Pentsamendu arriskutsu hauek.

images4.jpg
ETAk gure herriaren burujabetza eta autodeterminazioa nahi ditu. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du, gaur dauzkagun erreminta politikoekin ez dugula gure herria —terminoaren zabalera osoan— aurrera ateratzerik izango. Nik eta gutako asko ere bai. ETAk uste du, Espainia eta Frantziako gobernu eta estatuak ez direla benetan demokratikoak. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du… Nik eta gutako askok…
Ez da txantxa, aurreko lerro horiek egia borobilak dira. Badakit askok ez duzuela horrela pentsatzen, baina nik eta gutako beste askok bai eta bai. Erratuta egon naiteke, baina benetan egiten dut bat ETAk egiten dituen analisi politiko asko eta askorekin. Oso hurbil sentitzen ditut nire gurari politikoak haiek argitaratzen dituztenetatik. Primerako begi klinikoa daukala ETAk, herri honi egiten zaizkion jukutriak salatzeko.
Garzón edo beste norbait haserretuko da orain eta apologian nabilela ebatz dezake. Esku loturik eramatea agin dezakete. Entzutegi Nazionalera, seguru asko. Zenbat urte dira horiek? Gauez etorriko dira? Nora eramango naute preso? Gure seme-alabek ikusiko al naute gaizkile baten antzera matrikularik gabeko auto batean nola sartzen nauten? Abisatuko al diote nire familiari, ala galdezka ibili beharko dute non naukaten jakiteko? Eskubideak oro kenduko dizkidate? Jo egingo naute? Iraindu? Umiliatu? Torturatu? Bainera eta elektrodoak niri? Lehenago ere itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria ETAk bezala pentsatzen omen genuela eta. Ez litzateke, beraz, lehenengo bider.
Gauzak horrela baldin badira, zer egin behar dut nire pentsamendu hauekin? Pentsatzen dudana pentsatzeari utzi? Zein terapia kontratatu behar da errealitatea beste era batera ulertzen hasteko? Non dute salgai hori? Zein da bide egokia? Pentsatzen dudana ez argitaratzea? Pentsatzen dudana ezkutatzea? Disimulatzea, agian? Nire lana ez al da, bada, zutabe honetan neure iritzia ematea?
Arraioa, ez dago panorama erraz-erraza ni eta gutako askok pentsatzen dugun bezala pentsatzen ibiltzeko. Minbizi edo kantzer bat baino arriskugarriagoak dira gure pentsamenduak. Agian soluzioa pentsamenduen alde guztiak aitortzean dago. Aurkia eta ifrentzua aitatzea, Leon eta Castillo. Ez dakit. Badaezpada, egin dezagun.
ETAk borroka armatuan du itxaropena oraindik. Nik eta gutako askok ez. ETAk jendea hiltzen du. Nik eta gutako askok ez. ETAk bonbak jartzen ditu. Nik eta gutako askok ez. ETAK hau eta hura egiten du. Nik eta gutako askok, ez eta pentsatu ere…
Baina, zergatik bigarren parte hau gaurko zutabean? Ba al zegoen beharrik? Agian lehenengo parteagatik inork zigor ez nazan izango da, edo teknika periodistikoa erabiliz, politikoki zuzen gerta nadin. Ala biengatik.
Alde bateko eta bestekoen dena ala ezer ere ez honek itoko gaitu, azkenean, bi muturren artean bizi garenok.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071013

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Pentsamendu arriskutsu hauek.”-ri buruz

  • Zein gustura ari nintzen zure idatzia irakurtzen! iruditzen zait artikuluaren lehen partean idatzi duzuna ez dala behar beste eztabaidatzen, eta arazo larria dala, izan ere zuk diozun bezala, pentsamendu arriskutsuak direnez, hauetaz jarduteko beldurra barruraino sartuta dugula dirudi.
    Eta kaka zaharra! bigarren partea idatzi behar! zergatik ezin dugu lehengo ideia eman bigarrenarekin gure burua justifikatzen ibili beharrik gabe? eztabaida ezberdinak izanda, zergatik ezin ditugu bereiztu? badirudi ematen dugun edozein iritzi aintzat hartzeko lehengo beste hori aipatu behar dugula. Eta hori, ezin dut eraman…

  • Doro, zuk esaten duzuna sortzeko zen artikulua: alde bateko eta besteko “pakete osoa” irentsi beharrak itoko gaituela, alegia. Ondo segi.