udaberria


Neguaren ostean
zelaiak bizia hartzen du.
Belar-multzo uniformetik
udaberria loratzen da.
Lore bat, lehenbizi, beldurrez;
tropa bat ondoren,
lehenengo lorearen atzetik.
Zelaian loreak ugaritzen dira; aldaketa.
Ziklo bakoitzean bezala
udaberriak indarra hartzen du
eta zelaia zena
lore-itsaso bat bilakatzen da.

Loreak nagusi dira
udaberriaren babesean.
Loreek diote:
“Hemen loreok agintzen dugu”
eta belarra mutu geratzen da.
Ordea, loreek belarraren antza hartzen dute,
nahiz eta beraiek oso lore eta aske sentitu.

Baina badaude loreak
gatibu sentitzen direnak:
Beste loreen itzalpean, estututa,
eta, batez ere,
beren erroetatik askatu ezinda.
Orduan, haizeari esaten diote:
“Eraman nazazu, eraman zurekin”
Eta haizeak:
“Baina orduan nire esklaboa izango zara”

Badaude erroak utzi eta
haizearekin dantzan egiten dute loreak,
norabide finkorik gabe nabigatzen dutenak,
talka egin eta betiko ondoratu aurretik.

Eta gainontzeko loreak jaio ziren toki berean hiltzen dira.
Batzuk hazia askatzen dute,
lore bat izan daitekeena,
etorkizuneko udaberri batean.

Loreak, badoaz.
Badatoz lehorteak, badatoz euriteak,
badatoz ekaitzak eta badator elurra.
Negua da.

Ekaitza bainuontzi batean