Putakume galantak, horixe

gradignan.jpg
Bordele ondoan izan naiz gaur, Gradignango kartzelan lagun J.Z. bixitatu nahian. Bidea ez da samurra izan: euria etengabe batetik, oporrari frantziarrak bueltan bestetik eta, hirugarrenez, 45 kilometro luzeko auto iladak Bordele baino lehen. Kartzelako atarian, zegokidan txanda itxaronda, eman dut karnet espainiarra lehen frantziarra ematen nuen bezala, utzi ditut giltzak, gerrikoak eta abarrak takila koxkor batean, eta han joan naiz emozionaturik lagunaren bila, beste hainbat jenderen artean. Preso edukitzen dituzte bisitariak lehenbizi, izen-abizena entzun arte. Gero segurtasun uztai bat iragan behar izaten da. Niri piii-piii egin dit uztaiak eta ez didate pasatzen laga. Zapatak erantzi eta ikusi dugu zapaten arazoa zela guztia. Ezin dudala sartu, burniren bat dutela zolan edo nonbaiten. Oinutsik joango naizela zapatak kanpoan lagata… Irteten uzten badidate, berehala itzuliko naizela nonbaitetik txankleta batzuk inguratuta… Ezetz eta ezetz. Urrutikik natorrela, bidea nekeza izan dela… Ezetz eta ezetz. Lagunarekin mintzatu gabe etxera. Putakume galantak, horixe dira Gadrinango zaindariak eta segur ez direla bakarrak. Han ikusi dut laguna, leiho txiki batean, hirurehun bat metrora edo. “Ondo nagok”, egin dit oihu eta besarkada baten keinua egin diot. Larri ikusi nau, antza, “har ezak lasai” oihukatu du gero, baina nigarrez hasi naiz hura han ikusita, elkarri mintzatu ezinean. Ederra atarramentua, laguna poztera joan eta lehen baino tristeago uzten duen morroiarena.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Putakume galantak, horixe”-ri buruz

  • Animo, Hasier.

  • […] Nota: Sí, esto es una chorrada. Es más serio lo que le sucedió el lunes a Hatxe. Fue a Burdeos a visitar a un amigo preso, pero se tuvo que volver sin conseguirlo. 423 kilómetros en balde. Ánimo, Hatxe. […]

  • […]   Hiru urte daramatza preso, estradizio eskaera baten menpe, Gradignango kartzelan. Antza nire lagun J-Z-k kristorenak eta bi egin zituen Komando Antikapitalistetakoa zenean. Inork ez du frogatu, baina hori diote, nahiz eta ez dagoen epairik, testigurik edota bestelakorik. Gainera, leporatzen diotena, preskribatuta dago legediaren arabera. Berarentzat bakarrik sinarazi zuen Aznarrek, Euroaginduaz gain, Dublingo Akordioa, izanak izan, Europako estatuen artean extradizioa azkartzen duen hori. Ez dago, ordea, sinatua egiazki. Bost axola: Parisen ez dute behatu preskripziorik, ez dute behatu akordioak sinatuta dauden ala ez, ez dute behatu Antikapitalistak duela hogeitaka urte desagertu zirenik, ez dute behatu lagunak zerbait gaizki egin zuen ala ez (Jinkoak libra gaitzala besteen menpekoak epaitzetik!), ez dute behatu nire laguna enpresa gizon errotua denik Iparraldean, ez dute behatu nazionalitate frantziarra ere baduenik, bizitza sozial normaldua egiten zuenik, familia eta lagunarteko gizon oparo denik… Ez dute behatu eskubide edo legezko fitsik. Soilik erran dute “espainarra zela delituak egin (omen) zituen garaian, eta Espainian behar duela horiengatik erantzun”. Garzonen aurrean, seguru asko.  Eta ez dago ezer egiterik, ez eta ere helegiterik. Erantzun politikoa eman diote, Sarkozyri dagokion eran. Ez dio axola Justiziak, ez dio axola borroka armatutik aspalditik apartatuta egoteak, ez dio axola zuzenbideko ezerk… Alea jacta est. Nire lagunak dioen bezala: “ni honela tratatzen banaute, nola hartuko ote dituzte iheslari gazteak!”. Aurki, bi asteren buruan ikusiko dugu eskuloturik casacristora daroatela bospasei urtean mareatzeko eta gero, auskalo. Bizitza guztirako igual. Ez du babesik, ez dauka talderik atzean, bere argazkia ez dago inongo tabernatan zintzilik, lagun apur batzuk baino ez gauzka… Negargarria da inpotentzia hau, baina  trapuan pupua da gurea, bere pupuan trapuaren ondoan. Justiziaren izenean, Demokraziaren izenean, Libertatearen izenean…, gainera. Nola edo nondik ekin mundu aldrebestu honi? Nola egin aurre bizitzak hondatzen dituen bidegabekeria itzel honi? zabaldubildudel.icio.us […]