Nork jarri du belardi hori hor?

Nork jarri du belardi hori hor? – 

Imajinatu etxe bat. Orain imajinatu etxe horretan 10 pertsona bizi direla. Etxe horretan iritziak askotirakoak izan daitezke gai asko mahai gainean jartzean. Etxe hori kudeatzeaz arduratzen den beste hamaikagarren pertsona bat dago kasu hipotetiko honetan. 10 pertsona horien bizi kalitatea bermatzeaz arduratzen dena. Ura ez da ondo irteten? erreparatu diezaiogun horri. Leihoak puskatuta daude? Konpondu ditzagun.

Nork jarri du belardi hori hor?

Iritzi anitzeko 10 pertsona horiek ados daude arazo horien irtenbidean. Erraza da egin beharrekoa. Hamaikagarren kudeatzaileak, ordea, ez du horrela ikusten. Lehioak puskatuta? Parean dorre handi bat eraikiko dut, leiho super polit eta esklusiboekin. Ura ez dela ondo irteten iturrietatik? Marina Dor moduko bat montatuko dut etxetxoaren inguruan, besterik gabe, hori ez eraikitzeari ezin zaio ezetz esan, mesedez.

Kudeatzaile kurioso hau gauza batez konturatu da. Hasierako lerrotako etxeak ez du ondo enkajatzen bere egitura berrian, gainera leihoak puskatuta ditu eta ura ez dabil. Ez da egokitzen egungo hiri ludiko honetara. Bota dezagun. Bertan bizi ziren 10 pertsona horiek joango dira beste nonbaitera, ondoko probintziara edo. Ez daitezela eskisito jarri mesedez haien herrian zahartu nahiaren tontakeria horrekin. Gainera, gure artean, eraikitzen ari garen hau ez zen haientzat, beraz joan daitezela lasai hemendik. Beno jarrai dezagun, etxea zegoen tokian Formula 1eko pista bat sortuko dugu, ondoan beste etxe zahar batzuk daude, bertan kriston hotela eraikiko dugu. Horrela txukunago. Honek beste itxura bat du. Benidorm jeloskor jarri dugu. Zer da hori? Gune berde bat? Natura? Kendu dezagun hori derepente, mesedez! 

Noski, hau guztia aprobetxatu behar da, imajinatu beste nonbait egiten dutela gurean ordez. Askok esango dute, leihoak eta urarena konpontzea errazagoa zen eta horrela bertako biztanleak ere pozik egongo lirateke, hori zen hasierako helburua behintzat. Baina jende horrek zer jakingo du hiri, auzo, etxe bat kudeatzeaz. Ez diegu jaramonik egingo. Ez ditugu kontuan hartuko. Laster ez dira hemen biziko, beraz lasai.

Hau guztia esan eta gero, imajinatu hiri bat. Ba hori.

 

Nork jarri du belardi hori hor?

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude