Relaxing, terrazak eta berogailuak

RELAXING, TERRAZAK ETA BEROGAILUAK –

Sano poztu nintzen nire herriko supermerkatuan ikusi nuenean hotz egon beharreko jakien erakuslekuak itxi egin zituztela, oso erraz zabaltzen diren estalkiak jarriz hozkailu funtzia duten kutxatzarrei. Lehen agerian, dena zabalik, izaten ziren izoztutako menestrak, arrain izoztuak eta abar.

Relaxing, terrazak eta berogailuakAtsekabetu egiten naute zenbait saltokik, barruan berogailua topera eta atea parez pare zabalik. Bada sasoia itxi ditzaten, sartu behar dugunok berdin sartuko gara eta.

Zeharo haserretzen naiz egunero nire herriko taberna ugaritan ikusten dudanean kalea berotu nahi duten berogailuak piztuta direla. Lan nekeza da benetan aire zabala berotzea. Botikak duen termometroak 6 graduko tenperatura adierazten duenez gaur, topera daude ondoko tabernako terrazako hiru erradioadoreak, bertan diren bospasei erretzaileak berotu nahian, ezinezko jardunean. Inori bururatzen al zaio autoz bidaiatzea aldi berean lehioak jaitsita eta aire egokitua piztuta? Ohartu gaitezen egunean 8 orduz piztutako lau berogailu dituen terrazak CO2 ugari isurtzen duela, auto batek 350 kilometroko ibilbideak beste, Carbone 4 eholkularitza enpresaren arabera.

Hainbat udalek (Bilbo, Iruñea, Errenteria…) klima larrialdi egoera deklaratu dute, eta neurriak hartzeko konpromisoa agindu. Bilbokoak adibidez konpromisoa hartu du klima-larrialdiari asmo handiz eta urgentziaz aurre egiteko behar diren ekimen guztiak sustatzeko, bultzatzeko eta erabakitzeko. Tabernen terrazen inguruko ordenantzak udalen ardura direnez, ate joka behar genituzke aldaketak. Izan ere, ostalariari ekonomikoki errentagarria izan dakiokeen arren, aldrebeskeria galanta da kalea berotzen ahalegintzea.

Ohi bezala, badugu non ikasi. Urtearen hasierarekin batera, Estatu frantziarreko Rennes-ko Udalak taberna eta jatetxeetako terrazetako berogailuak debekatu egin ditu. Alkateordearen esanetan, “aurrean dugun erronka ekologikoa izanda, eredugarriak izan behar dugu gune publikoaren erabileran”. Erabakiarekin bat etorri da sektoreko Umih Sindikatua. Horren presidente François de Penak argi azaldu du: “Ezin dugu 2.000 wateko gailua jarri kalea berotzeko”.

Zer edo zer txarto ari gara egiten gizarte honetan, zeren ez baita onargarria negu hotzean taberna zenbaiten barrualdea erdi hutsik egotea eta terrazak beterik. Norbaitek argudiatuko du xahutzen den energia bezeroak ordaintzen duela edaria garestixeago ordainduta, baina nago zerbait ordaindu ahal izateak ez duela oro eskubide bihurtzen. Klima-larrialdian egonik, energia xahutzea ez da eskubidea. Edonondik begiratuta ere, aire zabala berotzen saiatzea burugabekeria da.

Rennes aitzindari, Grenoble, Bordele eta Angers izango omen dira neurri bera hartzen hurrengoak. Euskal Herrian atzeratuta gabiltza. Eta relaxing cup of café con leche berotan nahi badugu, hobe barruan.

Relaxing, terrazak eta berogailuak

Irakaslea

4 pentsamendu “Relaxing, terrazak eta berogailuak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-01-18 12:08

    Berogailu horiek ez dute aire zabala berotzen. Lanpara infragorriak dira eta izpi infragorriek ez dute airea berotzen konbekziozko berogailu batek egingo lukeen moduan. Aitzitik, objetuak berotzen ditu, pertsonak. Negu erdian terrazan egon nahi duena ziuraski erre egin nahi duelako izango da, eta hala hobe. Orain ekologiaren izenean erretzaileak taberna barruan ez ditugu berriro sartu behar, kosta zitzaigun eta kanpora bidaltzea. Beraz, agian erretzaileen aurka jo beharko zenuke kasu honetan ere, eta ez tabernarien aurka. Berogailu hauek debekatuz ekologiaren alde lan egiten duten alkate horiei buruz, zer esan… patetikoa, hitzik xamurrena.

  • euskaldun bat 2020-01-18 19:55

    Gainera, beti ari gara komertzio txikia babestu behar dela, herrietako kaleko giroa sustatu behar dela… eta orain bi lanpara infragorriren kontsumoari begira, errudun nagusiak aldaketa klimatikoan. Lanpara horiek ziuraski gehiago ematen dute kentzen dutena baino. Aldiz Amazon eta enparauen aurka ez dago ezer esateko. Paketetxoa merke-merke zeure etxera ekartzeko furgonetak kilometroak egin behar baditu ere ez da ezer gertatzen.

  • Agian barruan hobeto geundeke, eta ez 3 gradutan terrazan edo txoznan,… baina keba, Andaluzian edo Karibean bagina bezela jokatzea hobe…..
    Uff, ta garai batean taberna zuloetan zegoen giroa!!

  • euskaldun bat 2020-01-19 13:41

    Uff, garai batean tabernazuloetan zegoen kea eta kiratsa! Osigeno apurrak nola ez zuen alde egiten ere! Baina hura bai giroa hura porroak eta guzti!