[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXIII

[Simone Weil] Erroztamendua Eta Nazioa XXIII – 

Erroztamendua eta nazioa (XXIII. bidalketa)

[Simone Weil] Erroztamendua Eta Nazioa XXIIIEgonkortasun sozial garaian, zeinean, salbuespenak salbuespen, izengabetasunean bizi direnak bertan egoiten diren guti gora behera, zeinean izengabetasunetik ateratzeari ez dute pentsatzen ere, jende horiek ezin dira etxen sentitu urgulu eta ospearen distira gainean oinarrituriko patriotismoaren barnean. Preseski urgulu eta ospearen distira horien adierazpena diren Versailles-eko saloinetan bezain arrotz sentitzen dira. Ospea izengabetasunaren kontrakoa da. Ospe miltarrei gehitzen baditugu ospe literarioak, zientifikoak eta bestelakoak, patriotismo horretan jarraituko dute beren burua arrotz sentitzen. Horregatik egonkortasun garaian, Frantses ospetsu horietariko batzu populutik atera direla jakiteak ez ditu asko kontsolatuko.

Aitzitik, populu xumeari patria aurkeztua baldinbazaio zerbait eder eta preziatu bezala, baina batetik ez-perfektua ez dena, eta bestetik biziki hauskorra dena, zorigaitzaren mehatxupean, maitatu eta babestu behar dena, orduan eta populu hori arrazoiz sentituko da patria horretatik beste klase sozialak baino hurbilago. Izan ere, populuak badu ezagutza baten monopolioa, denetarik inpotanteena beharbada, zorigaitzaren errealitatearena alegia; horregatik, askoz sakonkiago sentitzen du zein prezio daukaten zorigaitzetik babestuak izaiteko merezi duten gauzek, zenbait norbera obligatua den horiek maitatu eta babestera. Melodramak islatzen du sentsibilitate herrikoiaren egoera hori. Merezi luke aztertzea zergatik den forma literiaro hain eskasa. Baina melodrama molde makurra izaitetik urrun dago, aitzitik errealitatetik oso hurbil da zentzu batean.

Patriaren eta populuaren arteko horrelako erlazioa sortzen balitz, populuak bere sofrikario propioak ez lituzke gehiago sentituko patriak bere kontra egiten dituen krimak bezala, baizik eta bere baitan eta bere bidez patriak sofrituriko gaitzak bezala. Eta diferentzia hau garrantzia zinez erraldoiekoa da. Beste zentzu batean, tipia da, eta guti behar litzateke diferentzia hori garaitzeko. Bai baina beste mundu batetik letorkeen guti bat. Diferentzia horren garaitzeak eskatzen du estatua eta patria bereiztea. Gerta daiteke xoilik Corneliar moduko handitasuna abandonatua bada. Baina abandonu horrek anarkia ekarriko luke, horren ordezteko estatuak berariaz estimu berretura bat ez balu lortzen.

Horregatik ez eiki da itzuli behar parlamentu bizitzaren eta partiduen borrokaren modalitaterat. Baina garrantzizkoena da beharbada poliziaren erabateko birmoldaketa. Zizkunztantziak horren alde izango lirateke. Eta interesgarria litzateke Ingalaterrako polizia etsenplua aztertzea.

Gisa guziz, lurraldearen askatzeak ekarriko du polizia gizonak baztertzea, etsaiaren kontra pertsonalki aritu direnak izan ezik. Haien ordez estimu publikoa duen jendea jarri behar da. Nola, gaur, zorigaitzez dirua eta diplomak estimu horren iturri nausiak diren, ajente eta inspektorretarik has, ikasketa maila nahiko altua eskatu behar da, eta maila goragoan eskatu behar dira diploma biziki serioak eta jende horiek guziak ongi ordaindu behar dira. Eskola handien moda jarraizen badu Frantzian—berez gauza ona ez dena baitezpada—poliziarentzat horrelako eskola behar litzateke, kandidatuak konkurtxoz errekrutatuko lituzkeena. Egikera arruntak lirateke hauek, baina horrelako zerbait beharrezkoa litzateke. Gainera, garrantzizkoena dena, ez dira existitu behar prostitutuen eta justiziak zigortuen taldeenak bezalako kategoria sozialik zeinak existentzia ofiziala izango bailuke poliziaren plazerrari eskainiriko artalde gisa eta zeinak poliziari biktimak eta konplizioak eskainiko bailizkioke. Izan ere, orduan, poliziarentzat bi aldetik kutsadura ekidinezina da, bi aldetik kontaktuak desohoratzen du. Legedian, kategoria sozial bata eta bestea ezeztatu behar dira.

Gizon publikoek egindako estatuaren kontrako iruzun krimenak esku armatuzko ohointza baino zorrozkiago zigortu behar dira.

Estatua, bere funtzio administratiboan, agertu behar da patriaren ontasun publikoen kudeatzaile zintzoa bezala, kudeatzaile guti edo aski ona. Baina, arrazoiz pentsa dezakegu, orokorrean, txarra izango dela ona baino gehiago. Izan ere estatuaren ataza zaila da eta burutzen du baldintza moralki kontrakoetan. Hala ere berari obediatu beharra ez da gutiago derrigorrezkoa, ez estatuak izango lukeen agintzeko eskubide batengatik baizik eta estatua ezinbestekoa delako patriaren egonkortasunerako eta bakerako. Edonolakoa izan dadin, estatuari obeditu behar zaio, bidaiatzen duten burasoek zaintzale kaskar bati gomendio eman dituzten haur zintzoek burasoen amodioarengatik zaintzale kaskar horri obeditzen dioten bezala. Estatua ez bada kaskarra, hainbat hobe. Gainera iritzi publikoaren presioak akulu batek bezala beti eragin behar dio mediokritatetik jalgiarazteko. Baina estatua izan dadin kaskarra ala ez, obedientziaren obligazioa berdina da.

Estatuaren alderako obedientzia ez eiki da mugagabea, baina ezin du mugarik eduki kontzientziaren asaldatzea baizik. Eta limita horretarako ezin da eman irizpiderik. Norberak ezin du behin betikotz finkatu irizpide bat bere erabilera propiorako; Sentitzen denean ezin dela gehiago obeditu, orduan desobeditzen da. Baina, zer nahi gisaz, desobeditu ahal izaiteko krimenik egin gabe bada baldintza bat beharrezkoa, nahikoa ez izan arren. Baldintza horrek exigitzen du obligazio batek -hau hain larderiatsua izanki nun arrisku guziak, salbuespenik gabe, mespretxatzera derrigortzen gaituen- bultza gaitzan. Desobeditzeko kinkan bagara, baina gehiegizko danjer batek gelditzen bagaitu, orduan barkaezinak gara edo desobeditzea pentsatu izanagatik, edo desobeditu ez izanagatik. Gainera desobeditzera zinez obligatuak ez garen guzietan, zinez obligatuak gara obeditzera. Herri batek ezin du libertatea eduki bertan ez bada aitortua botere publikoari desobeditzeak -betebehar laderiatsu baten sentimentutik ez datorrenean- lapurtzeak baino gehiago desohoratzen duela. Bestela esanda, orden publikoa iritzi behar da jabetza pribatua baino sakratuagoa. Botere publikoek ikuskera hau zabal dezakete erakaskuntzari esker, eta horretarako asmatu beharreko neurri batzuei esker.

Baina patriaren alderako urrikalmenduak soilik, hau da patriari zorigaitza ekiditeko arreta grinatsu eta samurrak, eman dezake bakeari, batez ere bakea zibilari, zerbait bihotz altxagarririk, hunkigarririk, poetikorik, eta sakraturik, tamalez gerlak, zibilak edo arrotza kontrakoak, bere baitan daukana. Urrikalmendu horrek bakarrik berraurkiarazi ahal digu sentimentua, hain aspalditik galdua, gainera historian hain gutitan probatua, Teophilek bertso eder batean «legeen maiestate santuak» hitzekin adierazi zuena.

Teophilek bertso hau idazten zuen garaia da beharbada azken garaia zeinean sentimentu hori sakonki nabaritua izan baitzen. Gero Richelieu etorri da, gero «Fronde» izeneko mugimendua, gero Louis XIV, gero gainerakoa. Montesquieu zinez entseiatu zen urrikalmenduaren sentimentua berriz populuan sarrarazten liburu baten bitartez. 1789ko gizonek ere sentimentu horrekin errebeindikatzen zuten, baina ez zaukaten bihotzaren zolan hain sartua, bestenaz herria ez zen hain erraz eroriko gerla zibilean eta kanpoko gerlan.

Geroztik gure mintzaira ezgai bilakatu da patriaren alderako urrikalmenduaren sentimentua adierazteko. Alta sentimentu hori da aipatzen duguna, edo bere doble zurbilagoa, legitimitateaz hitz egiten dugunean. Baina sentimendu bat izeneztatzea ez da eginbide nahikoa bera existiarazteko. Berau oinarrizko egia da eta alta usuegi ahanzten dugu.

 

[Simone Weil] Erroztamendua Eta Nazioa XXIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua