[Simone Weil] Erroztamendua XIV

[Simone Weil] Erroztamendua XIV –

Erroztamendua (XIV. bidalketa)

Historia dokumentuen gainean bermatzen da. Historialariak deuseren gainean bermatzen ez diren hipotesiak profesionaltasunez errefusatzen ditu. Itxuraz biziki arrazoizkoa da; baina egiatan ez da erabat horrela. Izan ere, nola  dokumentuetan  ziloak badiren, pentsamenduaren orekak eskatzen du frogarik gabeko hipotesiak gogoan present edukitzea, baina bakarrik baldin eta hipotesi gisan baldinbada eta pundu bakoitzerako hainbat hipotesi baldinbadira. Arrazoi gehiagorekin, bada, dokumentuetan, lerroen artean irakurri behar da, gure burua osoki lekuz aldatu, geure buruaren beraren ahanztura oso batekin, gogoetaturiko gertakarietan biziki luzaz arretaz egon gauza esanguratsu tipietan, eta haien esannahi guziaz jabetu. Baina historiako dokumentuaren errespetuak eta lanbidearen ezpirituak ez dute pentsamendua ariketa modu horretara atontzen. Ezpiritu historikoa deitzen dugunak ez du papera barnatzen aragia eta odola aurkitzeraino; pentsamoldearen dokumentuari buruzko subordinazioan datza. Egiaz, gauzen izatez, dokumentuak boteretsuenganik etortzen zaizkigu, garaitzaileenganik alegia. Beraz historia ez da erahiltzaileek haien biktimetaz eta beraietaz egindako lekukotasunen pilaketa baizik. Historiaren auzitegia deitzen duguna, horrela informatua baldinbada, jujatzen eiki du La Fontainen «Animaux malades de la peste» fabulako moralean bezala. Erromatarretaz deus ez dugu Erromatarren beraien eta haien esklabo greziarren idatziak bertzerik. Hauexek, dohakabeek, nahikoa erran digute egiazko arretaz irakurtzeko ahalegina egingo baginu. Baina zergatik, bada, ahaleginduko ginuke? Ahalegin horretarako mobilik ez dugu eta. Izan ere, Kartagotarrek akademiaren saririk edo Sorbonako katedrarik ez digute eskaintzen ahal. Zergatik dudan jarriko ginituzke, bada, Hebraerek eman dizkiguten beraiek suntsitu edo menderatu dituzten Kanaaneko populazioei buruzko argibideak? Izan ere, ez dituzte Jerikotarrek Institutu katolikoan lanpostuak ematen.

Biografia bati esker, badakigu Hitler gaztea gehien markatu duen liburuetarik bat izan zela Sylla-ri buruzko hamargarren mailako obra bat. Zer inportantzia du obra hori hamargarren mailakoa izanak? obrak islatzen zuen elita deitzen dugunaren pentsamoldea. Nork idatziko luke Sylaz erdeinurekin? Hitlerrek irrikatu badu liburu horretan eta besteetan laudatua ikusten zuen handitasun-mota hori, errurik ez dago bere aldetik. Hitler iritsi da handitasun mota horretara berera, zeinaren aurrean, begiak atzera itzultzen ditugularik, guhaur koldarki belaunikatu ohi dugun.

Handitasun-mota horri buruz gu izpiritu-mendetasun koldarrean egoiten gara, ez gara entseiatu ordea, Hitler bezala, gure eskuetan hartzen. Beraz kontu horretan behintzat guk baino gehiago balio du. Izan ere geuk zerbait ongitzat aitortzen badugu, geureganatu behar ginuke. Eta hori ez egitea ez da koldarkeria baizik.

Irudika dezagun nerabe dohakabe hori, errogabetua, Vienneko karriketan harat hunat herrestaka ibilki, handitasunaz egarri. Bere aldetik ongi zen handitasun egarri izaitea. Norena da hobena ez badu krimena besterik aurkitu handitasun modutzat? Populuak irakurtzen dakienetik, eta ahozko tradizioa galdu duenetik, luma baliatzeko gai direnek dizkiote publikoari eskaintzen handitasunaren kontzepzioak eta horiek ilustratzeko gai diren etsenpluak. Sylazi buruzko liburu mediokrearen egileak, Sylazi edo Erromari buruz idatziz liburu hori idatzi zen garaiaren giroa posible bihurtu zuten guziek, baita orokorkiago, ordu hartan, hitza eta luma erabiltzeko autoritatea zuten guziek ere, horiek denek parte hartu zuten Hitler nerabea hazi zen pentsamolde-giroaren sortzean. Beharbada, horiek oro Hitler baino hobendunagoak dira honek egin krimenetarako. Gutiz gehienak zendu dira; baina gaur idazten dutenak  aitzineko horien antzekoak dira, eta ezin ditugu errugabeagotzat hartu jaiotze data baten txiripagatik.

Hitler zigortzeaz hitz egiten dugu. Baina ezin dugu zigortu. Izan ere, gauza bakar bat nahi zuen eta hori jada lortu du: historian gelditzea zen. Hitler, erahil, torturatu, preso egin edo umilia dezakegu, orai historia beti hor egongo da bere arima sofrikarioaren eta heriotzaren pairamen guzietatik babesteko. Hitleri inposatuko diogun guzia beti izango da heriotza historiko bat, sofrikario historiko bat; baina Hitlerentzat berarentzat azkenean beti zerbait historikoa izanen da. Jainkoaren amodio perfektura iritsi denarentzat gertakari guzia Jainkoarenganik datorren ongia den bezala, izan ere Hitler historiaren idolatro horrentzat historia den guzia ere ongia da. Honek abantail handi bat badu ordea: izan ere Jainkoaren amodio aratza arimaren erdian da bizi; eta kolpeen kontra gure sentsibilitatea babesik gabe uzten du; ez du armadura bat osatzen. Aldiz, idolatria armadura bat da; eta oinazea ariman sartzetik babesten du. Horregatik, zer ere pairarazten diogun Hitlerri, ez diogu eragotziko bera izaki handiosa izaitea sentitzetik. Gehiago dena, hogei, berrogeita hamar, ehun edo berrehun urteren buruan ez diogu eragotziko mutiko tipi ameslari eta bakarti bati, aleman ala ez, Hitler izaki handios bat izan zela pentsatzetik, hastetik bururaino bizitza handios bat ukan zuela pentsatzetik, eta bere arima guziaz antzerako patua irrikatzetik. Kasu horretan, hainbat gaisto mutiko horren garaikideen!

Hitler zinez zigortzeko, eta etorkizuneko handitasnez egarri mutikoak bere etsenplutik urruntzeko  gaztigu bakarra da handitasunaren zentzuaren aldalketa hain erabatekoa nun Hitler handitasun berri horretatik baztertua egongo bailitzateke.

Herrien arteko gorroto nazionalek eraginduriko zentzugabekeria da sinestea posible dela Hitler handitasunetik kentzea handitasunaren kontzepzio eta zentzu erabateko eraldaketa bat egin gabe gaurko jendearen baitan. Eta eraldaketa horretan parte hartu ahal izaiteko   behar  dugu geuk eraldaketa hori egina izan geure baitan. Bakoitzak Hitlerentzako gaztigu bera has lezake bere arimaren barruan, handitasunaren zentzuaren partiketa modifikatuz. Urrun da erraza izaitetik, zeren presio sozial bat atmosfera bezain pizua eta itogarria aldaketa horren kontra jartzen baita. Horraino iristeko, gizarte honetatik  atera behar gara ezpirituz.

Horregatik Platonek zioen ongia bereizteko gaitasuna ez zela existitzen jainkoarenganik heziketa zuzena jaso duten arima predestinatuetan baizik.

[Simone Weil] Erroztamendua XIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamendua XIV”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-05-27 19:23

    Testu hau irakurrita erraz imagina ginezake SW joanen zela seguraz ere Mariopolera Ukraniarren erresistentzian parte hartzera baina denbora berean oso gogor kritikatuko zuela aspaldiko Mendebaleko eta OTANeko politiken inperialisten kontra.