Txiste zaharrak

 images.jpeg
Bai, azken gertakizunen karietara, belaunaldi gazteenek ezagutzen ez dituzten txiste zahar haiek berreskuratu beharrean aurkitzen gara gaurko egunean. Akordatzen zarete?: Zeintzuk dira munduan pertsonarik altuenak?, galdetzen zuen txistezale batek. Zeintzuk dira munduan batusiak ere baino altuago?, errepikatzen zuen gero. Eta denok geratzen ginen isilik zozo aurpegia jarrita, zer erantzun asmatu ezinda, galdera egileak berak eman arte arrapostua: Euskaldunak!
Automatikoki galdetzen genuen orduan, zozo aurpegiari eutsiz: Zergatik euskaldunak? Eta txistea kontatzen ari zen listoak erantzuten zuen: Guardia Zibilak tiroak airera bota eta euskaldunen bihotzetan jotzen dutelako. Ahhh!, egiten genuen gero, trajedia bati irri egin edo ez egin erabaki bitartean.
Txiste mingotsak ziren haiek, bidean asasinatutako jendearen albiste ematen zigutenak. Izan ere, garai hartan, manifestazioak zirela eta, Guardia Zibilak beti egiten zuen tiro airera, bertsio ofizialaren arabera, baina herritar euskaldunak geratzen ziren espaloietan hilda. Hortik txistea.
Bai, badirudi Lupiañez, Portu eta Sarasolari gertatutakoarekin ere txisteak egin nahi dizkigutela, auzoan eta etxean torturatutakorik ezagutu izan ez bagenu bezala, tortura lazgarrienen artean hil zuten Joseba Arregi ahazturik bageneuka bezala, Anparo Aranoa edo Unai Romanoren argazkiak sekula ikusi ez bagenitu bezala, Amnistía Internationalen txostenetan begiak sekula nekatu ez bagenitu bezala, Torturaren Aurkako Taldearen urteroko balantzeek sekula elektrokutatu ez bagintuzte bezala…
Larriena, hala ere, ez da Rubalcaba eta Zapateroren estatu konplizitate jasanezin hori, sozialista eta bestelakoen mutukeria, Demokratikoa deitzen den estatu horren itxurakeria. Ez eta nazioartean albisteak ukan duen oihartzun urria. Norberak jakingo du zein koloretakoak dituen tripak. Baina, badira gauza eta kontu okerragoak askozaz ere. Sar zaitez Espainiako edozein egunkariren interneteko orrietan eta ikusiko duzu hango iruzkin edo komentarioetan zer pentsatzen duen Espainiako populuak. Izutuko zara, abailduko zara, eta nahiko zenuke ez izatea planeta honetako: tortura asumituta dago, baldin eta ETAren aurka baldin bada. Motz geratzen da Bush eta bere Abu Grahib partikularra. Izan ere geuk ere, munduko herri altuena den honek ere, irentsi dugu egunero Guantanamokoa, aldaketa klimatikoaren antzeko zerbait bailitzan, ezin dugula ezer egin bere aurka eta merkromina eta tirita bat eta beste bat jartzen dugu egunez egun hura benetan existitzen dela jakiteak egiten digun pupuaren gainean.
Alabaina, orain ez gaude Kariben. Geuri egin digute bidegabekeria. Eta geuri dagokigu izugarrikeriaren aurkako borroka, geure herritarren defentsa, geure seme eta alaben bermea. Kosta ahala kosta. Oraingoan ez digu balio izango ostrukarenak.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080112

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)