten duen hiru minutuko kronika bategatik ordaintzen dizkioten 200 euroak. Baina zu ez zara zeure laguna, eta hau ez da Paris, ixo, beraz. Zaude poooozik!

Autoak badu zerbait, ez dabil ondo. Hendaiarako erdibidean zaude, zeure herrian, Elgoibarren. Gaitzerdi!
Atzeko gurpiletako bat duzu guztiz hondaturik. Eta pentsatzen jartzen zara, aparcamiento para clientes hartan baten batek zulatuko zizula gurpila, eta zu konturatu ez eta  50 km.egin dituzula errobera guztiz lehertu den arte. Total gabatxo bat baizik ez zara, halako matrikula frantsesarekin bezeroentzat bakarrik erreserbatua den lekuan… Tailer bat eta beste bat. Antza, zure furgonetako gurpila ez da arrunta, eta ez dute halakorik. Garestia ei da. Hendaiaraino iritsi beharko duzu zela edo hala. Ordezko gurpila jartzen dizute 6 euroren truk, ohartaraziz poliki joan beharko duzula bidean, ordezkoa ez baita behar bezain gurpil egokia. Euria dagi oraindik.

Hendaian gurpila aldatuz batera, atrakatu egin zaituzte, 220 euro gurpil batengatik!, baina ez duzu beste erremediorik, umeak jaso behar dituzu eta eskolatik…

Halakoxea izan da nire azkeneko bilana Unibertsitatearekin: egun batzuetako buruhaustea buruan bueltaka, pare bat egunetako lana idazten, hitzaldia eman, gidatzen eta autoa konpontzen ernegatu, eta ehun euroko galera boltsikoarentzat.
Gainera hor dauzkat bazterrean zapatak neuri begira, noiz garbituko ditudan zain.

(Hitzaldia irakurri nahi baduzu, pdfa jarri dut nire bibliografia biltzen duen orriaren behe-beheko aldean, beste hitzaldi batzuen artean. Izenburua du GALDETZAILE BIKAIN IZATEKO BIDIA, edota nola disimulatu munduaren aitzinean, norberaren ezjakinkeria)

Unibertsitatea eta ni

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Unibertsitatea eta ni”-ri buruz

  • Nahiko buruhauste eman dizu bai ordubeteko hitzaldiak. Jakin ezazu behintzat, ikasleoi zapatak lokatz artetik atera eta zorteari aurre egiteko gogoa pizten digutela atzokoa bezelako jardunaldiek.

    http://derhitzot.wordpress.com/2012/03/06/2012ko-dokujardunaldiak/

  • Unibertsitatean ez dakit zer ikasiko zenuen, baina idazten majo dakizu behintzat. A zer kronika periodistikoa! Txispa eta kolorea, eta irakurle baino gehiago ikusle sentituarazteko modukoa. Holakoak botatzen ditut nik faltan gure eguneroko prentsan.

  • Esker mile, Hasier, zure kronika hor jartzeagatik. Sekulako barreak bota ditut irakurriaz. Hala ere, hala ere, ez dakit ba, inoren lepotik barre egite horrek eman dit zer pentsa, ez pentsa… zer iruditzen zuri? Zuk zeuk, barre egin duzu idaztean? Barre eragitea zen zure asmoa? Nork bere buruari barre egitea eta nork bere burua besteen aurrean barregarri jartzea, beti lotuta joan behar ote? Izan ere, nork bere buruari barre egitea inork gure buruari barrezka ikustearekin loturik egoten da… ala ez?
    Oraindik ez dut zure unibertsitateko espitxa irakurri, gogotsu ekingo diot bihar, orain berandu da-eta.
    A, zapatak garbitu dituzu?

  • Iraitz Madariaga 2012-03-08 11:36

    Jo Hasier, zemat barre endxorazen zure azkan sarrera honeaz…enee!! Ni 5 urte noia “Kosovon” ikasten da eztot ezagutu obra bako urterik…Ezta hillaberetir be nik pentsa…On dala 4 urte eitxen hasi zirian eraikin batzuk hor daoz, erdi einda…edo erdi deseinda…nundik begiratzen dozun arabera…

    Egunero geratzen dxaraz zapatak begira, euridxa danian basaz beteta, da eztabenian eitxen hautsez…Horixen da Leioan ikasten dounon rutinia…Zaratia eta zikiñtxasuna…Eta kotxia daukenen rutinan aparkatien arazua…

    Eztakitx badakixu edo ikusi bazenduzan baña Mikel Laboen “Txoria txori” kantia reproduziduten daben makilla batzuk daoz Giza eta Gizarte Zientzien fakultade aurrian, da apurtxu bat urrunao erloidxoz einiko erloidxo bat…Originalak, bai, oso, baña hoba kanpusa dezentetxuo ipiñi eta azkan ikutuak gerorako itxi…

    Baña bueno, holan da be faltan botakotelakuan nao…ohitxu eitxen da bat eta…Hori bia, proposamen bat eingo neuke, metrua ipiñtxia hona arte, da kanpusian berton gitxiienez 3 parada ippiñtxia, ze polikiroldegitxik magisteritzara daon pasiua…ezta brometakua!

    Oso ona kronikia 😉

  • Kaixo, Hasier. Zure kronika irakurtzerakoan hainbat filmekin gogoratu naiz, dena ezin okerrago irten, ai ene! Sufritu eta gozatu dut. Lotsatu naiz pentsatuz zure ezbehar guzti horien iturburua gure gonbidapena izan dela, eta konturatu naiz ahalegin handia eskatu genizula eta, beharbada, ez zintugula behar zen moduan zaindu. Bai, momentu honetan aparkatzeko arazoak eta lanak lar ditugu unibertsitatean. “Menua” esaterakoan bazkari azkarra izango zela esan nahi genizun (eta pena izan zen zu ez geratzea, tertulia onean igaro baitzen).
    Azkenean, ordainketa murritza da, baina aurkituko dugu modua hori egokitzeko.
    Dokumentazioari buruz ezer ez zenuela ikasi diozu, baina hitzaldian oso ondo dokumentatzen zarela erakutsi zenuen, ordea. Elkarrizketak kontu handiz prestatzen dituzula, Sautrela telebista saioko taldeak lagunduta; nahiz eta prestaketa guzti horri beste dohain batzuk gehitu behar zaizkion hainbatetan izaten diren egoera korapilatsuei arrakastaz aurre egin ahal izateko. Kazetaritza lanarekiko zure emozioa eta pasioa transmititu zenizkigun hitzaldian, eta parte hartzaileon arreta, berotasuna eta txalo zaparrada jaso zenituen. Eta han geundenok asko disfrutatu genuen eta asko ikasi genuen. Guzti horregatik benetan esan behar dizut guretzat oso pozgarria izan zela zu gonbidatzea.
    Eta plazer hori areagotu zait zure kronika hau irakurrita (egoera txarrak testu onen sorburua izan daitezkeela beste behin ere erakutsiz!), eta baita jardunaldietarako prestatu zenuen testu luze eta mamitsua irakurtzen ere. Eta arbel handi bat den gune honetatik plazer hori beste askorengan zabalduko dela ere badakit. Eta honek guztiak zure samina pasatzen lagunduko dizulakoan nago. Berriro ere diotsut, mila esker, Hasier.

  • Irribarrerik ez duzu galdu behintzat. Eta guregan ere sortu duzu post honekin! 100 euro galdu dituzu baina diruarekin ordaindu ezin daitezkeen gauza asko irabazi.