[Simone Weil] Erroztamendua XXIV

[Simone Weil] Erroztamendua XXIV –

Erroztamendua (XXIV bidalketa)

[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XExageratu gabe, erran daiteke gaurko erligio-bizitzan ez dagoela kasik egiaren ezpiriturik. Batez ere agertzen da Kristautasunaren alde emaiten ditugun argudioetan. Izan ere, hainbat argudio badira Pink pirulen aldeko publizitatearen altuerakoak. Horrela da adibidez Bergson-entzat eta harenganik inspiratzen diren guzientzat. Bergsonentzat fedea agertzen da kalitate goreneko Pink pirularen antzera, bizitasun maila harrigarria emaiten duena. Berdin da argudio historikorako. Heldu da erraiteraino: «Begira ezazue zein eskasak ziren gizonak Kristo aitzinean. Kristo jin da eta begira ezazue nola, ondoren, gizonak orokorki gizaki onak bilakatu diren erru batzugatikan ere!». Hau ordea egiaren kontrakoa da absolutuki. Eta egia balitz ere, apologetika farmaziako produktuen alderako publizitateen mailara beheititzea litzateke, zeinek eria, sendaketaren aurretik eta ondotik, deskribatzen baitute. Hau Kristoren Pasioaren eraginkortasuna neurtu nahi izaitea da, zeina, fiktiboa ez bada, ezinbestez infinitua den. Baina hau da eraginkortasun hori neurtu nahi izaitea efektu historiko, tenporal, gizatiar baten medioz, zeina, erreala balitz ere -ez dena-. ezinbestez finitua izango bailitzateke.

Pragmatismoak fedearen kontzepzioa bera inbadiatu du eta zikindu. Egiaren ezpiritua kasik absente bada erligio-bizitzan, harrigarria izango litzateke presente balitz bizi profanoan. Izango litzateke betiereko hierarkia baten iraulketa. Baina ez da horrela. Jakintsuek publikoari eskatzen diote zientziari eman diezola egiari zor zaion errespetua, eta publikoak jakintsuak sinesten ditu. Baina jakintsuek publikoa enganatzen dute. Zientzia ez da egiaren ezpirituaren fruitua, eta horretaz ohartzen gara hari arreta eman orduko. Izan ere ikerketa zientifikoaren ahaleginak, XVI. mendetik hona kontzebitua den bezala, ezin du egiaren amodioa mobiltzat eduki. Bada irizpide bat zeinaren aplikazioa unibertsala den eta segurua den; honako honetan datza: edozein gauza baloratzeko orduan, saiatu behar da ebaluatzen ongiaren proportzioa, ez gauza horretan bertan, baizik eta gauza hori ekoiztu duen ahaleginaren mobiletan. Izan ere, zenbat eta ongi gehiago dago mobilean, orduan eta ongi gehiago dago gauza horretan bertan ere, baina ez gehiago. Kristoren arbolei eta fruituei buruzko parabolek egia hori bera dute adierazten.

Egia ere da, Jainkoak soilik dituela mobilak bereizten bihotzen segeretuan.

Baina jarduera bat sortzen duen kontzepzioa, eskuarki segeretua ez dena, bateragarria da mobil jakin batzuekin, ez ordea beste batzuekin; badira beharrez baztertzen dituen mobilak, gauzen izaeragatik. Beraz, hau da bada analisi bat eramaten gaituena giza-jarduera berezi baten produktua ebaluatzera bertan gailentzen den kontzepzioarekiko egokigarriak diren mobileen aztertzeari esker. Analisi horretatik, metodo bat datorkigu gizonak hobetzeko —populua, gizakia, baita guhaur ere hasteko— kontzepzioak modifikatuz mobil aratzenak aktibatzeko.

Mobil zinez aratzekin egokiezina den edozein kontzepzio bera ere erruz zikindua dela sinestea da fedearen artikulurik lehena. Fedea ongi bakar bat dela sinestea da. Aldiz sinestea badela hainbat ongi bereizi eta elgarretarik independiente, egia, edertasuna, zuzentasuna bezala, hauxetan datza bada politeismoaren bekatua, ez eta irudikapena uzteak Apollon eta Dianekin jostetan aritzera. Metodo hau aplikatzen badiogu azken hiru edo lau mendeen zientziaren analisiari, aitortu beharra daukagu “egia”ren izen ederra zientzia hori baino infinituki altuagoa dela. Egia edukitzeko irrikak ezin ditu jakintsunak bultzatu, beren bizitza guzian zehar egunez egun egiten duten esfortzuan. Zeren ez baitituzte ezagutzak baizik lortzen eta ezagutzak berak ez eiki dira berez irrikaren objektua.

Haur batek geografiako ikasgai bat ikasten du nota on bat lortzeko edo agindu bati obeditzeko, edo bere burasoei plazer egiteko, edo poesia bat sentitzen baitu urruneko herrietan eta haien izenetan. Mobil horietarik bat ez badu, bere ikasgaia ez du ikasten. Momentu batean ikasle horrek ez badaki zein den Brasilaren hiri nausia, eta ondokoan ikasten badu, ezagutza bat gehiago dauka. Baina ez da horrenbestez egiatik hurbilago. Kasu batzutan ezagutza baten lortzeak egiatik hurbilarazten gaitu eta bestetan ez. Nola bereiz kasuak? Gizon batek maite zuen eta bertan erabat sinesten zuen emakumea desleialkeria hutsean harrapatzen badu, egiarekiko kontaktu gordinean sartzen da. Aldiz izena lehenaldikotz aditzen duen, eta ezagutzen ez duen emakume batek bere senarra tronpatu duela, eta gainera hori pasatzen zela eazgutzen ez duen hiri batean, istorio horiek guziek ez dute demendren aldatzen gizon horren egiarekiko erlazioa.

Etsenplu honek giltza bat emaiten digu. Ezagutza lortzeak egiara hurbilarazten gaitu maite dugunari buruzko ezagutza denean, ez ordea beste inolako kasutan.

[Simone Weil] Erroztamendua XXIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua