Turismo erradioaktiboa

Turismo erradioaktiboa –

Ba ote dauka gizakiak ardura handiagorik poemak, kantuak, filmak edo artelanak nork bere emozioen arabera ordaintzen ikastea baino?

Horixe diosku Pako Aristik Emozio baten prezioa deritzon olerkian. Zale porrokatua ez denari kosta egiten zaio ulertzea zergatik zenbaitek ehun euro ordaintzen duen futbol norgehiagoka bat ikusteko, esate baterako. Laurehuna eurotik gora ordaintzen du turista andanak Txernobilgo zentral nuklearraren hondarretan sartzearren. Oraindik erradiaktiboki kutsatuta dagoen lekua bada ere, hainbatek sartu eta bertan egon nahi du, arriskuak arrisku. Turismo siniestroa, turismo makabroa, turismo beltza; izenak aukeran bataiorako. Bidaia agentziek “Heriotzaren zubian” gelditzea eskaintzen dute. Iluntasunean dir-dir egiten duen arropa “kutsatua” eros daiteke, baita izozki “erradioaktiboa” ere. Txernobilgo airea duen potetxoa 17 euroan dago salgai.

Turismo erradioaktiboaTxernobilgo istripu nuklearraren eraginez 90.000 lagun hil ziren, gutxienez. Orain, 34 urte geroago, HBO telebista katearen Txernobil telesailak boladan jarri du gunea, eta bisitariak izugarri areagotu dira. Gardena da Ukraniako presidente Volodymyr Zelenskiy-ren plana, gunea “turismo-paradisu” bilakatzea. Horren argi ikusten ez ditudanak turisten asmoak dira. Emozio deskribagaitz baten bila joaten ote dira?

Zentral nuklearraren zaintza-aretoak bisitatzen dituzte turistek, telesailean agertzen direnen moduko txabusina eta gorra zuriak uzten dizkiete, selfieak gustura samar egin ditzaten. Zaintza-aretoetarako sarrera aspalditik dago baimenduta, baina ez da horrela izan beste gune batzuetan. Leherketa 4. erreaktorean gertatu zen, eta bertara ezin izan da turistarik sartu duela lau hilabetera arte. Orain, turismoa handitzeko asmoz, zabaldu egin dira ateak; aurretik lehiatilatik igarota, noski. Han maila erradiaktibo kezkagarriak dira oraindik, arruntak baino 40.000 aldiz handiagoak. Bisitariek arropa babeslea jantzi behar dute sartzeko, gehienez bost minutuz egon daitezke barruan eta ostean erradiazio kontrola egin behar dute. Non ote dago hori egiteko motibazioa? Emozio ezkuturen bat da turista hori egitera bultzatzen duena? Emozioen arloa sakona eta iluna izaten da batzuetan, ulertezina agian. Eta hortik at, zail dago turismo horren motibazioa, arrazoia aurkitzea.

Duela urte batzuk, 1998ko martxoaren 30ean, PPko kide Bartolo Rubia desagertu egin zen. Jaen-go La Carolina herriko zinegotzia zen Bartolin. Canal Sur-rek eta Diario de Jaen-ek dei anonimo eta misteriotsua jaso zuten, laburra, bahiketa batez ziharduena: “bahitutako zinegotziaren autoa Linaresen dago”. ETArengan pentsatu zuen poliziak, baita ikerketa abiatu ere. Hamabi ordu geroago Bartolin Irungo komisaldegian sartu zen, bahitzaileengandik ihes egin zuela adieraziz. Bartolin trebe ausartak bahitzaileen furgonetatik jauzi egin omen zuen ezponda batera, maisuki, ospa eginez.

Baina Bartolinen kontakizunak zalantzak utzi zituen, batez ere xehetasun ñimiño batengatik: bahiketaren berri emateko hedabideetara egindako deia berorren telefonotik egin zen, eta berori zen hizlaria. Bolada batez, bolo-bolo ibili zen esamoldea: “Eres más tonto que Bartolo, que se secuestró él solo”.

Turismo erradioaktiboa

Zer duzu buruan “Turismo erradioaktiboa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-02-28 19:43

    Bizitza, esperientzia bilduma batean bilakatu dute. Baina bilduma hori ez da gero pribatuan begira egoteko, ez, erakutsi eta beste bildumekin alderatzeko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude