[Simone Weil] Erroztamendua XXX

[Simone Weil] Erroztamendua XXX – 

Erroztamendua (XXX bidalketa)

Mirakuluen gaiak erligioaren eta zientziaren arteko zailtasunak sortzen ditu bakarrik gaizki pausatua delako. Arazoa ongi pausatzeko, mirakulua definitu behar ginuke. Erranez mirakulua naturaren kontrako datu bat dela, erraiten dugu esangurarik gabeko gauza bat. Naturaren legeak ez ditugu ezagutzen. Lege haiei buruz ezin ditugu suposizioak baizik egin. Suposatzen ditugunak datuek kontraesaten badituzte, bakarrik erran nahi du gure suposazioa partez bederen makurra zela. Erraitea mirakulu bat Jainkoaren nahikeria berezi baten ondorioa dela, ez da gutiago absurdoa. Izan ere gertatzen diren gertakarietan, ezin dugu erran Jainkoak batzu besteak baino gehiago nahi dituela. Badakigu bakarrik, modu orokorrean, gertatzen den guzia, salbuespenik gabe, bat doala Jainkoaren borondatearekin, Jainkoa sortzailea denez bezainbatean; eta ongi aratzaren zati bat edukitzen duen guzia Jainkoaren naturaz gaindiko inspiraziotik datorkigula, Jainkoaren inspirazioa ongi absolutua denez bezainbatean. Baina saindu batek mirakulu bat egiten duelarik, ongi dena, saindutasuna da ez eta mirakulua.

Mirakulua da fenomeno fisiko bat zeinaren aurreko baldintzetan baita arimak gaizkiari ala ongiari bere burua abandonatu izana.

Erran behar da ala ongiari ala gaizkiari, zeren mirakulu diabolikoak ere baitira. «Sortuko dira sasi-Kristauak eta sasi-profetak zeinek eginen baitituzte jendeak, hautatuak barru, errarazteko gai diren keinuak eta gauza miresgarriak» (Marc, 13, 22.) «Anitzek gaur erranen didate: Jauna, Jauna, ez ote dugu zure izenean profeziak esan, eta zure izenean debruak haizatu, eta zure izenean mirakulu anitz egin? Eta orduan erranen diet: ez zaituztet sekula ezagutu; zoazte nitarik urrun, zilegitasunik gabeko gauzak egin ditutzue.» (Matth. 3, 22.)

Ez da naturaren legeen kontrakoa fenomeno fisiko batzu animaren gaizkiari ala ongiari erabateko abandonu batengatik gertatzea, eta fenomeno horiek gertatzea kasu horretan bakarrik. Bestela izatea, ba, izango litzateke naturaren legeen kontrakoa. Zeren eta giza-arimaren izateko modu bakoitzari baitagokio fisikoa den zerbait. Tristeziari dagokio ur gazia begietan; zergatik estasia mistiko estatu batzuei, ez, gorputzaren igotze jakin bat zoruaren gainean? Kontua egia den ala ez, ez du garrantzirik. Seguru dena, hau da, estasia mistikoa zerbait erreala baldinbada ariman, gorputzean egokitu behar zaizkio fenomenoak agertzen ez direnak arima beste estatu batean dagoenean. Tristezia eta malkoa lotzen dituen mekanismo antzeko batek osatzen du estasia mistikoa eta fenomeno horien arteko erlazioa. Deus ezdakigu lehen mekanismoaz. Baina bigarrenaz ezdakigu gehiago.

Behere honetan, naturaz haraindiko datu bakarra da saindutasuna bera eta hari hurbiltzen zaiona; edo Jainkoa maite dutenen baitan, Jainkoaren manamenduak literalki bilakatzen direla indar egintzailea, energia eragilea, ezantza automobilean bezalaxe. Hiru urrats eginak badira Jainkoari obeditzeko irrika bakarrez beste mobilik gabe, hiru urrats horiek mirakuluzkoak dira; Berdin dira mirakuluzkoak eginak izan daitezen zoruaren gainean ala uraren gainean. Bakarrik, zoruaren gainean eginak direlarik ez da ezohikorik ezer argertzen.

Indietan uragainetikako ibilaldiak eta hilen berpizteak hain dira historio ugari non nehor, bakantzatiarrak izan ezik, ez den mugitzen horrelako gertakari bat ikusteko; Seguru da behintzat gai horiei buruzko kontakizunak biziki ugari direla herri horretan. Biziki sarriak ziren garai apaleko Grezian ere, Lucienenbaitan ikus dezakegun bezala. Horrek asko tipitzen du mirakuluen balio apologetikoa Kritautasunarentzat.

Anekdota indiar batek kontatzen du, 14 urteko bakartasunaren ondotik, azeta bat itzultzen da bere familia ikustera. Haren anaiak eskatu zion zer zuen ikasi. Azetak anaia ereman zuen ibai batera eta haren aintzinean oinez zeharkatu zuen. Anaiak pasarazlea etorrarazi zuen, ibaia barkoz zeharkatu zuen, pasarazleari sos bat ordaindu zion eta azetari erran zion: «Merezi ote du zuk 14 urteko esfortzua egin izana nik sos baten truk eskura dezaketana ardiesteko?» Zentzu onaren ikuspuntua da.

[Simone Weil] Erroztamendua XXX

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

3 pentsamendu “[Simone Weil] Erroztamendua XXX”-ri buruz

  • Egia da “hunkigarri” hitza maizegi erabiltzen dugula, hunkigarrismoan erori garela, baina ez dakit zein beste hitz erabili Simone Weilen izaera, idazkiak eta patua karakterizatzeko. Oroitzen naiz Joxe Azurmendik iradoki zidala doktore-tesia Simone Weili buruz egitea, azkenean Kojèveri buruz egin banuen ere. Orduz geroztik, beti piztu izan dit jakin-mina. Aspaldi irakurri nuen Weilen adiskide Simone Pétrement-en biografia ederra. Eta berriki Wolfram Eilenberger-en Feuer der Freiheit (gaztelaniaz irakurri dut, El fuego de la libertad. Frantsesez Les Visionnaires izenburuarekin argitaratu da). Arerdt, Beauvoir, Rand eta Weil-en bizitzak eta obrak ditu aztergai 1933tik 1943ra, eta Weili dagokiona izugarria iruditu zait berriro ere. Ez da harritzekoa zu ere hainbeste erakartzea.

  • Benat Castorene 2022-08-18 14:13

    Izugarria da hitz ona. SWek jende asko izutzen du bere erradikalismoagatik, filosofian, politikan, historian, erligioan…
    Horregatik ez da sekula pentsalari ofiziala izan Frantzian, nahiz elitak gora edo ezkutuka maite duen aipatzea bere altuera intelektuala erakusteko.
    Alta ez zuen sekula idatzi elitarentzat edo bere parekoentzat baizik eta gu bezalako jende arruntentzat
    Azurmendik behin emailez erran zidan Carlos Santamariak, bere erakasleak, ikaslei kontseilatzen ziela SW irakurtzea,eta harenganik omen zeuzkala bere konbikzio filosofiko sakonenak edo behintzat sakonenetarik batzu.
    Artetik erraiteko, atentzioa edo arreta da justu bere arrangura handietarik bat
    Zer pena SW ezagunagoa ez izana gure herrian zeharkatu dituen garai nahasi haietan!
    Nahi duzun artio Markos

  • Beñat Castorene 2022-08-19 10:56

    Erradikalismoa hitzarekin erran nahi nuen beti arazoen sustraiaraino joan nahi zuela. Horregatik bere pentsakera zentzu batean izugarria litzateke guretzat, zeren adore dosia galdatzen baitigu.