Trafikoaren korapiloak askatu eta gero

Trafikoaren korapiloak askatu eta gero –

“Bukatu da errepide gehiago eraikitzeko politika. Gure etorkizuna beste alde batetik doa”. Horixe adierazi zidan batzar batean orain dela 13 urte orduko Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Lan Publikoko Sailburu Nuria López de Guereñuk. Eskaintza handitzeari utzi eta eskaria kudeatzekoak omen ziren. Alabaina, beti esan izan da EAJ-k bi arima dauzkala, eta antza arlo honetan ere beste horrenbeste. Foru Aldundiek hitzetatik haratago doana erakutsi izan digute behin eta berriro harrezkeroztik, batik bat Bizkaikoak.

Trafikoaren korapiloak askatu eta gero

Horretan, Biloboko Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea izan da izarra. Inoiz ez da nahikoa, eraikuntza arloko enpresak beti izaten dira prest negozioa egiteko, eta esaera zaharrak dioen lez, txakur gosea beti erne. Krisialdiaren ostean Aldundiaren diru-kutxan berriz diru gehiago sartzen hasi denean, zaharrak berri. Supersurra handitzeko lanei ekin diete, ingurumen kalteak larriak izan arren. Gastua 200 milioi eurokoa izango ei da, Supersurrek balio izan zigun 1.200 milioiei gehitu beharrekoak. Getxo eta Sestao arteko Bilboko itsasadarraren azpiko tunela iragarri dute orain, 407 milioi. Hau zerrenda amaigabea, zioskun Hertzainak-ek.

Munta horretako diru-eralgiketa jusifikatzearren, Aldundiak omen dituen inkesten emaitzei egin die erreferentzia Pradales Ahaldunak: “10 bizkaitarretik batek 8k beharrezko ikusten dute tunel hori”; eta lasai asko geratu da.

Badaezpada halakoren batean Bizkaiko Foru Aldundiak bestelako mugikortasun politika ezarri nahi duen, benetan iraunkorra eta klima larrialdi egoerarekin bat etorriko dena, eskura dituen beste datu batzuk gogoraraziko dizkiogu. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte argitara emandako inkestaren arabera, herritarren %82 auto pribatuaren erabilera mugatu eta garraio publikoa sustatzearen alde dago, %90ek uste du benetan gertatzen ari dela klima-aldaketa, %83 kezkatu samar, oso kezkatuta edo erabat kezkatuta dago klim-aldaketarekin, %88 jabetzen da energia gutxiago kontsumitu behar dela eta %85 erosotasun batzuei uko egin beharko zaiela.

EAJ-k Bizkaiko Batzar Nagusietarako azken hauteskunde programan garapen iraunkorraren eta klima-aldaketaren prebentzioa agindu ezezik, honakoa zioen:

Etorkizunari begira apustu hau egiten dugu Bizkaiko mugikortasunerako, hurrenkera honetan: trena, bizikleta eta abarka. Badago jarrera global bat ibilgailu pribatuari dagokionez, eta horren arabera ibilgailua ahalik gutxienean erabili behar da… Atzeraezineko jarrera bada ere, jakin badakigu hamarkadak ditugula aurretik jarrera hori modu asebetegarrian egiteko…Erantzun irmoa eman behar diegu gure sare nagusiak oso gune jakin batzuetan pairatzen dituen auto-ilaren arazoei. Uste osoa dugu itsasadarraren azpiko tunelak eta Supersurren bigarren faseak eraginkortasunez lagunduko dutela…Behin esku-hartze handi horiek (itsasadar azpiko tunela eta Supersur handitzea) sarearen korapiloak askatu eta gero…

Berriro ere, botere atzerakoienak ebazten ari dira nora doazen aurrekontuen partida itzelak zertan inbertitu dirutza, eta zer baztertu dirurik ezaren aitzakiapean. Zenbat atzeratu da Galdakaoko ospitalerako metroaren linea? Zer egoeratan ditu Euskotrenek trenbide zerbitzuak? Ingurumenaren egunean adierazpen politak egingo dituzte, baina erabakitzean, duela hamarkadetako politika eta lehentasun berberak. Hori bai, soilik korapiloa askatu arte. Jakin badakitelarik era horretan ez dagoela korapiloa askatzerik.

Konponbideen aurka doa errepide gehiago eraikiz autoen pilaketak konpontzen saiatzea, hamarkadak dira Europar Batasunak horretaz ohartarazten diguna. Izan ere, bide-azpiegitura berria eraikitzen denean, ezkutuan egon den eskaria aktibatzen da. Horrek esan gura du errepideetan ilara gutxiago izatea lortzen denean, ordura arte hortik autoz ibiltzen ez ziren bidaiariak erakartzen direla.  Autoak ibiltzeko eremu publikoa handitzeak trafikoa ez murrizteaz gain, gizakion osuasuna eta ingurumena kaltetzen du.

Induzitutako trafikoaren adibideak nonahi ditugu. Sydney-ko badia gaineko zubia 180.00 ibilgailuk zeharkatzen zuten egunero 1991n. Azpitik tunela ireki zuten 1992an, eta hiru urte geroago 250.000 ibilgailu ibiltzen ziren egunero; hau da, %38ko izan zen induzitutako eskaria, nahiz eta biztanleria %4 baino ez zen areagotu.

Klima larrialdi egoerarekin bat etorriko den garraio politikak helburu nagusi bi izan beharko ditu: egungo mugikortasun maila murriztu batetik, eta ibilgailu pribatuari erabiltzaileak kendu bestetik, oinezkoak, eta txirrindulaz zein garraio publikoan doazenak areagotuz.

Europar Batasunak klima larrialdia deklaratu du, eta mugikortasun politika aldatu beharra aldarrikatu; izan ere, Negutegi Efektuko Gasen emisioen herena garraio sektoreak eragiten du, eta horren barruan %72 errepideak (%95 EAEn). Testuinguru horretan, errepide gehiago eraikitzeko politikak ez du batere laguntzen. Duranton, Turner, Mumford, Dechenaux, Marrero, Marina Gonzalez, Hoyos… asko dira gaiaz ikertu duten adituak eta ondorioak norabide zehatzean doaz. Rementeriaren kontrakoan hain zuzen. Egungo politikek korapiloa askatzen dutenerako, ketan itota izango gara.

Trafikoaren korapiloak askatu eta gero

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude