Plazera bekatua da

Musée de l’erotisme, Paris.

Herri guztietako (edo ia-ia guztietako) mitoek, legendek eta erlijioek bat egiten dute zerbaitetan: sexua/sexualitatea/maitasuna/ugalketa irudikatzeko joeran. Alegia, aurpegia jartzen diote gizateriak aurrera egin dezan beharrezkoa den ekintza bati, edo saiatzen dira behintzat. Afrodita, Lamia, Lilith eta Venus ditugu honen eredu, gizonak maltzurki erakarri eta zoratzen dituzten jainkosa ederrak. Hinduen kasuan, ordea, K?ma da honen arduradun. Sexua beti egon zaio, hortaz, joko, arrisku, beldur eta gaitz askori lotuta.

Orain dela bi mila urte inguru lehenengo kristauek bekatua zela esan zuten. Lizunkeria, bekatu kapital ospetsu horietako bat. Handik geroztik (nork daki lehenagotik ere hala zenentz) pertsonak ezkutatzen joan ziren maitale edota bikotearekin harreman estuak mantentzeko. Sexua existitzen ez zela antzematera arte. Tabu bihurtu zen sexualitatearekin zerikusia zuen hitz oro. Mementoko desioak eta plazerak lotsa, damua eta errua izaten amaitzen zuten. Sexualitateaz harro sentitzen zirenak (emakumeak beti, jakina) zitalak ziren eta batzuetan sorgintzat jotzen zituzten.

Batzuk, jendea infernuaren beldur izan zedin, gaitza margolan eta sinboloetan islatzen zuten. Esaterako, Ingalaterran amodio-kontuetan ibiltzeko erregearen baimena behar zela diote kaleko istorioek[1]. Baina ez da atzoko kontua, gaur egun ere batzuk naturaren aurka jokatzen dute sexualitate-eskolak emanez, esanez umeak zikoina batek dakartzala Parisetik, edo frogatzen saiatzen Eva Adanen saihetsetik jaio zela. Eboluzioaren teoriak nahiko erreala dirudien arren eta maitasun askearen aldeko mugimendu asko egon diren arren. Agian honek eragina izan du preserbatiboaren erabileraren normaltasunean.

Zigorra ez ezik, ohikoa da sexualitatea bera islatzen duten artelanak aurkitzea museo ospetsuenetan; bakanalak, emakume biluziak eta eszena sexualak. Ulertezina, ikusita amodioa egitea debekaturik dagoela eta inork egiten ez duela. Baliteke artistak pertsona zikinak izatea, deabruak. Eta zer esanik ez Amsterdameko Auzo Gorrian lan egin edo Pariseko Erotismoaren Museoa sortu zuten horiei buruz. Jesusen ama birjina omen zen, baina bere lagun min, maitale, bikote, emazte edo dena delakoa, emagaldua? Badirudi edozein izan daitekeela santu.

Bekatua bukatu dadila, plazera plazara atera dadin.


[1] FUCK hitzaren sorrera honek ekarri omen zuen.

 

amodioa, Debekua, eliza, kristautasuna, sexua, sexualitatea

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...