Olentzerori gutuna*

Kaixo Olentzero;

Badakit nire herritik pasatu zarela dagoeneko (argitu beharra daukat Lekeition Olentzero eguna 23 gauean eta 24 goizean ospatzen dugula, bizitzaren misterioak…) baina ahaztu egin zitzaidan zuri gutuna idaztea. Dena dela, nik eskatuko dizudana ez da fisikoa, beraz ez duzu berriz ere Lekeitiotik pasatzeko beharrik izango. Badakit errepidea ez dela bat ere atsegina eta…

Denbora asko daramat zuri idatzi gabe, badakit. Ziurrenik ez zara nitaz oroitu ere egingo. Gutunetan opari zerrenda amaigabeak eta txisteak bidaltzen zizkizuna naiz, oroitzen?

Egia esan, egun batean zuregan sinesteari utzi nion, ezin dut ukatu. Nire klaseko haur  bat hurbildu eta zure papera gurasoek betetzen zutela esan zidan. “Baina nire gurasoetako bat Olentzero bada, nor da bestea?” pentsatzeari ekin nion, beraz, eta ez nuen erantzunik aurkitu nahiz eta gabonero izkutatu eta nire gurasoak zelatatu.

Haur horrek gezurra esan zidan…

Baina handik denbora batera ulertu nuen guztia. Olentzero, zu zeu, ipuin bat zarela ohartu nintzen, existitu bai zinela existitzen. Bizitzaren ezaugarri nagusia den bizitasuna dakarren pertsonaia horietako bat zarela. Gure egunerokoari ilusioa eta magia kutsu atsegin hori ematen dion zera.  Zer da bizitza, bada, ilusiorik gabe?

“Zergatik ez sinetsi ipun bat?”, galdetu nion neure buruari orduan. “Gure bizitza hedabideek zabaltzen dituzten hainbat ipuinetan (ilusiorik ekartzen ez dutenak, gainera) oinarritzen bada zergatik ez sinetsi Olentzeroren hau? Zergatik ez, baldin eta horrek zoriontsu izaten laguntzen badigu?”.

Beraz, urte honetan nahiko ondo portatu naizela esatera eta oparien zerrenda izendatzera natorkizu, zu bezalako ohitura bat galtzea, euskal ohitura gainera, pena bat litzatekeelako. Eta ze arraio! Nahiz eta 22 urte izan oraindik ere zure etorrerak tripako tximeletak hegan jartzen dizkidalako!

Abenduaren 23a iritsi baino hilabeteak arinago hasten naiz nire opariak zeintzuk izango direnaren ezinegonaz urdui jartzen, txikitan eskatzen nuena ekartzen baitzidazun, baina orain ez, orain sorpresa izaten da. Hare ilusio gehiago beraz.

Beno ba, hemen duzu  nire eskaria:

-Nire bizitzak den bezalakoa izaten jarraitzea baino ez dizut eskatuko, amaitzear dagoen urte honetan ezagutu ditudan pertsonek nire alboan jarraitzea, eta duela gutxi ezagutu dudan galtzear dagoen giza-espezie hori ezagutzen jarraitzea, eta ahal izanez gero, nire alboan denbora luzez egotea. Gainontzekoak bere horretan jarraitzea nahi dut, eta barkaidazu egun batean zugan sinestea utzi izana. Barkatu mesedez…

Besterik ez, Olentzero.

Gabon zoriontsu eta urte berri on bat opa dizkizut!

Datorren urtera arte!!!

Zorionak eta urte berri on guztioi!! 🙂

Olentzero, ardo botilakin
Daniel Olaizolari flickerretik hartua
bizitza, Gabonak, ilusioa, olentzero, urteberrion
Iraitz Madariaga

TXO !! - Kazetaria ikasketaz eta sare sozialetan espezializatua pasioz. Ez dut arrain gehiagorik izan, denak hiltzen zaizkit, orain jatera mugatzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude