Tsarren garaian

Tsarren garaian –

21 urte nituela San Petesburgora joan nintzen bisita gidatu batean eta inoiz ez zait ahaztuko Saint Isaac Katedrala ikusi nuen momentu hura: urrutitik txikia zirudien baina gerturatzen joan ahala bere benetako dimentsioa ikusi ahal izan genuen: 100 metroko altuera, dena marmolezkoa, urrezko kupula, benetan ederra.
Tsarren garaian

Orduan gidak kontatu zigun nola eraiki zuten 40 urtez 1818tik 1848ra Alexander I.aren aginduz. Eta dena eskuz egin zutela garai hartan: eskuz eraiki zituztela zutabe guztiak eta eskuz urreztatu kupula. Baina nolata urrea moldatzea hain zaila izanik? Gidak kontatu zigun urrea merkurioarekin nahastu zutela eta material biak kupula gainean jarrita mailuarekin ematen zietela, horrela merkurioa haustuz eta urrea itsatsita geratuz. Kupula erabat dotore geratu zen. Ez dut gogoan zenbat langilek egin zuten eta ezin izan dut inon aurkitu (!!) baina gogoan dut biharamunean langile denak hilda zeudela. Eta orduan pentsatu nuen: “Uff, eskerrak ez garela Tsar-en garan bizi”.

Benetan?

Askotan gogoratu naiz ideia horretaz, langile haietaz.

Gaur egunera etorriz: zenbat langile hiltzen dira urtero? Zein merke ateratzen zaie enpresariei langileren bat hiltzen bada? Zenbat langile gaixo joan behar dira lanera? Eta bestalde, zenbat langile daude lanerako gogoz eta lanik gabe?

Tsarrak bota zituena Errusiako Iraultza izan zen. Eta iraultza horrek eman zizkien langileei eskubideak, egiten duten lanaren bitartez dagokiena. Ondoren, komunismoaren beldurrez, beste estatuek hainbat kontzesio egin behar izan zituzten jendea pozik (lasai) uzteko.

Baina urteetan zehar langileei eskubideak kendu, zapaldu eta miseria gorrian uzteko plangintza neoliberalak aurrera darrai. Eta argi dago langileria ez bada antolatzen beste aldeak ez duela gupidarik izango.

Europako Funtsen truke egingo dituzten murrizketak direla eta momentu erabakiorrean gaude. Ez dugu prekarietaterik nahi. Ez dugu lanean hildako gehiagorik nahi. Ez dugu lanean gaixotzerik nahi. Ez dugu lanera gaixorik joan nahi. Ez dugu hil arte lan egin nahi. Ez dugu bizitza guztia lanean pasa nahi. Bizi nahi dugu, ondo bizi.

Tsarren garaian ez zuten sindikaturik. Guk bai.

ELAk Fundazio berri bat sortu du prebentzioaren inguruan lanketa berezi bat egiteko. Heriotzak ez hain merke ateratzeko. Baita EREn ondorioz lanik gabe geratuko direnen baldintzak defendatzeko talde bat ere.

Hori guztia beharrezkoa da baina ez da nahikoa. Benetan Tsarren garaira ez badugu itzuli nahi, haserretzea beharrezkoa da: haserretu gure kontura aberasten direnekin, aberastu gure osasunaren kontura, gure murrizketen kontura, gure jubilazio ezaren kontura, gure miseriaren kontura.

Esnatu. Antolatu. Afiliatu. Mugitu.

Eta Tsarrak soilik ipuinetarako utziko ditugu.

Tsarren garaian

ELA sindikatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude