Txisteak

Txisteak –

Txisteak

Chris Rocken mazelatik pasatu ondotik, guzion ahotan ibili da egun hauetan Will Smithen zaplaztekoa. Aho batez, edo kasik aho batez salatu dugu –nik ez dut deus salatu, baina “dugu” idatzi dut, ados nagoela adierazte aldera–, kasik aho batez, berriz diot, salatu dugu Smithen keinua. Badakigu gertakari jakin baten kausak eta arrazoiak bilatzea ez dela gertakari hori justifikatzea, baina inor guti ibili da zaplaztekoaren motibo ezkutuak azaltzen. Azaltzekotan, gizonak horrelako jarrerak izatera eramaten gaituen ideologia azaldu dute zenbaitek, baina, zorionez, ez gara katramilatu Rocken txistearen inguruan: komentarioa gustu onekoa ala txarrekoa izan, Will Smithen erreakzioa lekuz kanpo zegoen.

Mundua den antzoki handian, Vladimir Putini ez bide zaizkio gustatu oholtza gainean NATOk egindako txisteak eta, horrela, zutitu eta zaplazteko militarra eman dio Ukrainari. Eta nahiz eta, behin eta berriz azpimarratu diguten bezala, gertakari jakin baten kausak eta arrazoiak bilatzea ez den gertakari hori justifikatzea, umore geopolitikoaren mugan zentratu dira baten baino gehiagoren azalpenak, kasik aldarrikatzeraino Putinek egin duena egitea bertze erremediorik ez zuela. Kasik txisteak zaplaztekoa zilegi bihurtu zuela iradokitzeraino.

Berrian, Angel Errok idatzi zuen ezusteko azterketa gaindutu dugula, edo gainditu dutela Will Smithen aferaz iritzia eman dutenek. Putinen inguruan, berriz, nik suspentso batzuk banatuko nituzke. Baina, jakina, gauzak zailagoak izaten dira gaiztoa ez delarik guk izatea nahiko genukeena.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko apirilaren 4koa]

Txisteak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude