Tomatea

TomateaEne buruari galdetzen diot zer egingo duten hemendik aurrera nire izebek Tomate telesaioa gabe. Asmatuko ote duten bizitzen hango gorabeherak hitzetik hortzera erabili gabe. Zertaz hitz egingo dute Pantojaren patuaren albiste izan gabetan? Nork aseko ditu haien jakin-gosea eta bizipoza?

Baina ez nire izebak bakarrik. Antza, Espainia guztian eta Hego Euskal Herrian ere bai, milaka izango dira zurtz geratuko direnak. Izan ere, audientzia handiak izan ditu saio horrek jaio zenetik, baina handienak geure artean. Hainbeste Guggenheim eta hainbeste Tabacalera, to Tomatea.

Geuk kasu handiegirik egin ez diogun arren, saio hori askotan izan ei da egun guztiko saiorik ikusiena, eta siestako lozorroan egokitu zaigu noizbait hango kontakizunekin auzo lotsa pasatzea. Han gertatu zen gauza bat, apuntatu egin nuen neure libretatxoan, beraz, sofako siesta bertan behera zapuztu zitzaidan boligrafo bila jaiki beharrarekin.

Kontua da, Tomate saioko bi aurkezleek, joan zen urteko Urriaren 3an (gauzak apuntatzearen onurak!), paso eman ziotela Marbellako klinika baten aurrean zegoen kazetaria-edo zen norbaiti. Antza, egun haietan Julián Muñoz, Marbellako alkate ohia, zen albiste nagusi saio hartan eta haren osasunaren berri jakin nahi zuten. Konexioa egiteko orduan, honela esan zion hitzez hitz estudioko aurkezleak, kanpoan zegoenari: “¿Cómo has visto tú, que ni siquiera has estado con él, a Julián Muñoz?”. Eta ondoren, kazetaria-edo zen beste emakumeak kronika luze eta oso bat bota zuen omenka.

Egia, ezin izan nion kasu handiegirik egin, harrapatuta eta katramilatuta geratu bainintzen estudioko aurkezlearen hitzekin: “¿Cómo has visto tú, que ni siquiera has estado con él, a Julián Muñoz?”. Ene ustez, galdera egiteko modu horretan laburbiltzen da hobekien Tomate delakoaren (eta beste saio askoren) esentzia. Ezen esan gabe baitoa arrakastaren funtsa: “kontaiguzu ezer ez dakizun horrek, gauzak nola diren egiazki”. MacLuhan eta Sokrates bera harri eta zur uzteko moduko esaldi antologikoa begitandu zitzaidan.

Lehengo astean ere, Tomaten ez, baina kate horretako lehiaketa batean, honakoa entzun nuen. Bigarren letra A duten animalia izenen bila ari ziren: Pato, vaca, ganso eta horrelakoak. Diru mordoa zegoen jokoan eta halako batean, emakume batek “pájaro” esan zuen telefontik. Aurkezleak, penaturik, honela erantzun zion: “Pájaro no es un animal, es un ave”. Eta  eten egin zioten telefonokoari dirua irabazteko aukera.

André Breton berari ere ederki kostako zitzaiokeen tamaina horretako surrealismorik lortzen. Batzuetan, diamantezko pitxiak doan erortzen dira pantailatik salako alfonbraren gainera. Dena urre eta dirdir.

Lasai egoteko esango diet izebei, programatzaile eta exekutibo bikainak dituela gaur egungo telebistak. Apustu egingo diet, gainera, nahi baldin badute: azkar baino lehen,  baietz ikusi Tomate baino are okerragorik.

Hasier Etxeberria. 080202. El Mundo.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Tomatea”-ri buruz

  • Pentsatzen dut batzutan euskaraz behar genukeela izan horrelako zerbait. Sautrela oso jende gutxik ikusten du. Eta kaka jaten, barka, tomate jana egiten, berdin-berdin bukatuko lukete euskaraz egon, edo ez egon.

  • “Pájaro no es un animal, es un ave”.

    “André Breton berari ere ederki kostako zitzaiokeen tamaina horretako surrealismorik lortzen”.

    Hau ateraldia! Barre ederra botarazi didazuna! Egia esateko nahiko surrealista da telebistak eskaintzen digun errealitatea…

    Agur

    Mikel

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude