Rolak eta ekintzailetasuna

zuzeu.eus-logo7

Agenda 21 programaren barnean, garraioaren inguruan dauden hainbat ustez aritu ginen atzo ikasgelan ikasleekin. Uste horietako batek zera zion: “Emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dituzte garraiobide publikoak”.

Iritzi nagusia baiezkoa zen. Ikasle gehienen ustetan, horren arrazoia emakume gutxiagok gidatzeko baimena edukitzean datza. Kontuak  kontu, gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duen lehiaketa bateko amaiera ekitaldira joatea egokitu zait. Lehiaketaren helburua ekintzailetasuna ikasle gazteen artean bultzatzea da.

Hara abiatu naiz, goizeko bederatzietako autobusean. Guztira 60 bat pertsona gindoazen, sei gizonezko, beste guztiak emakumeak. Ingurura begiratuz, atzoko eztabaida etorri zait burura, eta argi ikusi dut, garraioen alorrean, emakumeak jasangarriagoak garela, bidai bat froga moduan erabiltzea oso zientifikoa ez dela jakin arren.

Orduan, jarri naiz pentsatzen emakume  horiek guztiak nora edo zertara joango ote ziren. Erdia inguru, bidean geratzen joan da, Aieteko etxe inguruetan, etxeak garbitzera otu zait. Beste laurden bat edo, Donostiako dendetara, saltzaileak izango ziren (hori nik ezagun nituen pertsonengandik ondorioztatu dut), eta besteak auskalo: batzuk bestelako profesionalak izango ziren, eta bakanen batzuk pasiatzera edota erosketak egitera zihoazen seguruen. Emakumeen lanak edo gauzak esango luke baten batek lotsarik gabe.

Eta pentsatzen jarraitu dut… krisia, ekintzailetasuna, jasangarritasuna….

Kontzeptu horiek nire buruan nahasten hasi dira. Krisi garaian bizi gara, eta dirudienez, datuek hori diote, emakumeoi parterik ankerrena jasatea tokatu omen zaigu. Ekintzaileak izatera hezi behar ditugu gure ondorengoak, baina lanbideetan eta roletan, egunerokotasunean ez da horren izpirik somatzen. Lan guztiak iruditzen zaizkit duinak, baina etxeko lanen aferan ez dut aldaketa handirik somatzen. Zenbat aldiz entzun izan diot emakumeren bati nire inguruan “etxean asko laguntzen dit” esaldia, bere bikoteari buruz hitz egiten ari denean. Horrelakoetan sutan jartzen naiz, lagundu? ez al da ba bere bete beharra bere etxeaz eta familiaz arduratzea?

Heziketan gabiltzanok, ikasleak ekintzaileak, jasangarriak eta beste milaka gauza izatera bultza ditzakegu, baina etxean eta egunerokotasunean rolak ez baditugu aldatzen, zertarako balioko digu? Nago, ekintzailetasuna jendarte parekideago bat eginez bultzatuko dugula.

iritzia
joxepa

JOXEPAREN KAIERA