Titulitis

Titulitis –

Unibertsitateko doktoretza kurtso bateko lehen egunean kide batek hitz madarikatua esan zuen. Kurtsoa zergatik aukeratu genuen galdetu zuen irakasleak, eta honek doktoregaietan titulitis garaiak gogorregi  jo ez ote zuen galdetu zuen altuan. Hitzok errealitatearekin kolpatu ninduten berehala. Eta ez bakarrik klase hura euskarazko C2 titulua eskuratzeko ikastaro bat zelako, baizik eta nik jarraian, asteartero lez, ingeleseko Advance azterketa gainditzeko beste ikastaro batera noalako.

Titulitis
LEONARD BEARD-en ilustrazioa

Titulitis hitza Interneten begiratu dut, eta hara, RAE-k 2001tik hitza gehitua duela konturatu naiz. Titulitis-a, hiztegiaren arabera, zera litzateke: “ezagutzaren bermerako tituluen garrantziarekiko jokabide neurrigabea”. Hau da, pertsona baten ezagutza maila tituluen eta ikasketa ziurtagirien arabera aitortzea. Eta ezinbestean, kurrikuluma puztuta zuten politikari horien eskandaluekin gogoratu naiz, eta noizbait etorriko den burbuila kurrikularraren eztandak sektore batzuk gogor kolpatuko dituela ere oroitu dut. Baina nire kasura bueltatuz, Titulitis beroaldian erori edo honen biktima zuzena naizen dilemarekin jarraitzen dut. Horregatik, eta nire gaineko kulpak arindu nahian, nire buruari ea titulu horiek benetan behar ditudan galdetu diot. Eta bai, erantzuna tamalez, baietza da. Enpresa pribatuetarako lan egin behar ez badut ere, tituluak (batez ere linguistikoak) momentuz hori dira: puntuak, aukerak, lista batean gora egiteko flotagailuak, erakunde publiko bateko beka jasotzeko erakargarriago bihurtzeko makillajea. Eta testuinguru horretan mugitu behar naiz hobe beharrez, kurtso, kurtsilo, diploma eta abarrekoak eskuratuz, ibilbide akademiko osatua egin dudala frogatzeko. Gradu bat, bi master eta doktoretza eskuratzeko bidean dagoen honi euskarazko C2 maila gainditzeko ikastaroari denbora nondik aterako dion pentsatzeak loa kentzen diola.

Titulitis-aren lakra beraz, ez da bakarrik meritokraziaren aldarrian elite boteretsuenek titulu jakin batzuekiko eskumena izatearen ondorio nagusia. Behe erdi mailako jendeak dugun presioa ere bada, eta kasu batzuetan, ez dator ekimen pribatuetatik, instituzioek beraiek asimilatu duten titulitis-agatik batik bat, hautagai/ez-hautagai bihurtzeko irizpide izaten dena.

Titulitis