Tom Harcy´s life (3.kapitulua)

Tom Harcy´s life (3.kapitulua)

Goiza zen jada eta negozio familiarra zabalik zen. Txakur batek, aparkatuta zegoen auto gorria usnatzen zuen bitartean sartu zen gizon biboteduna dendan. Harrituta geratu zen bertan zen hatsarekin; gernuaren eta espezia indioen nahasketa batekin zintzelatutako paretak zirela iruditu zitzaion une batez, “Ahjjjj…!”

Kazadora marroia eta betaurreko ilunak zeramatzan gizon indartsuak, eta nazka aurpegi konstante bat soinean… Tomek ez zekien zergatik. Gizon nazkagarri soil bat zelakoan, hura pakean lagatzea hauteman zuen, zentzudun jokatuz.
Tom gizajoak ez zekien, zergatik jaitsi zen hainbeste erosleen tasa azken urteetan… garbi zegoen hala ere lokal zikinak eta honen atarramendu zen usainak zutela erru guztia, hau da, berak.

Harrisonen falta sumatzen zuen askotan. Denda seguratarik gabe geratu zen istripu lazgarriaren ondoren. Dendaren irabazien %50a galdu zuten, hau da, honek limosna gisa jasotzen zituen txanpon guztiak. Harrison gaixoa mugitu ezinik, hitz egin ezinik eta ia ia bizi ezinik geratu zen. “Baina kabroiak jan ederki egiten dik, eta kaka lehen baino ugariago!” Bakarrik hitzegiten hasia zen jada Tom.

Koipe zaharra erretiratzen aritu zen denda ireki aurretik, goizeko lehen eguzki izpien pean eta koipetsu zituen eskuak eta kamiseta tiranteduna. Prakak duela bi hilabeteko “bolognesa” saltsaren orban pare bat besterik ez zuten. Garbigailua estropeatu zenetik…

Kazadora marroidun gizon bibotedunak ez zirudien erosketarik egitera zihoanik, ez baitzuen artikuluak begiratu besterik egiten. Ez ote zen etorri udaletxetik ea erreglamentua errespetatzen zen ikustera… Hori pentsatzen zuen Tomek. “Ziur inspektore bat dekela… nazkagarri aurpegi horrekin zer bestela…” ia-ia berarengana joan eta esan nion, EZETZ nazkagarri aurpegiarena higiene faltarena eta gernu espeziatuaren usainarena zela… ez ote da konturatuko inoiz gazte hau… Baina tira, bera tematuta zegoen inspektorea zenaren ideiarekin.

Laster alde egin zion ideia honek burutik.
Gizon bibotedun indartsuak, txikleen sekziotik etorri eta 38. kalibreko pistola atera zionean muturren aurrean hain zuzen. Orduan txikitan ikusi zituen bakeroen pelikula guztiak oroitu zituen, nola hiltzen ziren cowboyak, eta nola egurrezko teilatuetatik jausten ziren zaldiek edateko putzuetara. Nola sheriffak ere bazuen horrelako, 38.kalibreko errebolber bat… nola bere aitak ere beti izan zuen bat gurasoen logelako bigarren armairuko laugarren kaxoian gordeta, “porsiakaso, lapurrak badatoz seme.”

“Emaidak daukaan diru guztia, memelo hori!”, benetan jakingo balu dendak irabazten zuena eguneko, lehenago alboko kioskoa lapurtuko luke. Tomek pena aurpegiarekin begiratu, eta ez zuela dirurik esan zion honi; azken aldian gaizki zihoala negozio familiarra… aita tetraplejiko zuela eta bazirela bi aste Parrotek ez zuela jaten. Gizonak, parre egin, eta sekulako zartakoa eman zion buruan pistolarekin lau zentimetroko zuloa eginaz. Eta ondoren zigarro bat piztu zuen.

Dendaren ateak ixtean egitez zuen dilindotsa izan zen Tom gazteak entzun zuen azken hotsa egun hartan, eta kanpoko txakurraren zaunka. Auto gorrian alde egin zuen lapur bibotedunak eta dendako lurra gorri utzi zuen odolez…

Egun gorri bat gehiago.

tom-harcy

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude