Oroitzapenak oroimin bihurtu zirenean

Oroitzapenak oroimin bihurtu zirenean –

Gogoratzen al zarete Alexandriako Liburutegiaz?

Oroitzapenak oroimin bihurtu zireneanAlexandriako Liburutegiaren suntsipena mendebaldeko zibilizazioaren misteriorik handienetako bat da. K.a. III. mendean sortu zela eta K.o. III. edo IV. mende inguruetan arrastorik gabe desagertu zela bakarrik dakigu. 900.000 liburu inguru izan zituela uste da, eta den-denak galdu ziren betirako. Hala dio historia ofizialak behintzat.

Teoria ez-ofizial eztabaidagarri baten arabera, beste liburutegi batean daude 900.000 liburu horiek. Milioika eta milioika aleko beste biblioteka ikaragarri batean, zehazki. Ez da oso ezaguna, baina Alexandriakoa baino askoz handiagoa eta zaharragoa da. Egunero ale berriak sartzen dira, eta baztertutako aleen zatiak aukeratzen dira ale berrietan txertatzeko. Teoria honek dio beste liburutegi honetan txertatu zirela Alexandriakotik pasa ziren liburu guztiak K.o. III eta IV. mendeetan zehar, pixkanaka. Askoz atzeragoko materialak ere sartu ziren bertan: orain dela 200.000 urteko Neanderthalenak adibidez. Beste asko eta asko ez ziren bildumako parte izatera iritsi eta betirako galdu ziren, mugak jarri behar baitira halako kolosalkeria kontrolpean izateko. Teknologia oso aurreratuei esker mantentzen da, polinukleotidoak eta kate-sistemak eta abar. Hau idazteko unean, 7.692.981.236 ale dauzka bere gordailuan.

Tira, “ale” esaten nabil baina biblioteka honetan ez zaie hala deitzen berez. “Gizaki” deitzen zaie.

 


303. logelako istorioaren harira, askok konpartitu dizkidate oroitzapenen inguruko euren hausnarketa, damu eta atakak, paper zahar batzuen patua bezalako txikikeria horietan gai potoloak baitaude bilduta, baiki: izaki hilkor eta iragankorrak izatearen kontzientzia eta ukapena, handinahikeria, zentzua, historia. Eta baita klase soziala ere. Hala dio Alana Portero idazleak:

“Burgesa izatearen abantaila askoren artean bat oroimenaren aukera da. Zure baldintza materialak pribilegiatuak badira, kontserbaziorako eskubidea duzu. Ez da hala izaten gerra garaian euren argazkiak eta guzti irentsi behar izan zituzten familietatik gatozenontzako, gaur egun geroz eta prekarioagoak diren ekonomietara moldatuz etxez etxe gure ondasunen zama garraiatzen dugunontzako” (iturria)

Historia irabazleek idazten dute, entzun izan dugu beti, eta agian horregatik nahi dugu besteon kontakizunak ere iraunaraztea, etorkizuneko historia berdintze aldera.

Edo agian, hamasei edo hamazazpi mende beranduago, oraindik minduta gaude Alexandriako Liburutegiaren galerarekin, trauma kolektibo hau belaunaldiz belaunaldi transmitituz jaso izan bagenu bezala. Horregatik Irak edo Siriako museoen arpilatzeak ikusteak min hori bera berpizten digu, eta gure oroitzapenen galeraren aukeran pentsatzean sentitzen duguna, min zahar hori bera da. Oroimina, alegia.

Bada, geure buruak lasaitzeko, pentsa dezagun Neanderthalen DNA gure gorputzetan den bezala, eta euskara gure ahoetan bizi den bezala, hala egingo dutela gauza benetan inportanteek; pentsa dezagun Alexandriako liburuak irakurri zituzten zorioneko gizakumeek transmitituko zituztela hango ezagutzak, katalogatu gabe bada ere bizirik iristeko geureganaino. Agian arrazoi zuen poeta hark eta gure oroitzapenek ez dute inongo porturik helburu, ur gainean doaz kulunka, uhainek eraginak, xederik gabe. Baina ez dira itsas hondoan ezabatzen.

Oroitzapenak oroimin bihurtu zirenean
Oroitzapenak oroimin bihurtu zirenean
303. logela, historia, Oroitzapenak oroimin bihurtu zirenean, trasmisioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude