Oroitzapen umelak…

 

Umelki datorkit bere irudia burura, umelki esan dut bai, baina umeltasun pozgarriz esan nahi nuen. Emoziozko negarrez, poztasun begirada piztuaz datorkit hain handia izan zen nire birramonaren oroitzapena.

Birramona eta birraitona ezagutzeko aukera eman dit bizitzak, haien bizi luzeez gozatzekoa, nahiz eta jada joanak diren, zoritxarrez.

Hamaika barrabaskeria egin nituen nik haien etxean, aitona-amonek  bilobei nahi duten guztia egiten uztearen ustea badago,  imajinatu birramona edo birraitona batek zenbat gauza egiten utzi dezaketen.

Oroitzen naiz behin, haien etxean ospatu zen bazkari familiar batetan kasurik egiten ez zidatela eta, egongelako hormako paper guztia puskatu niela. Iristen nintzen puntu gorenetik heldu eta behera harte “KRAUSK!” zati ederra kendu nion. Oroitzen dut, baita ere, horien erreakzioa, irriz eta barrez nigana hurbildu eta beraien atentzio guztia nigan jarri zuten, besterik gabe. Baina ene amak ez zuen modu horretan hartu barrabaskeria hori, oroitzen dut oroitu haren buru gainean sortu ziren laino, trumoi eta tximistak. Baina beno, baretu ziren etxearen jabeak barrez ikustean…Eskerrak!!!!

Oroitzen ditut, oroitu, birramonaen kontakizunak, bere ama hizkuntza eta hizkuntza bakarra zen euskara jator horretan. Ez zekien beste hizkuntzarik, ezta gure ingurua hainbeste kutsatu duen gaztelera ere, ingelerako hitz solte batzuk besterik ez, haren gizonak itsasoan ikasi eta hari irakatsiak. Beti kontatzen zigun hainbesteko lotsa eta buruko miña eman zion gertaera, ingelerako “son of a bitch” hitza ikasi eta, zer esan nahi zuen ere jakin gabe, edozein momentutan  mundu guztiari “sanababetx” deitzeko ohitura hartu zuenekoa, hain zuzen ere. Bere gizonak irakatsi zion, baina hark ere ez zekien zer esan nahi zuen, arrantza munduan asko esaten omen zen eta hark emazteari aipatu. Beti zeukan ahoan hitz hori ene birramonak, beti! Haserre zein alai zegoenean, hitz maitakor bezala ere erabiltzen baitzuen; “ai ene! zelako sanababetx politxa!” esaten zuela aitortu zigun jaio berri bat ikusten zuen bakoitzean, norbaitek hitz horren esanahia esan zion arte.

Haren hitzetan, bere bizitzako atsekaberik handiena izan zen hura. Oso emakume erlijiosoa zen eta badakizue nolakoak diren erlijiosoak mota horretako biraoekin. Hitz horren esanahaiz jabetu zenetik zenbat otoitz egin ote zuen emakumeak…

Zenbat barre egin ditugun “amuma Juli”rekin, ez zitzaion “bixauela” deitzerik gustatzen, guk hari horrela deitzeko denbora asko pasatu behar omen zela zioen, baina ez zen egun hori iritsi. Haren arima gazteak ekidin zuen hori gertatzea.

Zoritxarrez, ez nuen izan amuma Juli agurtzeko aukerarik izan, bere gizon Juanekin ez bezala. Oso zahar zegoen, 97 bat urte baitzituen, eta hura ikusiz gero inpresioa emango zidala esaten zidaten denek. Biana besteen hitzei kasurik ez egitea eta hura bisitatzera joatea erabaki nuenean beranduegi zen, jada joana baitzen gainontzeko “sanababetx”ekin batera, batek daki nora…

Beti izango dut sazi hori ene barnean…Baina beno, baita bere irudi alaia ere nire oroitzapen umeletan…

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara