[Simone Weil] Erroztamendua XVII

[Simone Weil] Erroztamendua XVII – 

Erroztamendua (XVII. bidalketa)

Bada handitasun-maila bat zeinean edertasunaren jenio sortzailea, egiaren jenio adierazlea, heroismoa eta saindutasuna bereizezinak diren. Jadanik maila horren hurbiltzearekin handitasunak nahasten hasten ari ikusten dira: Giottoren baitan ezin da bereizi pintorearen jenioa eta izpiritu frantziskotarra; Txinan, Zen sektaren kuadroetan eta poemetan, ezin da bereizi pintorearen edo poetaren jenioa eta argitze mistikoko estatua; eta Velasquezek erregeak eta eskaleak kuadroan jartzen dituelarik, ezin da bereizi pintorearen jenioa eta arimen hondoa zilatzen dituen amodio inpartziala eta erregarria. Illiadek, Eschylen eta Sofoklen tragediek obra horiek egin zituzten poetak saindutasun estatuan zeudelako marka nabaria deramate. Poesiaren ikuspuntu bakarretik, beste ezer kontuan hartuz, infinituki hobe da Asisko San Frantsesen kantika, edertasun perfektuaren joeria hori konposatu izana, ezen ez eta Victor Hugoren obra guzia. Racinek idatzi du greziar obra nausi handienen parean jar daitekeen literatura frantsesa guziko obra bakarra konbertsioak bere arima iraultzen ari zelarik. Saindutasunetik urrun zegoen beste obrak idatzi zituelarik, baina horregatik edertasun urragarri hori ez dugu haietan atxemaiten. King Lear bezalako tragedia amodio aratzaren fruitu zuzena da. Saindutasunak irradiatzen du eliza erromanoetan eta kantu gregorianoan. Monteverdi, Bach, Mozart izaki aratzak ziren euren bizitzetan euren obretan bezala.

Jenioak baldinbadira zeinen baitan jenioa nabarmenki aratza den saindu perfektuenen handitasunetik beretik hurbil izaiteraino, zergatik besterikk miresten denbora galdu? Besteak balia ditzakegu, haietan ezagutzak egin eta gozamenak hartu; baina zergaitik bada haiek maitatu? Zergaitik bihotza eman ongiaz kanpoko beste zerbaiti?

Bada frantses literaturan araztasunaren korrente bereizgarri bat. Poesian Villonekin hasi behar da, lehena eta handienarekin. Deus ez dakigu bere bekatuetaz, ezta bekaturik egin duen ere; baina arimaren araztasuna agerikoa da zorigaitzaren adierazpen urragarriari esker. Azkena edo kasik azkena Racine dugu, Phedreri esker eta kantu izpiritualei esker; bi horien artean aipa ditzakegu Maurice Sceve, d’Aubigné, Theophile de Viau, hiru poeta handi eta arima-goratasun bakaneko hiru izaki izan zirenak. XIX. mendean, poeta guziak guti edo asko literaturako idazleak izan ziren, eta horrek poesia larriki zikintzen du. Lamartinek eta Vignyk, bederen, zerbait aratz eta jator nahi izan zuten egiazki. Gerard Nervalen baitan bada egiazko poesia piska bat. Mendearen amaieran, Mallarme miretsia izan da saindu-mota bat bezala, poeta bezala bezainbat, eta haren baitan, bata eta bestea, bi handitasunak bereizezinak ziren elgarretarik. Mallarmé egiazko poeta zen.

Prosan, bada araaztasun misterotsu bat Rabelaisen baitan, zeinean, gainera, dena misteriotsa baita. Montaigne baitan araztasuna bada seguraz ere bere eskas ainitzengatik ere, zeren eta beti izaki aratz baten presentziarekin bizi izan baitzen, La Boetieren presentziarekin alegia, zeina gabe dudarik gabe mediokritatean egonen baitzen. XVII. mendean aipa ditzakegu Descartes, Retz, Port-Royal, eta ustut Moliere. XVII. mendean badira Montesquieu eta Rousseau. Eta dena da beharbada…

Zenbaketa horretan zehaztasun piskabat izanik ere, ez luke erran nahi gainontzekorik ez dugula irakurri behar, baina irakurri behar litazatekeela Frantziaren jenioa aurkitzeko esperorik izan gabe. Frantziaren jeniorik ez dago aratz denean baizik.

Erabat zuzen gara erraiten dugunean frantziarren jenioa kristaua eta helenikoa dela. Horregatik, frantsesen hezkuntzan eta kulturan, zilegi litzateke parte tipiagoa emaitea frantses denari ezen ez eta arte erromanoari, kantu gregorianoari, poesia liturgikoari eta garai oneko arte, poesia eta prosa grekoei. Hortik bai alde guzietarik eta absolutuki aratza den edertasunetik edan ginezake ausarki.

Pena da grekoa adituentzako eruduzio-gaia bezala ikusia izaitea. Gelditzen bagina grekoaren ikasketa latinoarenari menderatzen, eta bakarrik saiatzen bagina haurak gai bihurtzen testu greko erraz bat errazki eta plazerrekin irakurtzeko, itzulpen baten laguntzarekin, grekoaren ezagupen tipi bat heda ginezake eremu zabalera, ikasketa segundarioez haratago. Horrela, edozein haur, piskabat dohatua, zuzenean kontaktuan sar liteke zibilizazioarekin zeinean edertasunaren, egiaren eta justiziaren nozioak hartu baititugu.

Ongiaren amodioa ez da sekula bihotz guzietan piztuko, populazio guzian barna, herriaren salbamenarentzat beharrezkoa den bezala, edozein esparrutan handitasuna ongiaz kanpoko zerbaiten ondorioa izan litekeela sinetsiko dugunok.

Horregatik Kristok erran zuen: «arbol onak fruitu onak emaiten ditu, arbol txarrak fruitu ustelak». edo perfektuki ederra den arte-obra fruitu ustel bat da, edo sortu duen inspirazioa saindutasunetik hurbil da. Behere honetan, ongi aratza ez balitz sekula gai egiazko handitasuna ekoizteko artean, zientzian, hausnarketa teorikoan, akzio publikoan, eta arlo horietan guzietan handitasun faltsua baizik ez balitz, eta arlo horietan guzietan dena erdeinugarria balitz, eta ondorioz kondenagarria, ez litzateke inolako esperantzarik izango bizitza profanorako. Izan ere, beste munduak ez bailezake mundu hau inolaz ere argiztatu.

Baina ez da horrela, eta horregatik ezinbestekoa da bereiztea egiazko handitasuna handitasun faltsutik eta amodioari lehenbizikoa baizik proposatzea. Egiazko handitasauna da arbol onaren gainean hazten den fruitu ederra eta arbol ona da arimaren izaiteko modu bat saindutasunetik hurbil dena. Beste ustezko handitasunak begiratuak izan behar dira zorrozki, kuriositate naturalak begiratzen diren bezalaxe. Izatez bi arlo arteko bereizketa horrek erruak eduki baditzazke ere, halere bereizketaren printzipioa sarrarazi behar dugu bihotzaren zolaraino.

[Simone Weil] Erroztamendua XVII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua