[Simone Weil] Erroztamendua XIII

[Simone Weil] Erroztamendua XIII –

Erroztamendua (XIII. bidalketa)

Eskuarki, erru larrienak, pentsamendu osoa makurtzen dutenak, arima hondatzen dutenak, arima egiatik eta ongitik kanpo jartzen dutenak, izatez ikusezinak dira. Izan ere, erru horien arrazoia da gauza batzuk arretari eskapatzen zaizkiolako faktua. Alabaina gauza horiek arretari eskapatzen bazaizkio, nola haiei kasu egingo ginieke bada, nahi bezainbat ahalegindurik ere? Horregatik, izatez, egia naturaz haraindiko ontasuna da.

Horrela gertatzen da historian. Bertan garaituak direnak arretari eskapatzen zaizkio. Historia da errukigabeko prozezu darwiniar baten tokia, animalien eta landareen bizitza gobernatzen duena baino errukigabeagoa; Historian garaituak desagertzen dira. Ezer dira.

Erromatarrek Galia zibilizatu dute omen. Arterik ez omen zuten galo-erromatar artea sortu baino lehen; Galiarrek ez omen zuten pentsamendurik ere, Cicero-ren iskribu filosofikoak irakurtzeko zorteona eduki baino lehen; eta dena horrela omen. Ez dakigu kasik deus Galiaz, baina dauzkagun argibide  ezdeusek aski ongi frogatzen digute hori guzia gezur galanta dela. Arte galiarra ez eiki da izanen gure arkeologoen tesien objektua, zeren eta ekaia egurra baitzuen. Baina Bourges-eko hiria hain zen ederraren eredu nun galiarrek galdu zuten haien azken borrokaldia, ez baitzuten beraiek Bourges suntsitzeko adorea eduki. Zesarek berak zuen suntsitu eta, denbora berean, barnean zeuden berrogei mila biztanleak erahil zituen. Zesar-en ganik badakigu druiden ikasketek hogei urte zirautela eta dibinitateari eta unibertsoari zegozkien poemak gogoz ikastean zetzatela. Beraz, hala ta guziz, poesia galiarrak edukitzen zuen poema erligioso eta metafisiko andana bat hogei urteko ikasketak osatzerainokoak. Argibide honek iradokitzen duen aberastasun sinetsezin honen aldean, poesia erromatarra, Lukreziorena gatikan ere zerbait errukigarria da. Diogene Laercek zioen tradizio batek esleitzen zizkiola filosofia grekoari hainbat jatorri arrotz zeinetan Galiako druidena baitzegoen. Beste testu batzuek seinalatzen digute druiden pentsamoldea Pitagoriziar familiakoa zela. Halatan populu horretan bazen poesia sakratu itsaso bat zeinaren inspirazioa Platonen obrek soilik emaiten ahal baitigute irudikapen bat. Hori guzia desagertu egin zen erromatarrek druidak oro erahil zituztelarik haien patriotismo krimenagatik.

Egia da Erromatarrek eurek ziotenez, bukaera eman zietela Galian egiten ziren giza-sakrifizioei. Sakrifizio haiek zer ziren deus ez dakigu, zein moduz eta zein izpirituz praktikatzen ziren; ez dakigu kriminalen erahiltzeko modu bat zen ala errugabe batzuren erahilketa zen. Eta azken kasu honetan, berauen onespenarekin zen ala ez. Erromatarren lekukotasuna biziki susmagarria da eta ezin dugu onartu mesfiantxarik gabe. Baina seguru dakiguna da Erromatarrek heriotza zigorra eurek jarri zutela eta denetan milaka gizaki errugabe erahil zituztela, ez jainkoak ohoratzeko baizik eta jende osteak libertitzeko. Ereduzko instituzio erromatarra zen, orotara zekartzatena; zibilizatzailetzat gisa guk hartzen ditugun Erromatar haiek eurak. Alta, publikoki erraiten baginu konkista aurreko Galia Erroma baino askoz zibilizatuagoa zela absurdoa lirudike.

Hau adibide ezaugarri sinple bat bada. Nahiz eta, lurralde berean, gure nazioa Galiari jarraitu zitzaion, nahiz eta gurean besteenean bezala patriotismoak baduen iragan aldera zabaltzeko joera azkar bat, nahiz eta kontserbatutako dokumentu gutiek osatzen duten lekukotasun ukaezin bat, arma galiarren porrota da oztopo garaitezina aitortu ahal dezagun suntsitutako zibilizazio horren kalitate izpiritual altua.

Beharrik izan dira oraindik galiar zibilizazioaren alde Camille Jullianen saioa  bezalakoak. Baina, nola Troiako lurraldea ez den sekula nazio baten orubea gehiago izan, nehor ez da ahalegin Iliaden, Herodotengan, Eschillen Agamemnonengan ezin nabarmenagoa den egia ikusten; hau da Troia zibilizazio, kultura eta ezpiritualitate-maila askoz altuagokoa zela bidegabeki atakatu eta suntsitu zutenena baino; eta Troiaren desagerpena desastre bat izan zela gizadiaren historian. Halatan, 1940ko ekaina baino lehen, Frantziako kazeraritzan, animagarri patriotiko gisan, Alemanen eta Frantziarren gatazka Troiako gerlarekin erkatzen zuten artikuluak irakur zitezkeen; haietan esplikatzen zen Troiako gerla hori basakeriaren kontrako zibilizazioaren gerla zela jadanik, barbaroak Troiarrak zirela. Alta erru horrek ez du beste inolako arrazoirik baizik eta Troiak gela galdu izana.

Ez badugu ekidin ahal izan erortzea erru horretan Grekoei buruz, zeinak eurek eginiko krimenaren urrikiak griñatuak egon baitziren, eta zeinek  biktimen alderako lekukotasuna eurek eman baitzuten, nola gu erru berean ez erortzea beste nazioei buruz zeinen usaiako ohitura baita erahil dituztenak gezurrez zikintzea? [1]

[1] Gaur erraiten dugularik Iraultzaren konkista aurreko Lapurdi konkista ondokoa baino zibilizatua zela, dokumentatu daitekeen errealitate hutsa dena, gure garaikide gehienek  frantses zein  eukaldun, erreakzionario gezurtitzat hartzen gaituzte. Arrazoia? iraultzak irabazi zuen.

[Simone Weil] Erroztamendua XIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude