[Simone Weil] Erroztamendua V

[Simone Weil] Erroztamendua V – 

Erroztamendua (V. bidalketa)

Maila hain altuko misioa bete behar dugu nun promesen eta propagandaren baliabide arruntak eta eraginkorrak ez baitira nahikoak. Aitzitik, populu frantsesa osatzen duten gizakien segeretuzko gogoeten eta behar pizuei erantzuten dieten hitzen erabilpena, hauxe da bai eginmolde miresgarria eta egokia dena egin behar den atazarako, baldin eta behar den bezala erabilia baldinbada.

Horretarako, lehenik behar da Frantzian erakunde jasotzaile bat. Erran nahi baita, jende batzuk zeinen lehen lana eta ardura izanen baitira segeretuzko gogoeta eta behar gorde horiek sumatzea eta Londresen jakin araztea. Ardura horretarako ezinbestekoa dena da edozein gizakirentzako interes pasionatua, bere burua jendeen egoeran jartzeko eta adierazigabeko gogoeta seinaleei kasu emaiteko gaitasuna, indarrean dagoen historiaren zentzu intuitibo jakin bat, eta idatzien medioz nabardura delikatuak eta erlazio konplexuak adierazteko gaitasuna. Aztertu beharreko gaiaren zabalera eta zailtasuna kontuan hartuz, horrelako so-egile kopuru handi bat behar ginuke; baina izatez ezinezkoa da. Horregatik, gutienez, gai den oro baliatu behar dugu, salbuespenik gabe. Suposatuz badela Frantzian erakunde jasotzaile eskasegia -ezin da bestela izan- baina egiazkoa, bigarren eginbeharra, urrundik garrantzitsuena, Londresen izanen da. Hautaketarena da, alegia. Herriaren arima moldatzeko gai izanen dena.

Badira frantsesen bihotzean oiartzuna sortzeko gai diren hitz batzuk, haien bihotzean jadanik dagoen zerbaiti erantzuten baliote bezala. Hitz horien ezagutza izatez ezagutza da bakarrik. Ez du ongi baten ezagutzarik ezer, baina, politika giza-aktibitate oro bezala, ongiari buruzko aktibitate bat da. Frantsesen bihotzaren estatua faktu bat besterik ez da. Printzipioz ez da ez ongi bat ezta gaizki bat ere. Egiaz, ongiz eta gaizkiz osaturiko nahasta bat da, asko alda daitekeen proportziotan. Egia nabaria da baina, halere, ongi da errepikatzea, zeren eta desterramenduari naturalki dagokion sentimentalitateak guti edo asko ahantzaraz liezaguke.

Frantsesen bihotzean oiartzuna sortzeko gai diren hitz guzien artean hautatu behar ditugu hitzak zeinen oiartzuna merezi den suspertzea eta haiek behar ditugu errepikatu; aldiz besteak, desagerraraztea hobe ditugunak behar ditugu isildu, haiek desager daitezen. Zein dira hautaketa horren irizpideak? Biga asma ditzakegu. Bata da ongia, hitzaren zentzu izpiritualean. Bestea baliogarritasuna da. Hitz honek erran nahi duela araiz, gerlari eta Frantziaren interes nazionalei buruzko baliogarritasuna.

Lehen irizpideari dagokionez, bada lehenik postulatu bat aztertzeko. Artoski eta luze pisatu behar dugu ariman eta kontzientzian, eta gero hartu edo egotzi behin betikotz. Kristau batek ezin du hartu baizik. Postulatua da izpiritualki ongi dena ongi dela alde guzietatik, erlazio guzietan, noiznahi, nun-nahi eta zirkuntantzi guzietan. Hau da Jesu Kristok adierazten duena hitz hauetan: «mulko helduak biltzen ote dira laparretan? edo pikuak kardoetan? Izan ere arbol onak fruitu ederrak egiten ditu. Arbol ustelak fruitu txarrak. Arbol onak fruitu txarrik ez dezake eman, ezta arbol ustelak fruitu ederrik ere».

Hona hitz horien zentzua: gure gogoetak usaian ibiltzen diren lurreko eta aragizko eremuaren goian, zeina ongiz eta gaizkiz osatutako ezin bereizizko nahasta bat baita, badago beste eremu bat, eremu izpirituala, zeinean ongia ez den ongia baizik, eta beheko mailan ere ongia baizik ez duen ekoizten; zeinean gaizkia ez den gaizkia baizik eta ez duen gaizkia baizik ekoizten. Jainkoaren baitako sinesmenaren ondorioa zuzena da. Ongi absolutua ez da bakarrik ontasun guzirik onena -ongi erlatiboa litzateke orduan- baina ongi bakarra, osoa, bere baitan ongi guziak maila gorenean barnebiltzen dituena, baita beretik urruntzen diren gizakiek bilatzen dituztenak ere.

Bereganik zuzenean datorren ongi aratz guziak antzeko proprietatea dauka. Horregatik, frantsesen bihotzean Londresetik susper daitezkeen oiartzunen zerrendan, hautatu behar da lehenik arazki eta egiazki ongi dena, inolako oportunitate asmorik gabe, egiazkotasunaz beste inolako azterketarik gabe; eta hori guzia frantsesei berbidali behar zaie, usu, akitu gabe, ahal den hitz sinple bezain garbiren bitartez.

Bistakoa da gaizkia, herra eta apalkeria den oro halaber egotzi behar direla oportunitate kontsideraziorik gabe.

[Simone Weil] Erroztamendua V

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamendua V”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2022-04-28 11:19

    Filosofoa bere intuizioari jarraitzen zaio, populuaren barne-erresistentzia herrikoia sendotzearena alegia. Horretarako bere metodoa, laburbilduta, da populuan ja dauden inspirazioak bildu, onenak ongiarekin bat baudenak bereizi, sakondu, mejoratu eta populuari bueltatu akzio- proposamen gisa Londreseko frantses erakunde ospetsuaren bermearekin, agindu moduan eta sustut akzioak egikaritzeko beharrezkoak diren instrukzio praktikoekin.
    Aitzitik De Gaulle generalaren estrategia militar baten estrategia klasikoa zen. Oinarritzen zen gehiago indar militarren gainean, aliatuen indar militarren gainean, tropa kolonialen gainean eta abar. Beretzat, erresistentzia herrikoia ez zatekeen indar militarretarako laguntza baizik.