[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa VI

Errogabetasuna eta nazioa VI –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Richelieuren ardura politikoak Frantzia bera errogabetu zuen. Herriko edozein bizi espontaneo sistematikoki hiltzen aritu zen, estatuaren kontra egin ahalko lukeen guzia eragozteko. Zentzu horretarako bere jarduera mugatua iduri baldin bazuen, hasten zelako eta  piskana piskanaka hasteko aski abila izan zelako da. Aski da Corneillen antzerki eskaintzak irakurtzea, ulertzeko zer joputasun higingarri mailara jakin zuen izpirituak jautsarazten. Denbora hartatik goiti gure ospe nazionala ahalgetik babesteko, asmatu dugu erratea orduko politezia normalaren hizkuntza zela. Alabaina gezurra da. Horretaz konbentzitzeko, aski da irakurtzea Teophile Viau-ren idatziak. Alabaina teophile Viau goiz hil zen presondegiratze arbitrario baten ondorioengatik, Corneille aldiz biziki zahar bizi ahal izan zela.

Errogabetasuna eta nazioa VI

Literaturak ez du interesik baizik eta seinale bezala, baina engainatzen ez duen seinalea da. Corneillen jopu aireko hitzaldiak erakusten du Richelieuk izpirituak berak menderatu nahi zituela. Ez ordea izpirituak berari menderatu nahi  zeren seguraz ere bere buruaren alderako abnegazioa zinezkoa baitzuen, baina menderatu nahi zituen berak ordezkatzen zuen estatuari. Richelieuren Estatuaren kontzeptzioa totalitarioa zen jadanik. Kontzepzio hori,  ahal zuen bezainbat aplikatu zuen  herria erregimen polizial batenpean makurraraziz orduko baliabideek emaiten zioten neurri osoan. Estatuaren kontzepzio horrek herriaren bizi moralaren parte handi bat suntsitu zuen. Frantziak bere burua itotze horri menderatu badu, arrazoia da nobleek gerla zibil higingarri eta absurdoekin hainbeste hondatu zuten nun herriak onartu zuen bake zibila prezio horretan erostea.

Anitz pundutan, egoera horrek 1789. urtea iragartzen zuen. Frondaren zapartatzearen ondoren, Louis XIV boterean jarri zen gehiago diktadore gisa ezen ez eta soberano legitimo bat gisa. Horixe bera zuen adierazten erregearen esaldi famatu honek: «Ni naiz Estatua» Hau ez da errege baten pentsamoldea. Montesquieuk hori biziki ongi esplikatu zuen ezkutuko hitzetan. Baina bazen Montesquieuk bere garaian oraindik ikus ez zezakeena, alegia bi estapa zeudela frantziar monarkiaren beherekadan. Lehenik, Charles V ondoren monarkia despotismo pertsonalera bihurtu zen. Baina, gero, Richelieu ondoren, despotismo pertsonal hori esentzia totalitarioko estatu aparatu batek ordezkatu zuen, eta, Marxek berak zioen bezala, aparatu horrek ez zuen bakarrik iraun baizik bera perfekzionatuz eta haziz erregimen aldaketa guzietan barna.

Frondaren eta Mazarinen denboretan, Frantziak, miseria gorrian izanik ere, moralki hatsa hartu zuen. Herria, Louis XIV erregeak aurkitu, ezagutu eta animatu zituen genio distirantez betea zen. Bainan denbora betean Richelieuren politika jarraitu zuen intentsitate maila askoz handiago batekin. Horregatik epe labur baten buruan, Frantzia basamortuko egoera moralera bihurtu zuen, baita  miseria material higingarrira ere.

Saint Simonen obra irakurtzen bada, ez kuriositate literario edo historikoz, baizik eta gizakiek zinez bizi zutenaren lekukotza bezala, izuak eta disgustuak hartuak gara hain intentsitate handiko asperdura hilgarriaren aurrean, baita arimaren, bihotzaren eta inteligentziaren apalkeria hain orokorraren aurrean ere. La Bruyere, Liselotten gutunak, garaiko dokumentu guziek zirrara bera eragintzen digute izpiritu berean irakurtzen badira. Denboran piskabat goiti igoz ere, erraz pentsa dezakegu, adibidez, Molierek ez zuela “Le Misanthrope” antzezlana idatzi bakarrik irri egiteko.

Louis XIV erregearen erregimena zinez totaltarioa zen jadanik. Izu-ikarak eta salaketek herria hondatzen zuten. Estatuaren idolatria, erregeak ordezkatzen zuena, kontzientzia kristau guzien kontrako erasoa zen. Propagandaren artea jadanik biziki ongi ezagutua zen. Hori bera du erakusten poliziaburuaren Liselotti egindako aitortza naiboak, alegia, erregearen laudoriorik edukitzen ez duen inolako libururik -eta inolako gairi buruz ere- agertzera  utzi behar ez izaitea.

Louis XIV erregearen erregimen horrenpean, Frantziako probintzien errogabetasuna eta lekuko biziaren hondaketa maila anitz altuagora iritsi ziren. Horren aldean, XVIII. mendea lasaialdi bat izan zen. Alabaina erregearen despotismoari soberania nazionala ordezten zion operazioak akats bat zeukan, izan ere soberania nazionalik ez zegoen. Rolanden behorrarentzat bezala berau zen bere akats bakarra. Izatez, ez zegoen inolako metodo ezagunik hitz horiei zegokien zerbait errealik eragiteko. Orduan ez zen estatua baizik egoiten zeinari buruz batasunerako suharra -«batasuna edo heriotza» nazio-soberaniaren baitako sinesmenetik jaioa zen- naturalki itzul zitekeenik. Hortik zetorren tokian tokiko bizitzako desmasia berriak. Gerlagatik -gerla baitzen hasieratik  historio guzi horren arrazoia- estatua, konbentzioaren eta inperioarenpean gero ta totalarioagoa bilakatu zen.

Louis XIV erregeak Frantziako eliza zikindu zuen bere buruaren alderako kultuarekin nahasiz baita bere buruari buruzko obedientzia inposatuz elijio gaietan ere. Elizaren erregearen alderako jopukeria horrek asko eragin zuen ondoko mendearen apaizen kontrako sentimentua.

Baina Eliza bizi publikotik moztu zen, falta barkaezina egin zuenean, alegia, bere patua instituzio monarkikoarekin elkartu zuenean. Deusek ez zezakeen estatuaren asmo totalitarioa hobeto zerbitza. Hortik atera behar zen ideologia laikoa, gaur indarrean dagoen estatu iduriko[1] estatuaren alderako adorazioaren aurre-seinale bezala.

Kristauak defentsarik gabe egoiten dira izpiritu laikoaren kontra. Izan ere, edo erabat lotzen dira akzio politikoari, partidu-jarduerari, botere publikoa apaizeriaren edo apaizeriaren-ingurumenaren eskuetan abandonatzeko, ala etsitzen dira erlijiogabekoak izaitera beren bizitza propioaren parte ez-erlijiozkoan. Azken portaera hau da gehienetan gertatzen gaurko egunean, eta kristau hauek berak ohartzen diren baino maila askoz goragoan. Kasu bietan erlijioaren funtzio propioa ahantzia da, hau da bizitza osoa, profanoa, publikoa eta pribatua argiztatzea, baina, guziz, inor inola ere menderatu gabe.

[1] “estatu iduriko”  ez dut ongi ulertzen

Errogabetasuna eta nazioa VI  Errogabetasuna eta nazioa VI  Errogabetasuna eta nazioa VI  Errogabetasuna eta nazioa VI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

5 pentsamendu “[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa VI”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-12-15 10:23

    Testu honetan, SWen filosofiak estatu forma guziak ( erreinu, errepublika, baita De Gaullen exilioko gobernua ere…) argi ta garbi menderatzen ditu Platonen agindu kategorikoei. Estatuaren arrazoiaren eta zinismo politikoaren kondenamendua da.
    De Gaullekiko talka saihestezina zen.

  • Caixo Beñat,
    Statu-raçoin delaco hura Statuaren ikuspegui machiavellicoaren erraquera dateque. Bere buruaren iraupeneracotz bere legue proprioen aurca dijoazten neurriac harceco ahalmena.
    Osso interessantac çure translatatze hauec.
    Adeitassunez

  • Alexandre plazer asko egiten didazu. Merezimendua baduzu zeren SW ez baita ebidentea izango Hegoaldeko batentzat. Ulerterraza bai baina baina preziagaitza beharbada.
    Izan ere segituan ikusiko baduzue herri tipi zapalduen defentsa hartzen duela (nahiz limitak ere badituen horretan) Gu euskaldunontzat interesgarriena izan daiteke Frantziaz hausnartzen duenean, bere patria baita. Eta hori preziatzeko Frantziako historiaren gutieneko ezagutza bat eduki behar da, baita egia “zeharraldatzeko” gaitasun bat ere.( “transposer une vérité” frantsesez) Izan ere, iraganean eta Frantzian, zirkuntzia berezi batzuetan ikusten dugun egia bat gai izan behar gara testu ingurutik bereizteko eta, gaur euskalherrian gure testuinguruan zeharraldatzeko (edo transposizionatzeko erdarakada bat erabiliz)
    SW entzat egia inportanteenak betierekoak ziren, betierekotasun hori, bestela esanda “zeharraldagarritasun”hori, zen harentzat egia inportanteenen irizpide bat.
    Horrelako ideia ez da batere modan gaur. Alta iduritzen zait ahalbidetzen digula iraganetik eta beste herrietarik ikastea.
    Espero dut ulertuko nuzula.
    Mesedez zer erran nahi du “erraquera” hitzak? badut ideia bat baina…

  • Caixo Beñat,
    Erraquera hitzarequin “esaera” nahi nuen erran.

  • Beñat Castorene 2021-12-17 08:45

    Pentsatzen nuena da. Milesker. .