[Simone Weil] Erroztamendua XXVI

[Simone Weil] Erroztamendua XXVI – 

Erroztamendua (XXVI bidalketa)

[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna IXAzkenik, badira kasik ikusten ez diren mobil sozial tipi batzuk, hain tipiak nun kasik aitorrezinak diren. Hala ere mobil sozial tipi horiek jakintsunak  eragiten dituzte taigabe. Frantsesak, 1940ko ekainean, patria hain errazki abandonatzen ikusi dituen norbaitek, eta zenbait hilabete geroago, goseak ausikiak izan baino lehen, temazko mirakuluak egiten, akidura eta hotza desafiatzen orenez eta orenez arraultze bat eskuratzeko, horrelako batek ezin du inoratu mobil kiskilen ernergia sinestezina.

Jakintsunen lehen mobila eginbehar profesionala da argi ta garbi. Jakintsunak dira zientzia fabrikatzeko ordaintzen diren jendeak; haiei eskatzen zaie zientzia fabrika dezaten; beraz zientzia fabrikatzera bortxatuak sentitzen dira. Baina hori pizgarri bezala ez zaie nahikoa. Promozioa, katedrak, mota guzitako sariak, ohorea eta dirua, atzerrietako harrerak, lankideen estimua edo mirespena, fama, ospea, tituluak, horiek guziek haientzat garrantzia handia dauka.

Jakintsunen bizi ohiturak dira horren froga onenak. XV. eta XVII. mendeetan, jakintsunek erronkak botatzen zituzten elkarri. Beren aurkikuntzak publikatzen zituztenean, frogen kateamenduan katebegiak nahita gordetzen zituzten, edo kateamenduaren ordena itzulipurdikatzen zuten haien lankideei erabat ulertzea eragozteko. Horrela lehiakide batek beraiek baino lehenago aurkikuntza bera egin izana erraitetik babesten ziren; Descartesek berak aitortu zuen hori egin izana bere Geometrian. Horrek ez du frogatzen baizik Descartes ez zela egiazko filosofoa Pythagorentzat eta Platonentzat hitzak zeukan zentzuan, hau da, jainkoaren zuhurtziaren maitalearen zentzuan; Egia erraiteko, Greziaren desagerpenaz geroztik ez da gehiago egiazko filosoforik izan.

Gaur, jakintsun batek, aurkikuntza doidoia egin orduko, haren balioa ondu eta egiaztatu baino lehen, laster egiten eta igortzen du «txosten-nota» deitzen duguna  aurkikuntzaren lehentasuna berarentzat segurtatzeko. Gauss bezalako kasua bakarra da behar bada gure zientziaren historian; aurkikunutza miresgarrienen idazkiak  zeuzkan bere tireten zolan ahantziak, eta norbaitek antzeko zerbait harrigarririk argira emaiten zuelarik, ohartarazten zion lasal lasaia «hau guzia egia da, jadanik aurkitu nuen duela hamabost urte; baina, norabide horretan, joan gaitezke oraindik askoz urrunago, eta ezar dezakegu teorema hau ala hori». baina Gauss hura lehen-lehen mailako genioa zen. Eta beharbada horrelako zenbait izan dira, ahurtra ttipitto bat besterik ez, azken hiru edo lau mendeetan zehar; zientzia haientzat zer zen? hori beraien segeretua egon da. Baina maila apalagoko pizgarriek toki biziki handia daukate gainerako jakintsun guzien eguneroko ahaleginetan. 

Gaur, munduan zeharreko komunikazioen erraztasunari esker, bake denboran, eta muturrerainoko espezializioari esker arlo bakoitzeko jakintsunek, elgarrentzat publiko bakarra direnek, herrixka bezalako zerbait osatzen dute. Haien artean, erran-merranak dabiltzate taigabe; bakoitzak beste bakoitza ezagutzen du, beste bakoitzarentzat sentitzen du begirunea edo begirune eza. Belaunaldiek eta nazionalitateek talka egiten dute; bizi pribatuak, politikak, karera lehiek tokia handia edukitzen dute haien arteko harremanetan. Ordutik beretik herrixka horren iritzi kolektiboa ezinbestez biziatua da. Alta bada iritzi kolektibo hori jakintsuaren kontrol bakarra da, zeren eta ez profanoek ezta beste espezializazioetako jakintsuek ere ez baitira lan horien jakinaren gainean. Pizgarri sozialen indarrak jakintsuaren pentsamoldea menperatzen du iritzi publiko horri; Jakintsuna entseiatzen da hari gustatzen. Izan ere, iritzi publikoak onartu nahi duena da zientzian onartua; eta onartzen ez duena baztertua da; Juje desinteresaturik ez dago inolaz ere, zeren espezialista bakoitza, espezialista den ber, juje interesatua da.

Erranen da teoria baten emankortasuna dela irizpide objektiboa. Baina irizpide horrek bakarrik jokatzen du onartuak diren teorien artean. Jakintsunen herrixkaren iritzi kolektiboak errefusatzen duen teoria  ezinbestez antzua da, zeren ez baitute teoria horretatik garapenik ateratzen saiatzen. Egia da batez ere fisikarako, zeinean kontrola eta ikerketarako baliabideak ingurune biziki hertsiaren esku artean dagoen. Planck-ek «Quanten teoria» lehen aldikotz zabaldu zuenean, teoria hor iritzi kolektiboari ez bazitzaion izigarri  gustatu, eta teoria hori absurdua izan arren -edo beharbada absurdua zelako, zeren arrazoiarekin akituak baiginen- ez ginuen sekula jakinen emankorra zela. Alta bada, teoria horrek erakarri gintuen unean, daturik ez zegoen emankorra izanen zela aurreikusten ahalbidetzen zigunik. Beraz, bada zientzian ere Darwinar prozezua. Teoriak hazten dira txiripara bezala, eta haietariko gaienek dute bizirauten. Horrelako zientzia izan daiteke bizi oldarraren agerraldia, ez ordea egiaren bilaketaren agerraldia.

[Simone Weil] Erroztamendua XXVI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamendua XXVI”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-08-06 09:17

    Testu honetan zientzia garaikidearen edo hobeki erraiteko zientizismo garaikidearen kritika ere bada. Zientzia neutroa edo filosofiatik aske zegoela pentsatuko zukeena dezepzionatuta geldituko litzateke seguraz ere. SWek zioen bere garaian zientziak erligionaren tokia hartua zuela misionistaren argudio edo omen-iturri bakarra bilkatzeraino konbertitu nahi dituen aurrean.
    Zientziaren gaurko kontzepzioak ez luke zer ikusirik antzinako greziarren kontzepzioarekin. Gaurkoak pragmatismo arruntenetik dauka. Jakintsunen omenzaletasunak eta programen finantziatzaileen aplikazio onuragarrien goseak dute zuzentzen atentziorik eman gabe aurkikuntzak onak edo txarrak diren gizartearentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude