[Simone Weil] Erroztamendua XXVII

[Simone Weil] Erroztamendua XXVII – 

Erroztamendua (XXVII bidalketa)

Publiko handiak berak jakin behar du, eta badaki zientzia modari menperatua dela iritzi kolektiboaren produktu guziak bezala. Gainera, aski usu, jakintsunek modaz kanpoko teoriak aipatzen dizkiote publikoari. Eskandala izango litzateke ez bagina hain tontotuak nun inolako eskandalak hunki gaituen. Nola eman ginezake errespetu erlisiosorik modari menperaturiko gauza bati. Beltz fetixistak gu baino gehiago dira; haiek erligiozko errespetua emaiten diote bederen ederra den egur eskultatu bati, zeinari edertsaunak emaiten baitio betierekotasun ezaugarria.

Idolatriaren eritasuna zinez sufritzen dugu; eritasun hori hain da sakona nun egiarentzako lekukotasunaren gaitasuna kentzen dien kristauei. Elkor arteko inolako elkarrizketarik hurbil dezake, indar komikoari dagokionez, izpiritu modernoaren eta elizaren arteko eztabaida. Izpiritu zientifikoaren izenean, kristau fedearen kontrako argudioak emaiteko orduan, fedegabeek hautatzen dituzte fedearen aldeko zuzen edo zeharkako froga nabarmenenak liratekeen egiak Eta Kristauak ez dira sekula horretaz ohartzen, eta kontzientzia txarrez, onestasun intelektual falta penagarriz, entseiatzen dira egia horiek ahulki ukatzen. Haien itsutasuna da idolatria krimenaren zigorra.

Idolaren adoratzaileen ezinegona ez da gutiago irringarria beren suhartsauna adierazi nahi dutenean. Bilatzen dute goresteko zerbait eta ez dute aurkitzen; erraza da aplikazioak gorestea; aplikazioak ordea teknika da bakarrik, zientzia ez da. Zer goretsi zientzian berean? Eta zehazkiago zientzia gizonen baitan datzalako zer goretsi jakintsunen baitan? Ez da erraz bereiztea. Publikoaren miresmenari jakintsun bat proposatu nahi delarik, Pasteur hautatzen da beti, bederen Frantzian. Zientziaren idolatriaren aitzaki gisan erabilia da Jeanne d’Arc bezala idolatria nazionalistaren aitzakian.

Pasteur hautatzen da gizonen kalte fisikoak arintzeko asko egin duelako. Baina hori lortzeko xedea ez bada izan Pasteurren esfortzuen mobil nausia, lorpenaren datua begiratu behar da kointzidentzia sinple bat bezala. Aldiz hori lortzeko xedea mobil nausia izan bada, zor diogun mirespena ez du erlaziorik zientziaren handitasun berarekin; bertute pertsonal eta praktikoa da; eta kasu horretan Pasteur jarri behar ginuke heroismoraino aritu den erizainaren kategoria berean, eta hartarik esberdinduko zen xoilik emaitzen hedaduragatik.

Egiaren izpiritua zientziaren mobiletan absentea izanez gero, ezin da ordea zientzian present izan. Aldiz letretan edo filosofian maila gorago batean aurkitzea espero baginu, dezepzionatuak izango ginateke.

Ba ote da liburu edo artikulu askorik zeinetan iduritzen baitzaigu egileak, idatzi baino lehen, eta inprentari kopia entregatu baino lehen, bere buruari antsitatearekin eskatu dion: «Egian ba ote naiz?». Edo ba ote dira irakurle askorik zeinak, liburu bat ideki baino lehen, egiazko antsitatearekin beren buruari eskatzen dion: «Egia aurkituko ote dut hemen?» Pentsa ezazu lanbidetzat duten guziei, apaizei, pastorrei, filosofoei, idazlei, jakintsunei eta mota guziko erakaslei proposatzen baginie gaurtik goiti honako bi patu hauen arteko hautua: edo berehala eta betiko tontotasun hutsean erortzea, horrelako erorketa batek ekartzen dituen umilazio guziekin, egoera horren garraztasuna sentitzeko argitasun justu nahikoa atxikiz; edo lortzea gaitasun intelektualaren garapen bapatekoa eta izigarria zeinak ahalbidetuko liekeen berehalako ospe mundiala eta, heriotzaren ondoren, milaka urteetan zehar ospea, baina desabantaila bakar batekin, hau da, haien pentsamendua beti egongo litzatekeela piskabat egiatik kanpoan; sinets ote dezakegu haietarik anitzek senti lezaketela demendren zalantza ere horrelako hautuaren aurrean?

[Simone Weil] Erroztamendua XXVII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude