Sistema- Aditua eta Distopiak (eta II)

Sistema- Aditua eta Distopiak (eta II) –

Sistema- Aditua eta Distopiak (eta II)Kutxazaina ataskatu da, eta ezin dut maileguaren kuota garaiz ordaindu. Multinazional batek bere bazkide bilakatu nau, nik eskatu gabe, eta urtero 30 euro kobratzen dizkit. Inprimaki baten falta, funtzionario batek ez dit eskaera onartu, datu guztiak pantailan baditu ere, Telefono berria doakoa zelakoan hartu, baina 6na euroko 40 kuota ordaintzeari ekin diote. On-line erositako armairua osatzeko modurik ez dut; telefonoa ez didate hartzen; gasolina bota dut, txartela sartu, irentsi dit; ez dago inor leihatilaren beste aldean. Modema izorratu, eta nire errua dela dio telefonoaren hariaren beste aldean dagoen robot batek.

Sistema- Aditua aspalditik ari da hedatzen gurea bezalako jendarteetan. Kapitalismo transnazionala oinarrizko behar guztien kudeaketa eskuratzen ai da, eta batik bat behar berriak sortu ditu, behin betiko, euren atzaparretan egon gaitezen. Ez dago ihesbiderik. Sistema-Adituak ez du herritarrekin aritu nahi, bezeroekin mintzatzen da, kontsumitzaileekin solasten du.

Lan horretan ezinbestekoa izan da, ordea, zenbait politikariren laguntza, herritar izaera ukatu eta bezero gisa tratatzen baikaituzte: produktu faltsuak saltzen, emandako hitza jaten, manipulatutako estatistikekin itsutzen. Euren lanak sari izango du, Legebiltzarreko jesarlekua enpresa horietako larruzko besaulkiz ordezkatuko dutelako erretiroa hartu baino lehen.

Pandemiak areagotu du jarrera hau. “Adituen” hitzak sententzia bilakatuz, zalantza debekatuz, kritika madarikatuz. Aditu batzuen hitzak titular guztietan ageri dira, beste ahots batzuk, berriz, iraindu dituzte etiketa inozoak jarriz.

Pandemia kudeatzeko beste bide batzuk bazeuden, baina neoliberalismoak ez zeukan tresnarik. Zerbitzu Publiko gehienak birrindu ostean, Estatu neoliberalek ezin zion aurre egin egoerari multinazionalen laguntzarik gabe, multinazional horiei negozio itzela eskaini gabe, alegia.

Kapitalismo Transnazionalak indarrean jarri zuen bizimoduak gogaitzen gaituenez, aisialdia zen ihesbidea. Aldiz, Sistemaren langileak trebeak direlarik, aisialdiaren kontrola ere bereganatu behar zuten. Aisialdiak kontsumo konpultsiborako unea izan behar zuen. Hori lortutakoan, bere nagusitasuna egonkortzeko beste pausu eman behar zuten: aisialdirako baimena eskuratzea. Pandemiaren kudeaketaren ardatzetako bat hori izan da.

Hegoaldeko Euskal Ezkerrak ere (ume)zurtz utzi gintuen. Sistema urrats erraldoi bezain arriskutsua emateko prestatzen ari zelarik, eskubide kolektiboak eta indibidualak uztartzeko gaitasunik ez zuen izan. Norabide estrategiko aldaketa batean ari zela, zorrotzetan zorrotzenekin bat egitea erabaki zuen, zaurgarriak ziren sektore askoren premia materialak eta psikosozialei erreparatu gabe.

Eszenatoki sozial berri hartan, hutsuneak sortu ziren, kaleak hustu ziren. Betetzen hasi zirenerako, munstro batzuk jaioak ziren; eskubide indibidualak kolektiboen gainetik ezarri nahi dituztenak eta Sistema-Adituaren “alter ego” osagarria: ukatzaileak. Bertsio ofizialak bere “guru” orojakitunak dituen moduan, ukatzaileek ere eurenak dituzte. Batzuek eta besteek datuen zaparradan ito ziren, ito gaituzte.

Orain kaos hutsa pairatzen dugu. Jendarte sareak birrinduta, mesfidantza, arrakala itzela ezkerreko kolektiboetan, lagun taldeak haserre… Kikilduta gaude, amorratuta, muturtuta, Sistema-Adituak lortu du. Ez dakigu norekin gauden haserre, ez dakigu zergatik galdu dugun bizipoza, itxaropena, kemena. Horretan datza Sistemaren garaipena, hain zuzen ere.

Eskubide kolektiboak eta indibidualak batera, une orotan, babestu behar ditugula barneratu gabe, ez dago alternatibarik. Kontsumitzaile izateari uko eta herritar aktibo izateari heldu ezean, akabo, Distopiaren atarian geundeke.

Sistema- Aditua eta Distopiak (eta II)

Donostiarra Pasaiaratua.