[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIII

[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XIII – 

Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (XIII. bidalketa)

Simone Weil - Nazioa eta erroztamendua XIIIGure patriotismoa zuzenean Erromatarren gandik etortzen zaigu. Horregatik frantses tipiak animatzen ditugu horren inspirazioa Corneillen baitan bilatzera. Patriotismoa, bertute paganoa da, bi hitz horiek bateragarriak badira. Erromari aplikatua denean, pagano hitzak zinez dauka lehenbiziko polemista kristauek arrazoiz eman ohi zioten izigarrikeriaz kargaturiko esangura. Egiatan, populu erromatarra ateo eta idolatroa zen. Ez zen idolatroa harrizko edo brontzezko estatuen aldera, baina idolatroa zen bere buruaren aldera; eta Erromak digu ondorengotzat eman gure alderako idolatria hori patriotismoaren izenpean. Horrenbestez, moralean dagoen bikoiztasuna da eskandala bat oraindik deitoragarriagoa, baldin eta morala laikoari pentsatu beharrean, pentsatzen badugu bertute kristauari zeinarekin alderatuta morala laikoa ez den publiko zabalarentzako bertsio epeldu bat baizik, soluzio arindu bat baizik. Bertute kristauak umiltasuna, eta norberak nahita umil egoiteko gogoa ditu zentrotzat, esentziatzat eta gustu berezitzat. Hortik ateratzen dute sainduek Kristorekiko beren eitea. «Bera Jainkoa izanik ere, ez du Jainkoarekiko igualtasuna konkista bat bezala begiratu… hustu egin da… Seme izanik ere, berak sofritu behar izan zuenak obedientzia erakatsi dio».

Baina frantses batek Frantziari pentsatzen duenean, oraiko kontzepzioaren arabera berarentzat urgulutsu izaitea betebehar bat da; eta umiltasuna traizio bat da. Traizio hori da beharbada Vichyko gobernuari gogorkien egozten dioguna. Baina arrazoi dugu, zeren Vichyren umiltasuna ez baita kalitate onekoa, baizik eta, kolpeak ekiditeko, lausenguak eta gezurrak egiten dituen esklaboaren umiltasuna. Baina kasu zehatz honetan kalitate onekoa litzatekeen umiltasunik ez dugu ezagutzen. Badagoenik ere ez dugu irudikatzen. Aukera balegokeela bakarrik pentsatzeko jadanik esfortzu bat egin behar dugu.

Arima kristau batean patriotismaren bertute paganoaren presentzia disolbatzailea da. Patriotismoa Erromatik gure eskuetara pasa da bataiatua izan gabe. Gauza bitxia da, babaroak edo horrela izendatuak izan zirenak inbasioen garaian kasik zailtasunik gabe bataiatuak izan ziren; aldiz antzinako Erromaren ondorengoa ez zen sekula bataiatua izan, dudarik gabe ezinezkoa zelako, baina Erromaren ondorengo hori bataiaezina zen nahiz eta inperio erromatarrak kritautasuna eraldatu zuen  estatu-erligioan.

Alabaina Kristautasunaren aldera zaila zen irain krudelagorik asmatzea. Barbaroei dagokienez, ez da harritzekoa Gotak hain erraz sartu baziren kristautasunean, baldin eta garaikideek pentsatzen zuten bezala, Geten odolekoak baziren, hau da, Traziatar justuenen odolekoak. Herodotek hauek “hilezgarritzaileak” deitzen zituen Traziatarrak betiereko bizitzan zeukaten sinestearengatik. Barbaroen jaraunspena izpiritu kristauarekin nahasi egin da produktu bat sortzeko, imitaezina, perfektuki homogeneoa eta zaldungoa deitu duguna. Aldiz, Erromaren izpirituaren eta Kristorenaren artean ez da sekula izan bateratzerik. Bateragarriak izan balira, apokalipsoak gezurra erranen zuen Erroma erakutsiz emaztekia bezala piztiaren gainean jarrita, emaztekia blasfemaren izenez betea zela.[1]

Hastapen batean, Pizkundea izan da izpiritu greziarraren berpizte bat, eta gero izpiritu erromatarrarena. Kristautasunaren disolbatzailea egin da bigarren etapa horretan baizik. bigarren etapa horretan da bakarrik sortu nazionalitatearen forma modernoa, eta patriotismoaren forma modernoa. Corneillek arrazoi zuen Horace bere tragedia Richelieuri dedikatu zuenean baita  dedikapen horretan erabili zituen hitzak hautatu zituenean ere, zeren eta hitz horien doilorkeriak erantzuten baitzion tragedia inspiratzen zuen delirezko urguluari. Doilorkeria eta urgulu horiek bereiziezinak dira, eta gaur, Alemanian, hauxe biziki ongi ikusten da eta. Corneille bera da izpiritu erromatarraren kontaktuan bertute kristaua jotzen duen asfixia motaren etsenplu bikaina; Bere Polyeucte irrigarri lirudike ez bagina jadanik ohiturak itsututa. Corneillen lumapean, Polyeucte da gizon bat bapatean ulertzen duena baduela lurreko herriak baino herri bat biziki ospetsuagoa konkistatzeko, eta herri hori konkistatzeko badela teknika berezi bat; orduan segituan ekiten dio konkista horri, beste ezerri kasurik eman gabe, eta lehengoan inperadorearen zerbitzuan gerla egiten zuen izpiritu-modu berarekin. Alexandrek nigar egiten omen zuen ez zuelako lurraren globoa baizik konkistatzeko. Iduriz, Corneillek uste zuen Jesu Kristo lurrera jautsi zela hutsune hori betetzeko.

Patriotismoak bake denboran bertute kristaua zein laikoa segeretuki disolbatzen baldinbaditu, aldiz kontrarioa da gertatzen gerla denboran; eta oso normala da. Bikoiztasun morala dagoenean, beti zirkunztantziek eskatzen duten bertutea da sofritzen duena. Erraztasunaren maldak naturalki abantaila ematen dio beti beharrezkoa ez zaigun bertute formari: Bake denborako moralari gerla denboran, eta gerla denborako moralari bake denboran.

Bake denboran, justizia eta egia, patriotismotik bereizten dituen pareta iragazezinarengatik, bertute erabat pribatuen mailara beheititzen dira, bilakatzen dira adibidez jendetasuna bezala; aldiz, gerla denboran, justu patriak muturreko sakrifizioa eskatzen duenean, pareta iragaziezin horrek berak  muturreko sakrifizioa fabora lezakeen zilegitasun osoa kentzen dio patriotismoari. Frantziak hainbeste lurralde jan eta digeritu dituenean garapen horri esker, eta guk garapen hori absolututzat eta itzalik gabetzat begiratzeko usaia hartu dugunean, nola, bada, pentsamolde ber-berak inspiratutako propaganda bat, bakarrik Frantzia izenaren ordez Europarena jartzen duena, ez litzateke tartekatuko gure arimaren zoko batean? Gaurko patriotismoa ongi absolutuaren eta Frantziaren (hau da, eremu bati dagokion kolektibitate baten), arteko ekuazio batean datza; edonork bere buruan aldatzen badu ekuazioan eremu aldagaia, eta emaiten badu eremu bat tipiagoa Bretainia bezala, edo zabalagoa Europa bezala, segituan traidoretzat begiratua da. Zergatik ote hori? Erabat arbitrarioa da. Ohiturak eragozten digu ohartzen zein arbitarioa den. Baina azken mementoan, arbitrario horrek barruko sofismo fabrikatzaileari heldu lekua emaiten dio.

[1] Azken esaldi hau ez dut ongi ulertzen Apokalipzia ez ezaguzea gatik.

[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua