Pobreak tontoak dira

Ez haserretu nirekin, esaldia borobilegia da neurea izateko. Coluche handiaren lanetako batzuk biltzen dituen azken liburutik  hartu dut: Les pauvres sont des cons.

Ez nekien xuxen nola itzuli: “Pobreak tontoak ere badira”, “Pobreak dira tontoak”, “Tontoak dira pobreak”… baina iruditu zait Coluchek esan nahi zuena esateko, bere horretan zela onena: “Pobreak tontoak dira”. Eta kitxo, sinetsita bainago, gainera, horrelaxe dela hori, pobreak direla (edo garela), tontoak. Benetako tontomontoak.

Gauzak asko sinplifikatuta esateko,  bankuek dirua irabazteko zabor-kontu hipotekadunak saldu zituzten urteetan zehar. Euren arteko salerosketarako erabili zituzten batez ere bankuek kontuok: norbanakoei eta enpresei merke utzi dirua, eta paketetan jarri ostean, merkatu finantzieroan saldu urtu eta desgertzen ziren arte. Baina halako batean argitu zen injinaritza teoriko huts baizik ez zela hura guztia, eta ke hutsa zela egiazko ondare beharrean. Jakina, benetako dirua da bankuek maite dutena, birtuala bainoago. Funts haiei toxiko adjektiboa jarri eta, aitzina!, estatuei eskatu zieten bankuek dirua, baldin eta sistima finantzieroa suntsi zedin nahi ez bazen. Horrela, hiru aldiz irabazi izan dute dirua: edonori zabor kontua saltzean, paketeak euren arteko merkatuan saltzean, eta desager ez daitezen estatuek erreskatatu dituztenean. Batzuek ederra eduki dute pagotxa pare bat hamarkadatan.

Orain, ostera, estatuak dira zorretan daudenak eta bankuek diote estatuek nahitaez berdindu behar dituztela egindako zuloak, baita horretarako herritarrek galdu behar badituzte ere urteetako borrokekin irabazitako lorpen sozial guztiak. Berriro irabazten dute bankuek dirua, estatuen interesak espekulazio-dantza geraezinean mugituz, eurak baitira orain estatuei dirua alokatzen dietenak… Eromena da, eta gu trenari begira. Gizateriaren historian, sekula ez ei da dirua horren bildua egon, hain jende gutxiren eskutan.

Eta halatan, iritsi gara Colucheren baieztapenera: Pobreak tontoak dira. Edo gara. Ezen dirua dagoen lekuan baizik ez dago eta hobeto banatu nahi bada, dagoen tokitik hartu eta ez dagoen lekuan zabaldu baizik ezin da egin. Ez dago beste dirurik eta ondasunik munduan, dagoenaz besterik. Dagoena bakarrik bana daiteke eta dagoen tokian dago dagoena. Gure katuak ere badaki hori.

Baina hemen ezin da inor mugitu, gaizto, terrorista edo deabru ez bada. Krisi hitzaren izuak bizi gaitu. Begiratu bestela ingurura eta ikusi zer ari den gertatzen, Europa Batuaren izenean, sistemaren izenean, etorkizun posible bakarraren izenean, demokraziaren izenean… Bai, Pobreak tontoak dira, hori guztia sinesten dutenean, ezen, zein demokrazia motak ekarri ditu Italia eta Greziako presidenteak, esaterako. Noiz egin da horretarako galdeketa? Nortzuk dira gizon horiek, eta Europako diru elkarte handienetako arduradunak banku handietako zuzendari ohiak ez badira?

Agian Coluche bazterrean utzi eta iritsiak gara Andersen handiaren ipuin ezagunera, badakizu “Errege biluzia” moduan ezagutzen dugun hartara. Ipuineko  umearen beharretan gara, gauzak diren bezala ikusi eta aldarrika  dezan: “Zer Demokrazia eta zer demonio, horko hori larru gorritan doa!”

(Britainiar ultraeskuindar liberal bat ezin izan daiteke sekula nire gustuko arraina, baina gauzak diren bezala esan behar badira, duela hilabeteak sarean dantzan dabilen Nigel Farae-ren bideoan, egia borobilak jaurtitzen dira. Bai horixe).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude