[Simone Weil] Erroztamendua XI

[Simone Weil] Erroztamendua XI –

Erroztamendua (XI. bidalketa)

[Simone Weil] Erroztamendua XI

Zirkunztantzia politiko eta militarrengatik, Londreseko frantses mugimenduaren benetako misioa ezpiritualagoa da politikoa eta militarra baino. Misio hori defini daiteke kontzientzia kudeakata bezala baina herri baten eskalean. Hemen zirrimarratutako akzio politiko moduak exigitzen du mota biziki desberdineko hainbat gogoeten kontenplazioa etor dakion hautu bakoitzaren aurretik. Horrek inplikatzen du arreta maila altu bat, guti gorabehera artean eta zientzietan exigitua den sorkuntza-laneko maila bertsukoa. Alabaina, zergatik populuen patua eragiten duen politikak, eta justizia objektutzat daukan politikak eskatuko lukete ederra eta egia objektutzat duten arteak eta zientziak baino arreta gutiago.

Politikak zerikusi handia du artearekin; poesia, musika eta arkitektuara bezalo arteekin. Hainbat mailatako eta aldibereko konposaketa da sorkuntza artistikoaren legea baita zailtasuna ere.

Poeta batek hitzen antolaketan eta hitz bakoitzaren hautuan bospasei konposaketa maila bederen aldiberean kontuan hartu behar ditu. Bertsogintzaren arauak–silaboen kopurua eta errimak–hautatu duen poema-forman; hitzen gramatika-koordinazioa; haien koordinazio logikoa gogoetaren garapenari buruz; silaboetan dauden soinuen segida musikal hutsa; silabo bakoitzaren eta silabo multxo bakoitzen ebaki, etenaldi eta iraupenez; hitz bakoitzaren itzulian, berek barnean dauzkaten iradokipen aukerek sortzen duten giroa, eta giro batetik besterako aldaketa hitzak jalgi arau; honako giroari ala halako pentsamenduaren mugimenduari doakien hitzen iraupenaz osaturiko erritmo psikologikoa; errepikapenaren edo berrikuntzaren ondorioak; seguraz ere beste gauza batzuk oraindik; eta ederraren intuizio bakun bat hori orori batasuna ematen duena.

[Simone Weil] Erroztamendua XIInspirazioa arimaren gaitasunen tentsioa da, zeinak maila anizkoitzeko osaketari beharrezkoa den arreta maila ahalbidetzen baitu. Horrelako arretaz gai ez denak ere egunen batean jasoko du gaitasuna, umil, jarraikor eta pazientziadun tematzen bada, eta irrika agortezin bortitz batek bultzatzatua bada.

Norbait ez bada horrelako irrika baten harrapakina, ez da bertsoak egitera bortxatua.

Politika ere bada maila anizkoitzeko osaketak eragindutako arte bat. Erantzukizun politikoak dituen edonork baldin badu bere baitan justiziaren egarria eta gosea, maila anizkoitzeko  konposaketa gaitasun hori jasotzearen irrika izan behar du, eta ondorioz denborarekin jasoko du faltarik gabe. Baina gaur presa bada, premiak presazkoak dira. Hemen zirrimarratutako akzio politikoaren metodoak giza-adimenaren ahalmenak gainditzen ditu, bederen ahalmen horiek ezagunak diren neurrian. Baina ahalmen eskastasun horrek berak dio prezioa ematen. Ez dugu gure buruari galdatu behar metodoa aplikatzeko gai garen ala ez. Erantzuna ezetza litzateke beti. Metodo politikoa kontzebitu beharra dago modu perfektuki argiz; kontenplatu behar da luzaz eta sarritan; betirako behar da sartu arimaren tokian nun pentsamenduak erroztatzen diren; eta erabaki guzietan buruan present egon behar dugu. Probabilitatea bada orduan hartutako erabakiak, inperfektuak izan arren, onak izan daitezen; Bertsuak osatzen dituenak, Racinenak bezain ederrak egin nahian, ez du sekula bertso eder bat eginen. Are gutiago esperantza hori bera ere ez badu. Hitzen antolaketari esker, edertasun zerbait daukaten bertsoak egiteko, Platonek zioenez, zeruaz haraindian bizi den edertasun aratza eta jainkotiarra lortzea irrikatu behar dugu.

Kristautasunaren funtsesko egia bat da inperfekzio gutiago baterako irrikak ez duela  inperfekzio gutiagorako aitzinamendua eragiten. Soilik perfekzioaren irrikak du gaitasuna suntsitzeko zikintzen duen gaizkiaren zati bat . Horregatik da Kristoren agindu hau: «Perfektuak izan zaitezte zuen zeruko aita perfektua den bezala». Zenbat eta urrunago da giza-hizkuntza edertasun jainkotiarretik, zenbat eta urrunago da justiziatik giza gaitasun sentsibleak eta intelektualak, orduan eta hainbat urrunago dira justiziatik gizartearen premia sozialak. Ondorioz  politikak sorkuntza kreatzailearen ahalegin beharrik ezin du ez izan arteak eta zientziak bezainbat. Horregatik kasik iritzi politiko guziak eta kontrajartzen diren eztabaida guziak arrotz dira politikarekin Montparnasseko garagartokietan iritzi estetikoen arteko talkak artearekin arrotz diren bezala. Politikariek kasu batean, artistek bestean bezala  ezin dute hor aurkitu dosi oso tipian baizik hartu behar den pizgailu jakin bat.

Ez dugu sekula  maila hain altuko politika begiratzen. Baina horrela da zeren hainbeste mendetik usatuak baigara politika ikusten, bakarrik edo nausiki behintzat, boterea hartzeko eta konterbatzeko teknika bat bezala. Alta boterea ez da helburu. Izaitez, esentziaz, definizioz, ez da medio baizik. Melodiak sortzeko pianoa beharrezkoa duen musika egilea desoroso sentituko da pianorik ez den herri batean baldinbadago. Baina piano bat emaiten bazaio, orduan konposatu behar du.

Dohakabeak garenak! Nahasi ginuen pianoaren fabrikazioa sonataren konposaketarekin.

[Simone Weil] Erroztamendua XI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua