[Simone Weil] Erroztamendua XXXXII

[Simone Weil] Erroztamendua XXXXII –

Erroztamendua (XXXXII bidalketa)

Ustezko barbaroek, anitz Traziar jatorrikoak zirenek, eta horregatik Misterioen izpiritualitatez haziak zirenek, Kristautasuna seriotan hartu zuten. Horregatik, zibilizazio kristau bat kasik ikusteko punduan egon ginen. Eta promesak ikusten ditugu agertzen XI eta XII. mendeetan. Loire ibaiaren hegoaldean zeuden herrietan, zeinak horren irradiazio zentro nausia ziren, orobat ezpiritualilate kristauez eta antzinatekoz blaituak ziren; egia bada Albiarrak bederen manikearrak zirela, eta ondorioz bazeukatela ez bakarrik pentsamendu pertsiarretik, baina pentsamendu gnostiko, estoiko, pitagoriziar eta egiptarretik ere. Orduan ernatzen ari zen zibilizazio hori esklabotzaren zikindura guziz aratz izango zen. Eta lanbideak bere erdigunean izango zituen. Makiabelek XII. mendeko Florentziaz egiten duen pintura, geroago hizkera modernoak demokrazia sindikala deituko zuen modeloa da. Tolosan, zaldunek eta langileek Simon de Montfort elgarrekin gudukatu zuten amankomunean zuten altxor ezpirituala defendatzeko. Korporazioak, sorkuntza garai hartan eraikiak, instituzio erlisiosoak ziren. Aski da eliza erromanoa begiratzea, melodia gregoriarra entzutea, trobador baten poema perfektuetariko bat irakurtzea, edo are hobekiago testu liturgikoak, aitortzeko Grezian bere garai onenean bezala artea fedearengandik bereiziezina zela.

Baina zibilizazio kristaua, zeinean argi kristauak argituko lukeen bizi osoa, posible izango zen Elizaren bidezko ezpirituen menpekotasunaren kontzepzio erromatarra ezeztatua izango balitz. Abelarden kontrako San Bernardoren borroka errabiatu eta garaileak erakusten du horretatik urrun geundela. Eta XIII. mendearen hasieran, oraindik etortzekoa zen zibilizazio hura suntsitua izan zen bere abiagune nausiaren suntsiketagatik. Izan ere, Inkisizioa Loire ibaiaren hegoaldeko lurraldeei inposatua izan zitzaien, eta Inkisisioak lurralde horiek pentsamendu erlisiosoaren ortodoxiaren nozioaren azpian ito zituen.

Ortodoxiaren nozioak zorrozki bereiziz alde batetik arimen ongiaren arloa, zeina kanpoko autoritate baten alderako pentsamenduaren baldintzagabeko menpekotasuna baita, eta bestetik gauza ustez profanoei dagokien arloa, zeinean inteligentzia libre baita, ezinezkoa bihurtzen du zibilisazio kristauaren esentzia litzatekeen profanoaren eta erlisiosoaren elkarrizketa. Horregatik alferretan da mezan egunero ur xorta bat ardoarekin nahasia.

XIII. mendea, XIV. mendea, eta XV. mendearen hasiera dira ertaroaren dekadentziaren garaia. Endekapen progresiboa da eta sortzeko denbora ukan ez zuen zibilizazio baten heriotza, hozi sinple baten eihartze progresiboa.

Lehen pizkundea gertatu zen XV. mendearen aldera. Izan zen zibilizazio aurre-erromatarraren, eta XII. mendearen ezpirituaren berpiztearen aurre-sentimentu ahul baten antzeko zerbait. Egiazko Grezia, Pitagor, Platon errespetu erlisiosoaren objektua izan ziren, eta errespetu hori harmonia perfektuan batzen zen. fede kristauarekin. Baina ezpiritu jarrera hau biziki laburra izan zen.

 

[Simone Weil] Erroztamendua XXXXII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua