Txikitasunetik

Txikitasunetik –

Faxismoa ate joka dugun honetan, nazismoa onartzen den garai hauetan, umeak ekarri nahi ditut gogora. Psikologia burgesean ere, bizitzaren lehenengo urteei garrantzi handia ematen zaie. Lehenengo bizipen hauetan, trauma edota nagusitzen garenean errotzen ditugun jarrera askoren oinarria omen dago. Hala ere, ezker moderno honetan, salbuespenak salbuespen, jendarte berria eraikitzeko apustuaren aurrean guztiz baztertzen da haurren afera.

Txikitasunetik
Arg: World Bank Photo Collection

Honekin ez dut esan nahi pertsona txikiak jaio bezain pronto, haiekin proselitismo egiten hasi behar garenik. Askoz sakonagoa, konplexuagoa eta zailagoa da, kapitalismoaren erdigunetik haurtzaro aske bat eskaintzen saiatzea. Are gehiago, sistema hiltzaile eta basatiaren barnean hau ezinezkoa delakoan nago, baina honek ez du esan nahi, gaurdanik, honetarako baldintzak, esperientziak edota saiakerak ezin ditugunik eraiki, beste esparru batzuetan sortzen ditugun bezala.

Haur eta zaharren haragietan, beste kolektibo batzuenetan bezala, jendarte kapitalistaren lege bat gorpuzten da. Hau da, logika produktibista honen arabera, berehalako etekin ekonomikoak sortzen ez dituztenak agentziarik gabeko pertsona gisa hartu eta tratatu egiten ditugu. Hau izugarrizko bidegabekeria izateaz gain, txikien kasuan jendarte osoaren etorkizuna baldintzatzen du. Kualitate hau ez onartzeak bere beharrak eta sentimenduak ez errespetatzea dakar; haien autonomia haintzat ez hartzea, hain zuzen ere. Alemanian, nazismoa onartu zuen belaunaldia hezitzeko erabilitako giza arau batek zera baieztatzen zuen: helduok umearen behar fisiologikoen kontrola ezartzearen bitartez, seme-alaben izaera menperatu ahal zutela. Gaur egun, ekiteko modu batzuk horrelako teorien ondorengoak dira.

Afera hauek, normalean eremu pribatuan geratzen dira, baina guztiz soziala da kontua. Erantzuna, beraz, maila honetan eratu behar da. Aldiz, gure inguruan proposatzen diren kriantza eta pedagogia gehienak gutxi batzuen eskura daude. Munduan jaiotzen diren umeen gehiengoak miseria gorrian egiten badu, nola izango du haurtzaro aske baterako aukerarik bere oinarrizko behar materialak asetuta ez baditu? Bera zaindu behar duten helduak soldatapeko lanaren esklabismora kondenatuta badaude, etxea bermatu ezin badiete, edota kapitalismoak gaixotuta badaude?

Helduon inguruan eraikitako espazioen inertzia apurtzen ez badugu, autoritarismoa lehenesten duen logika hezitzailea ezartzen ari gara. Bide honetatik jarraituz gero, erregimen tiranoa errazago onartuko duten helduak sortuko ditugu. Aldiz, txikien gaitasunean eta autonomian konfiantza jarriko bagenu, ikusiko genuke beraiek guri lezio asko emateko kapazak direla; umeen freskotasunak, barnean daramagun mundu zaharkitu honetatik aldentzea ahalbideratuko digula, eta jendarte eta pertsona berriaren eraikuntzarako haziak bertan aurkituko ditugula. Jose Martik, pentsalari eta borrokalari kubatarrak argi zeukan: “Umeak munduaren itxaropena dira”.

Txikitasunetik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude