Ortografia

Ortografia –

Ortografia

Hil honetan, martxoak 13 egun zituela, Akats Ortografikorik Gabeko Nazioarteko Eguna ospatu zen. Aukera aprobetxatuta, baten batek gaztigatu zigun ortografia asmakizun klasista dela. Ez genuke sobera harritu behar, gure inguru honetan jarriak baikaude horrelako adierazpenetara. Ez hain aspaldian, hatxeak tontoak eta listoak bereizteko balio duela azaldu zigun pentsalari heteredoxo batek euskara batuaren kontrako enegarren predikuan; eta bada, ergatiboa behar bezala erabiltzea elitista dela nabarmendu ondotik, euskara bastarta izeneko zerbait aldarrikatu duena, arrakasta handiz Twitterreko kritikaren eta publikoaren aldetik.

Bitxia da, baina, ortografiaren zorroztasun jasangaitza eta, oro har, hizkuntzaren arau zapaltzaile itogarriak salatzen dituztenak dira gero argot akademikoa txalotu edota erabiltzen dutenak, eta, idazten dutenak, adibidez, “marko materialista ez androzentrikotik, ‘sinbolikoa’ materialtasun guziaren dimentsio semiotikoa da beti”. Zeren aho batez onarturiko egia unibertsala baita unibertsitateko hizkera akademikoak bere arauak dituela, batere elitistak ez direnak, eta baten batek baldintza semiotikoak zertan egikaritzen diren ulertzen ez badu, bada, bere problema da; baina ikasle bati hatxea noiz paratu behar den eta noiz ez gogoratzeko eskatzea opresio onartezina da, eta iraultzailearen planta eginez, eskolaren gainean kaka gehiago botatzeko aukera paregabea.

Mundu honetan nartzisismo aski ez, eta batzuk jendeari erraten ari dira zailtasun oro beren kontrako konspirazio pertsonal baten ondorio dela. Ezker berria omen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 28koa]

Ortografia

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.