Potrorik ez, obariorik ere ez

Potrorik ez, obariorik ere ez –

Potrorik ez, obariorik ere ez.Erabakita neukan datorren domekako hauteskundeez hitz erdirik ere ez egitea: kanpo bizi naiz, ez dut politika jarraitzen, ez dut sekula asmatzen, zer dakit nik, ez naiz inor… etc. etc. Baina hara non kanpainako gauza batek eman didan arreta, izan ere, gehienetan, entzuten ez den zarata isila baita funtsezkoena oinarrizko kontua ulertzeko. Eta hala, 1978 urteko Constitución Española delakoaren erreferendum kontuak ateratzen hasi naizen, inork ez baitit ukatuko Constitución horrek gobernatzen duela gure bizitzetan edo, bederen, Hegoaldean bizi zaretenongan. (Hemen, Iparraldean, gauzak ez daude berdin, ez eta gutxiago ere. Hemen, Grandeurraren eta Republic-aren izenean, egunero ikusten dugu gure herri eta kulturaren suntsipen etengabea. Baina beste kontu bat da hori, lau katuri baino ardura ez diguna, antza. Bego, beraz. Edo bedi). Noan harira.

Nafarroa barne sarturik, 1.914.000 hautesle ziren/ginen orduan, 1978garren urtean. Haietatik, 934.005ek erabaki zuen botua ematea. Horietatik 631.402k baietz, ona zela Constitución hura, eta 203.995k ezetz, ez zela bidezkoa. Gainera boto zuria eman zuen 5.231 lagunek eta baliogabea 13.367k. Beraz, esan liteke, baiezkoa atera zela, Hego Euskal Herriko populuak baiezkoa eman ziola gure/zuen bizimodua arautzen duen antolamendu politiko nagusiari.

Alabaina, botoa eman ez zutenak (berariaz eman nahi ez zutenak, barne), gehiago izan ziren botatzera joandakoak baino: 45.970 pertsona gehiago, 979.975 izan zirelarik guztira.

Eta nik diot, nola arraio ez du inork hitz egiten arautzen gaituen/zaituzten Lege Nagusiaz? Espainiako Konstituzioa 631.402 herritarren botoarekin irten zen aurrera gurean, 1.914.ooo hautesleren populaziotik. Horrek balio du, eta ez beste ezerk. Horrexek balditzatzen gaitu, horrexen harira dugu hitz egiten, geure proiektuak aipatzen. Botoa emateko gai zen populuaren %32,04aren borondateak gobernatzen gaitu/zaituzte gaur eta beti. Erotuta gaude, ematen du geuk egiazki egin gabeko historiak azpian zanpa gaitzala nahi dugula, eta haren araberako araudia onartu. Eta inork ez daukala potro/obariorik horretaz mintzatzen hasteko.

Nor Lehendakari? Ez dago zaila erantzuna: naturalki eta demokratikoki behar genukeena behintzat ez.

 

screen-capture-12

Potrorik ez, obariorik ere ez.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Potrorik ez, obariorik ere ez”-ri buruz

  • Ai, Hasier… eta horrela dago dena! Francok jarritako errege bat dugu. Berak AUKERATUTAKO erregea. Erregeak balioetsitako konstituzioa. Konstituzio horri zin egin zioten presidenteak… beraz, zer espero daiteke? Ilegalizatutako alderdi politikoak, komunikabideak itxita, kexatzeagatik kartzeleratua izan den jendea (eta ez bakarrik Euskal Herrian)…

    Nik nere botoa eman dut. Zergatik? Ez nago oso ziur egia esan…

  • konstituzionalista 2009-02-27 17:10

    Nik, berriz, beste irakurketa bat egiten dut. Utzidazu zure bloga hura azaltzeko erabiltzen.

    Jende gutxi joan zen botatzera orduan, ez joateko deia egin zutelako batzuk. Eta, geroztik, behin baino gehiagotan esan izan dute Euskal Herriak ezetz esan ziola konstituzioari. Zerorrek ere entzungo zenuen hori, behin baino gehiagotan, abertzale askoren ahotan.

    Baina, hala al da? Behin, kuriositateak jota, datuen bila hasi nintzen. Hemen:
    http://narros.congreso.es/constitucion/elecciones/referendos/ref_consti.htm

    Eta batuketa batzuk egin ondoren, sorpresatxoa hartu nuen.

    Hego EHn, 661.412 baiezko boto egon ziren. (batuketa gaizki egin duzula esango nuke…) Hautesleak, 1.913.980. Ezezko botoak, aldiz, 203.995. Parte-hartzea, oso baxua: %48,80. Hor ikusten da orain “abstentzio aktiboa” deitu genezakeen hori eman zela.

    Baina, propio abstentziora jo zuten botoemaile guztiak ezetz bota balute, zer gertatuko zen?

    Espainia osoan -Hego Euskal Herria kontuan hartu gabe, joka dezagun xuxen- %68,53koa izan zen abstentzioa. Beraz, suposa genezake, diferentzia hori izan zela hemen orduko “abstentzio aktiboa”, gutxi gora-behera, %20 . Eta, zer gertatzen da %20 hori oso-osorik ezezko boto bezala kontatuz gero (ez nulo, ez zuri…, zuzenean ez)?

    Ba, artean ere, baietzak irabaziko lukeela. Justu-justu, bai, baina irabazi %50.5arekin. 661 mila baiezko; 640 mila ezezko.

    Zer esan nahi dudan honekin guztiarekin? Ni neu aspertuta nagoela “Euskal Herriak konstituzio espainiarri ezetz esan zion” behin eta berriz errepikatzen dutenekin. Ez baitago hori horren garbi. Ez da, behintzat, petsua aterata aldarrikatzeko moduko “ezetza”.

    Hemen, zenbakiak eta demokrazia komeni den erara ulertzen dira.